
- > Castellano
Azken osoko bilkuran, Galtzadako trenbide-pasagunea kentzeko aukera emango duen erabakia hartu genuen, EAJ/PNV eta PSEren aldeko botoekin eta CLI eta EHBilduren abstentzioekin. Balmasedako tren-ibilbideko puntu beltzetako bat da; beraz, nire iritziz, hasierako dokumentua onestea (ibilbide-separata) oso garrantzitsua da.
Kontuari testuingurua jartzeko, lehenik, adierazi behar da trenbide-pasagune horrek kezka handia sortzen duela Balmaseda BHIaren inguruan (gurasoak, ikasleak eta irakasleak), eta proposamen honek konpondu egingo luke kezka hori. Institutura doazen Balmasedako ikasleen erdiak sartzen dira egunero Galtzadako trenbide-pasagunetik, eta egun dagoen disuasio-elementu bakarra kartel hau da: “Adi: tren baten ondoren beste bat etor daiteke”.
Saltacaballos auzoko bizilagunei ere eragiten die, auzora oinez sartzean.
Arazo horretaz jabetuta, gai hau beti egon da Adifekin konpondu beharreko kontuen agendan.
2015ean, idazki bat bidali zion Alkatetzak Adifen mantentze-buruzagitzari. Bertan, Saltacaballosko bizilagunen eskari batetik abiatuta, hobekuntzak eskatzen zizkion trenbide-pasagunean. Adifek ez zion erantzun gutunari; beraz, 2018ko martxoan, berriz bidali zitzaion Adifen Ohiko Sarearen Zuzendaritza Exekutiboari, Trenbide-pasaguneen Zuzendaritzari, zehazki. Bestalde, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onesteko negoziazioetan, administrazio zentraleko gobernuek EAJ/PNVrekin izandakoetan, mahai gainean egon da kontu hau eta trenbidearen ibilbideko Balmasedako zatiaren beste zenbait kontu.
Negoziazio horien emaitza izan zen Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorretan hiru partida hauek egotea:
- Proiektua: (Berria) Trenbidea Balmasedan integratzeko azterketa informatiboa.. 2018ko zenbatekoa: 100,00 (mila €).
- Kontzeptua: Trenbidea Integratzea Balmasedan. Zenbatekoa: 650,00 (mila €).
- Kontzeptua: Galtzadako trenbide-pasagunea kentzea (SPN) Balmasedan. Zenbatekoa: 420,00 (mila €).
Argitalpen horren ondotik, gai horiek etengabe landu dira, eta, aurtengo irailean, Adifen trenbide-pasaguneak kentzeko buruzagitza Udalarekin harremanetan jarri zen, trenbide-pasagunea kentzeko prozedura eta aztertutako alternatiba teknikoa azaltzeko.
Alternatiba tekniko hori joan den abenduaren 3an sartu zen Udalean, eta oinezkoentzako konponbide bat proposatzen du: pasabide bat jartzea trenbideen hondartzaren gainean, 2 m libreko zabalerarekin, galibo bertikal bat izango duena trenbidearen gainean, gutxienez 6,5 m-koa. Erabakitako konponbidearen justifikazioan, irisgarritasun-araudia betetzeari (gehienez ere % 6ko maldako arrapalak) eta genero-ikuspegiari egiten zaie erreferentzia, beheko pasabidea albo batera utzita.
Nabarmendu behar da agiriaren aurrekarietan aipatzen dela 10 istripu zenbatu direla azken urteetan.
Espero dugu Adifek proiektua idazten jarri duen adinako arreta jarriko duela pasabide goratua egiten. Adi egongo gara hala izan dadin, eta ahalik eta lasterrena ikus dezagun eginda.
Álvaro Parro
Balmasedako alkatea