Joan den abenduaren 4ko osoko bilkuran onetsi zuten behin-behinean 10 milioitik gorako aurrekontua 2026rako, % 5,05eko igoerarekin aurreko urtearen aldean

Balmasedako Udalak 10.029.408 euroko aurrekontua onetsi du 2026rako, hau da, % 5,05eko igoera egon da aurreko ekitaldiaren aldean. Dokumentuak diru-sarrera eta gastuen arteko orekari eusten dio, eta Udalaren inbertsio-gaitasuna indartu du proiektu garrantzitsuak egikaritzeko espazio publikoetan, ondarearen arloan eta udal-ekipamenduetan, besteak beste pilotalekuko haur-parkea estali eta erreformatzea.

Diru-sarreren atalean, aurrekontuak izoztuta mantendu ditu udal-zerga eta -tasa guztiak, 2026rako ordenantzen aurkezpenean azaldu zuten moduan. Diru-bilketak handitzeko aurreikuspena ez dagokie igoerei, baizik eta 2025ean jarduera handiagoa erregistratu izanari —bereziki gainbalioetan eta eraikuntza-zergan—, baita kiroldegiko erabiltzaileak areagotu izanari eta enpresa hornitzaileekin lotutako tasen kudeaketa hobetu izanari.

Inbertsioen atalean 754.500 euro daude, 2025ean baino % 19,29 gehiago, eta jarduketak jaso ditu espazio publikoetan, ondarean, mugikortasunean eta udal-ekipamenduetan. Inbertsio nagusia izango da pilotalekuko haur-parkea estali eta erreformatzea, 200.000 euroko zuzkidurarekin: jarduketak espazioa estaliko du, zoladura berrituko du eta jolas-elementuak hobetuko ditu, urte osoan zehar erabiltzeko. Pump Track delakoa ere eraikiko dute, 2022ko aurrekontu parte-hartzaileetan aukeratu ondoren, 70.000 euroko zuzkidurarekin, bizikleta, patinete eta skate-taulentzako zirkuitu bat ipintzeko.

Jarduketa horiez gain, Udalak 70.000 euro erabiliko ditu hiltegi zaharra erreformatzeko, udal‑higiezin horren egokitzapen-lanekin jarraitzeko. 45.000 euro erabiliko dituzte Gazteluko Muinoaren balioa azpimarratzeko , 2026rako aurreikusitako lanekin aurrera jarraitzeko. Aurrekontuak, halaber, 62.000 euroko zenbatekoa jasotzen du azokaren erosketaren hirugarren ordainketa egiteko, udal-eraikin hori erosteko akordioarekin bat. Gainera, 100.000 euro bideratuko dituzte bide-inbertsioetara, udal-barrutiaren hainbat eremutan aurreikusitako hobekuntzekin jarraitzeko.

Aurrekontuak, gainera, 50.000 gorde ditu herritarrek aukeratutako proiektuak egikaritzeko, prozesu parte-hartzaile baten bidez, bizilagunen erabakitzeko ahalmena indartzeko asmoarekin.

Alkateak, Alfonso San Vicente jaunak, honako hau adierazi du: “aurrekontuak udalerriaren egungo premiei erantzuten die. Haren xedea da Balmasedako biztanleen bizitza hobetzea. Inbertsio publikoa indartzen du, eskari historikoei erantzuten die eta jarraipena ematen die urteak geldi zeramatzaten proiektuei. Gure konpromisoa argia da: kudeaketa arduratsua eta gardena, Balmaseda eroso eta irisgarriago bat eraikitzeko, aukera gehiagorekin.

Inbertsio berri horiei 1.073.700 gehitu behar zaizkie, aurreko ekitaldietan kreditua jaso zuten eta 2026an egikaritu behar diren proiektuenak, horien artean 339.000 euro basoak berritzeko, 380.000 euro etorkizuneko igerilekuen proiektua lizitatzeko, 170.000 euro Gazteluko Muinoko jarduketetarako, 100.000 euro Santo Domingoko igogailuaren proiekturako eta 84.700 euro Udalaren saneamendu-inbentariorako.

Udal-gastuari dagokionez, aurrekontuak Udalaren funtzionamendu-arloen arteko ohiko banaketa islatzen du. Langileen gastuak 3.843.999,72 eurokoak dira, % 4ko soldata-eguneraketaren eta gizarte-aseguruak igo izanaren ondorioz. Ondasun eta zerbitzuen arloan 4.124.566,28 euro jaso dira, lizitazio berriekin —bereziki garbiketa eta lorezaintzan— eta kiroldegiaren kudeaketa hobetzearekin lotuta. Transferentzia korronteak 1.292.842 euroak dira, eta hitzarmen, dirulaguntza eta akordioak sinatu dira kirol-, hezkuntza-, kultura- eta gizarte-erakundeekin.