Otsailak 11, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna hurbil dagoela eta, Balmasedako emakume zientzialari batzuk ezagutzera eman nahi ditugu; hortaz, ostegunero elkarrizketa bat argitaratuko dugu blog honetan, test modura, zer egiten duten eta horrek gizartean zer nolako eragina duen ezagutzeko.

Elkarrizketa horietan lehena Aintzane Olartekoetxea Alavari egindakoa da.

 

-Izena, adina eta zure jardunaren STEAM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) diziplina: 

Aintzane Olartekoetxea, Araba, 39 urte (40 apirilean). Ingeniari teknikoa naiz Kudeaketa Informatikan eta goi-mailako ingeniaria Industria Antolamenduan.

DOMINION

-Gaur egun, zertan ari zara lanean edo zer ari zara ikertzen?

Duela sei urtetik DOMINION taldea banatu ostean sortu zen DOMINION Green-eko Segurtasun, Kalitate eta Ingurumen arloko arduraduna naiz. Sorkuntza berriztagarriko fabrikak garatu, diseinatu eta abian jarri, eta mantentzen ditugu. Biomasa‑fabrika bat dugu Argentinan eta zenbait instalazio fotovoltaiko Dominikar Errepublikan eta Espainian, eta laster Italian.

Gure proiektuak egin ahal izateko, gizarte‑ eta ingurumen‑inpaktuaren azterketa bat egiten dugu, eta azterketa horri jarraipena eman behar izaten diogu fabrikak eraiki eta abiarazteko faseetan. Horretarako, arriskuak arintzeko programak, ekintza‑planak eta aginte‑taulen eta adierazleen jarraipena egiteko planak egin behar ditugu, horiek behar bezala inplementatzen direla ziurtatzeko. Nire lanpostua dela eta, landan ditugun teknikariekin lankidetzan aritzen naiz, proiektu eta fabriketan taldearen segurtasun-gidalerroak ezar daitezen eta gure proiektuekin lotura duten interes taldeentzat eskatzen diren politikak eta ekintza‑planak bete daitezen. Adierazleen zaintza‑ eta monitorizazio‑planak definitzen aritzen naiz, proiektuen ikuskapenak egiten…

-Zertarako balio du egiten duzunak?

Zorionez gizarte‑ eta ingurumen‑kontzientzia gero eta handiagoa den mundu honetan, lehentasunezkoa da gure jarduerak ahalik eta inpaktu txikiena eragitea eta ahalik eta jasangarriena izatea. Gure proiektuek lagundu egiten dute karbono-aztarna murrizten, energia garbia sortzen baitugu, baina pausu bat haratago eman behar dugu.

Horregatik, ingurumena zaintzeko eta bertako ekosistemak errespetatzeko kontzientzia hain handia ez duten herrialdeetan, gure zeregina funtsezkoa da, ez bakarrik garapen ekonomikoari lagundu eta kalitate energetikoa hobetzen duten proiektu garrantzitsuak gauzatzeko, baita jasangarritasunaren arloan garapen kulturalari laguntzen dioten lan-ildoak ezartzeko ere. DOMINION Greenen bidez ematen dugun laguntzarekin, gure proiektuak egiten ditugun komunitateetan herrialde horiei kontzientziatzen eta aurrera egiten laguntzen diegu. Gainera, beren herrialdeetako berezko baliabide naturalei esker energia garbia lortzen laguntzen diegu.

 -Zure ikuspuntuaren arabera, zergatik dira hain garrantzitsuak STEAM arloak?

Nire ustez, STEAM arloak gakoa dira gizartea garatzeko; horrelako diziplinei esker, gaur egun egunero erabiltzen ditugun gauza asko ditugu. Ikerketarik gabe edo zientziarik gabe ez genituzkeen gaur egun ditugun eta gure bizi-kalitatea hobetu duten gauza asko izango.

 -Nola animatuko zenituzke belaunaldi berriak izango diren neskatoak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta/edo matematiken munduan sartzera?

Gaur egun oraindik oso barneratuta dago lanbide karrera teknikoenak gizonen kontua direla, eta uste dut kontzeptu-akatsa dela edozein lanari generoa esleitzea. Gizonek eta emakumeok, elkartuz gero oso onuragarriak diren gaitasun ezberdinak ditugu, eta elkarren osagarri apartak dira. Hori dela eta, gustatuko litzaidake diziplina horien gaineko interesa duten neskatoei aurrera egitera animatzea, zeren, nahiz eta aurkakoa pentsatu, gero eta emakume gehiago gaude sektore honetan, eta, gainera, uste dut, nahiz eta gustatuko litzaidakeen baino zailagoa den, gero eta aukera gehiago ditugula lanaren arloan garatzeko, gizonek bezala. Arlo horretan baikorra naiz, eta, nahiz eta asko dagoen egiteko, uste dut azken urteotan bide onetik aurrera egin dugula.

Bestalde, uste dut ekimen hauek oso garrantzitsuak direla; izan ere, neskato eta mutilek, hazten diren inguruaren arabera, ez dituzte horrelako arloak ezagutzen, eta interesa piztu dezaketen diziplina horietan lan egiten duten pertsonak ezagutzea funtsezkoa da egingarria dela ikus dezaten.