
- > Castellano
Ahaztutako bidea edo Donejakue bide zaharra Balmasedatik igarotzen da, besteak beste. Mendi-ibilbide hori berreskuratzeaz arduratzen den elkartearen webgunean jasota dagoenaren arabera, Bilbon hasi eta Mena Harana, Bervedo, Espinosa de los Monteros eta beste zenbait tokitik igarotzen da, Leongo Villafranca del Bierzora iristen den arte, non Frantziako bidearekin bat egiten duen. Konpostelako Donejakuera iristen den bide hori askoz ere ezagunagoa da, eta jende gehiagok erabiltzen du
Donejakue Bide Zaharraren Lagunak elkarteak erromatarrek beren legioak eta salgaiak bertatik pasa zitezen eraikitako edo gutxienez konpondutako ibilbide horren balio historikoa azpimarratu nahi du. Ondoren, sarrazenoak, kristauen armadak eta tokiko zein atzerriko erromesak igaro ziren bertatik, mairuengandik ihes egiteko, eta galtzada zaharrak jarraituz Frantziara sartzeko.
Zenbat historia kontatu ahal izango lizkigukete toki horietako harriek! Bitxikeria historikoek paisaia ederrarekin egiten dute bat, bereziki udaberrian, eta inguru oso lasaiak direnez, biztanle gutxirekin, bertara hurbiltzen diren pertsonek asko gozatzen dute, bai naturaz, bai mendi-ibiliez.
Apirilaren 30ean, hainbat erromes igaroko dira Balmasedatik, elkarteak Villafranca del Bierzoraino prestatu duen bigarren etapan. Ibilbidea maiatzaren 19ra arte luzatuko da, eta 21 egunekoa izango da. Hona iristen direnean, gure udalerriaren historia hobeto ezagutu ahal izango dute udalak Alboan taldearen laguntzarekin prestatu duen bisita gidatuari esker.
Javier Maraña balmasedarrak lagatako bideo honen bidez, geuk ere ahaztutako bideko inguruen edertasuna ikusi ahal izango dugu. Eta zuzenean gozatzera animatzen diren pertsona guztientzat, horra hor erromesen bedeinkapena: Bide on!