Balmasedako Udalaren 2024ko azaroaren 7ko Osoko Bilkuran aho batez onartutako Adierazpen Instituzionala osorik argitaratzen dugu:

1999an, duela mende laurden bat, Nazio Batuek azaroaren 25a “EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO EGUNA” izendatu zuten. Hori horrela, nazioarteko komunitateak bat egin zuen bi hamarkada lehenago Amerikako mugimendu feministek aukeratutako egunarekin, gogorarazteko

1960an Mirabal ahizpak Dominikar Errepublikan hil zituztela Leónidas

Trujilloren diktaduraren kontra egiteagatik.

Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gaitzesteko eguna da: indibidualak edo kolektiboak, eremu pribatuan eta familian edo espazio publikoan gertatzen direnak. Indarkeria mota hori ez da emakumeen arazoa soilik; gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriaren eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioaren adierazpen larriena da, eta giza eskubideen urraketa da.

Azken urteotan, gure ingurunean areagotu egin da emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria moduen aurrean gizartearen kontzientziazioa eta gaitzespena. Hala ere, ikusten ari gara emakumeen eskubideen aurrerapenen aurkako erreakzioak ere agertzen ari direla, eta indarkeria matxista ukatzen edo txikiagotzen duten diskurtsoak hedatzen ari direla; horregatik, hain zuzen ere, aurten erakundeok jarrera horietan jarri nahi dugu arreta. Diskurtso horiek eskuin muturreko indarrek Europa zein mundu mailan duten gorakadak adoretuta hedatzen ari dira. Emakumeen aurkako indarkeria hutsaldu egiten da, eta, are gehiago, berdintasunaren arloko eta indarkeria matxistaren aurkako lege-aldaketek gizonak biktima bihurtzen dituztelako ustea ere bultzatzen da. Ideia horiek mutil eta gizon gazteen eta adin ertaineko gizonen artean nagusitzen ari dira. Gazteek “indarkeriak ez du generorik”, berdintasun-politikak “urrunegi iritsi dira” eta antzeko mezuak jasotzen dituzte.

Negazionismo hori mundu-mailako arazoa da, eta Nazio Batuek ere ohartarazi dute berdintasunaren aurkako mehatxuek gora egin dutela eta misoginia gero eta normalizatuagoa dagoela, batez ere ingurune digitaletan.

Erakunde publikoek, eta udalok batez ere, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garen aldetik, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko zeregina jarri behar dugu gure jardunaren erdigunean. Balmasedan, 2024an, genero indarkeriari lotutako 8 salaketa erregistratu dira oraingoz, baina jakin badakigu ezagutzen ez ditugun kasu gehiago egon litezkeela.

Horregatik guztiagatik, BALMASEDAKO UDALAK, beste urte batzuetan egin duen moduan:

BERRETSI EGITEN DU emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen guztiak eta haien egiturazko zioak desagerrarazteko konpromisoa, bai eta indarkeria betikotzen duen normalizazioa deuseztatzekoa ere, bere eskumenen esparruan, behar diren bitarteko teknikoak, ekonomikoak eta politikoak abiarazita eta beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan eginda. Gainera, genero-ikuspegia aintzat hartu behar da politika publikoak garatzen direnean.

LAN EGINGO DU gure udalerrian emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo hutsaltzen duten diskurtso eta mezuei aurre egiten dien eta haiek indargabetzen dituen iritzi-giroa sortzeko.

ABIAN JARRIKO DITU gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak, batez ere mutilen artean, emakumeek, batez ere ingurune digitaletan, etengabe jasotzen dituzten berdintasunaren aurkako mezu misogino bortitzei aurre egiteko eta horiek desaktibatzeko. Horretarako, hezkuntza- erakundeekin batera lan egiteko bideak erabiliko dira, eskola-komunitateari zuzendutako prestakuntza-prozesuen sustapenaren bidez.

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak PRESTATUKO DITU; alde batetik barneko mailan, Udalean bertan, laneko jazarpen sexual eta sexistaren aurka egiteko, eta, bestetik, gure ingurunean gertatzen diren indarkeria matxistako gertaerei publikoki aurre egiteko.

Herritarrak ANIMATZEN DITU egun honetan ez ezik urte osoan zehar ere emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera, eta indarkeria edo diskriminazio agerraldi orori aurre egitera, indarkeria mota hau ukatzen, minimizatzen edo hutsaltzen duten diskurtsoak barne. Horrez gain, animatu nahi ditugu erakundeek zein mugimendu sozialek sustatzen dituzten ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.

Balmasedarrei GONBIT EGITEN DIE Balmasedan azaroaren 25ean, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESGARRERARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNEAN, antolatzen diren jarduera eta mobilizazioetan parte har dezaten.