
- > Castellano
Putxera hiru gorputzeko elementu bat da. La Robla (León) eta Bilbo lotzen zituen “El Hullero” treneko langileek sortu zuten; izan ere, treneko baliabideak (ikatza) aprobetxatzen zituzten gisatuak egiteko, treneko langileek zer jan izan zezaten bidaia luzeetan. “El Hullero” trenak zeharkatzen zuen eremu bakoitzean gisatu mota desberdin bat egiten zen, bertako barazkien, haragi motaren eta abarren arabera. Balmasedako eltzekari tipikoa babarrun nabarrarekin, babarrun beltzarekin edo Enkarterriko babarrunarekin egiten zen, beste txarkuteria-produktu batzuk ahaztu gabe, hala nola, txorizoa, odolkia eta hirugiharra.
Aurten Putxeren Nazioarteko XLVIII. Lehiaketa egingo da Balmasedan (lehenengoa 1971n izan zen). Lehiaketa hori gaur egun estatu osoan egiten diren ia 300 lehiaketetako zaharrena da.
Horrez gain, lehiaketa garrantzitsuena da, bai sari kopuruari bai ospeari dagokionez. Kontxako Bandera bezalakoa da, baina putxeraren edo treneko eltzekariaren arloan.
Lehiaketa urriaren 23an egiten da beti. Data ez da aldatzen; berdin dio zer egun den (esaterako, behin baino gehiagotan egin izan da hauteskunde-egunean). Aurten asteartea da. Urriaren 23a San Severino eguna da, Balmasedako zaindariaren eguna.
Lehiaketa herriko jaien barnean egiten da, baina jaiak aurreko asteburuan eta hurrengoan ere ospatzen dira, askotariko ekintzekin. 200 putxera inguruk hartzen dute parte, baina kalkulatzen da egun horretan 500 putxera inguru egiten direla Balmasedan, kuadrillan eta familian jateko. Jatetxeek ere ematen dute jaki eder hori probatzeko aukera (jende asko izaten dute), baina, horrez gain, Udalak eta Hostebalek (Balmasedako Ostalaritza Elkartea) karpa bat jartzen dute, putxera tradizionalak merkeago probatu ahal izateko.
Iazko San Severino egunean (2017an) Putxeraren-Treneko Eltzekariaren Kofradia sortu zen Balmasedan, eta aurten, lehen aldiz, kofradia hori arduratuko da gastronomia-lehiaketa antolatzeaz.
Aurreko igandean, irailaren 30ean, Putxeraren Kofradiak bere lehen kapitulua ospatu zuen beste 20 kofradiarekin, denak FECOGAko (Kofradia Gastronomikoen Federazioa) kideak.
https://www.fecoga.com/eventos/detalle/noticia/i-capitulo-cofradia-putxera-de-balmaseda/
Putxeren lehiaketan hainbat aldaketa egin dira:
o Mugatu egin da lehiaketara aurkez daitezkeen putxeren kopurua: parte-hartzaile bakoitzak izen-emate bakarra
egin dezake eta gehienez bi putxera aurkez ditzake lehiaketara.
o Epaimahaiaren zuzendaria: Putxeraren Kofradia
Koordinatzaile nagusia: José Mª Aguirre (La Roca del Fraile jatetxea)
o Orain arte epaimahai orokor bat zegoen, baina aurten zatitu egin da.
- Hasteko, bi epaimahaikidek ikusizko balorazioa egingo dute. Ikusizko balorazioa putxeraren eltzean egingo da, karkasa kenduta. Aurkezpenagatik 0 eta 5 puntu artean emango dira, eta bi epaimahaikidek emango dituzte puntuak. Guztira: 10 puntu
- Ondoren, egosketa-puntuaren eta zaporearen balorazioa egingo da. Itsu-itsuan egingo dute lau epaimahaikidek, portzelanazko plater zuri batean. 0 eta 10 puntu artean emango dira bai zaporeagatik bai egosketa-puntuagatik. Guztira: 80 puntu
- Hirugarrenik, gonbidatu bereziaren dastaketa egingo da. Gonbidatu berezi batek putxerarik onenen azken dastaketa bat egingo du, eta 0tik 10era puntuatuko ditu, plateraren sukaldaritzako alderdi guztiak aintzat hartuta (itxura, egosketa-puntua eta zaporea). Guztira: 10 puntu
- GEHIENEKO PUNTUAZIOA GUZTIRA: 100 puntu
o Sariak:
- Sariak areagotu dira; zehazki, 10etik 24ra, 3 tokiko sari barne (Balmasedan erroldatuta daudenentzat).
- Saria emango zaio pertsona bakoitzak aurkeztutako bi putxeren artean sailkapen onena lortu duenari (bi putxerek saria badute, adibidez, 3. eta 8. sariak, hirugarrena emango da bakarrik). Horrez gain, aurkeztutako bi putxeren erregulartasuna saritzeko, Putxera Sukaldari Nagusia saria sortu da. Horrekin batera, lehiaketarako bereziki diseinatutako sukaldari-jakatxo bat emango da.
- Lor daitekeen saririk handiena 1.350 €-koa da, gehi estrak (produktuak, bidaiak…).
o Sare sozialetako sari berezia. Antolatzaileek parte hartzeko modalitate berri bat abiaraziko dute, putxera erabiltzen duten eta lehiaketa gastronomikoan parte hartu nahi ez duten Balmasedako herritar guztiak saritzeko. Gaitutako sare sozialak erabilita bere putxeraren argazkia bidaltzen duten balmasedar guztiak hainbat sari interesgarriren zozketan sartuko dira.
o Sari berezia nazioarteko putxerari. Antolatzaileek gure hiribilduan asteburua pasatzeko bi pertsonentzako bidaia zozkatuko dute San Severino egunean Balmaseda ez den munduko edozein txokotatik putxera bat prestatzen grabatutako bideo bat bidaltzen dutenen artean. Hau sartuko da sarian: bi pertsonentzako egonaldia, ostatu eta gosariarekin; putxeren dastaketa eta bisita gidatua Balmasedan barrena.
o Urrezko, zilarrezko eta brontzezko ohiko kopei, ospe handiko artista batek diseinatutako garaikur artistikoak gehituko zaizkio. Artista horrek modu anonimoan kolaboratu nahi izan du. 4. eta 10. lekuen artean sailkatutakoek Kadagua ibaiko harriekin eginiko garaikurrak jasoko dituzte. Harriak eskuz landu dira, putxera forma emateko. 11. eta 20. sailkatuen artean, berriz, behi-adarrekin eta metalarekin eginiko estatuak banatuko dira, Balmasedako Zubi Zaharraren formarekin.
o Puntuazioak eta sailkapenak zuzenean jarraitu ahal izango dira sare sozialen eta ekitaldiaren agertokian bertan instalatuko den pantaila baten bidez.
Lehiaketan zehar, Putxeraren-Treneko Eltzekariaren Kofradiak sari berezi hauek emango ditu:
o Erakundeen arteko Ohorezko Kofradea: Guggenheim Bilbao museoari.
o Banakako Ohorezko Kofradea: sukaldari ospetsu bati; lehiaketaren egunean bertan jakinaraziko da.
o Kofradiak aipamena egingo die beren ekarpen bereziagatik Jose Antonio Bastegieta “Marko”-ri eta Kepa
Landari (aurreko edizioetako epaimahaiko eta antolakuntzako arduradunak).