Joan den azaroaren 4an Balmasedako Osoko Bilkuran Azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionala aurkeztu zen, eta jarraian osorik argitaratzen dugu. Ordezkaritza duten talde politiko guztiek baiezko botoa eman zuten:
Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, euskal udalok gogoeta bat helarazi nahi diogu herritarrei, gizarte gisa interpelatzen gaituen gogoeta bat, hain zuzen ere. Giza eskubideen urraketa honek guztioi eragiten digu. Indarkeria hori desagerrarazteko, erakundeen eta gizarte-erakundeen konpromisoa ez ezik, gure komunitatea osatzen dugun pertsona bakoitzaren konpromisoa ere beharrezkoa da.
Horregatik, azaroaren 25 honetan, gaitzespen hutsetik harago joateko eta errealitate honen aurrean bakoitzak zer eginkizun duen galdetzeko deia egiten dugu. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean edo emakume bat iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dutela ikusten dugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo indarkeria normalizatzeak desberdintasuna eta indarkeria betikotzen laguntzen dutenean? Eta non gaude sare sozialen bidez mezu eta irudi misoginoak iristen zaizkigunean?
Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko, eguneroko inplikazio aktiboa behar da. Ez da nahikoa indarkeria hori agerikoa denean gaitzespena adieraztea. Azken urteotan aurrerapausoak eman badira ere eta kontzientziazioa handitu bada ere, indarkeria matxista ukatzen edo gutxiesten duten diskurtsoak ere zabaltzen ari direla ikusten dugu.
Beharrezkoa da eguneroko inplikazio aktiboa izatea, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatuz; diskurtso misogino eta ukatzaileen aurrean isiltasuna hautsiz; biktimei lagunduz; eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen lagunduz. Ezin gara neutralak izan, erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere ondorioak baititu.
Udalok, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak garen aldetik, gure udalerrietako bizilagun guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen aurrean jarduteko.
Horregatik guztiagatik, aurreko urteetan bezala, BALMASEDAKO UDALAK:
BERRESTEN DU emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen guztiak eta horien egiturazko arrazoiak desagerrarazteko konpromisoa, eta, horretarako, bere eskumenen esparruan beharrezko neurriak hartuko ditu. Ildo horretan, aurten, erakundearen barruan, honako hauek jarriko dira abian: “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehen barne-plana (2026-2030)” eta “Lan-eremuan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko protokoloa”.
GARATUKO DITU herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak, indarkeria matxistaren adierazpen guztiei aurre egiteko eta indarkeria hori ukatzen duten diskurtsoei aurka egiteko. Bereziki, haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatuko ditu, berdintasunean oinarritutako hezkuntza sustatzeko eta indarkeria prebenitzeko.
BIDERATUKO DITU herritarrek indarkeria matxistako kasuen inguruan aurkezten dituzten salaketak eta alertak, egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzeko.
ANTOLATUKO DITU indarkeria matxistako egoeren aurrean erantzun publikoa emateko eta herritarrak mobilizatzeko mekanismoak. Era berean, herritarren sareak aktibatuko ditu, indarkeriari aurre egiteko, biktimak hautemateko eta haiei laguntzeko. Horretarako, tokiko emakumeen elkarteei eta elkarte feministei laguntza emango die, babes-ekintza horiek garatu ditzaten.
GONBIDAPENA EGITEN DIE herritar guztiei urrats bat aurrera egiteko: indarkeria matxista jasaten dutenei entzun, lagundu eta babesteko; axolagabe ez geratzeko; emakumeen aurkako edozein indarkeria mota prebenitzeko eta borrokatzeko; jarrera argia hartzeko eta konponbidearen parte izateko.
GONBIDATZEN DITU Balmasedako emakume eta gizon guztiak azaroaren 25a dela eta erakunde publikoek zein gizarte-mugimenduek antolatutako jarduera eta mobilizazioetan parte hartzera, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA dela eta.