Udalak Balmasedan gertatutako ustezko genero-indarkeriako ekintza batzuen berri izan duenez, Udala osatzen dugun talde politikoek indarkeria matxistako edozein ekintzaren aurrean gure gaitzespena eta errefusa adierazi nahi dugu. Udala guztiz konprometituta dago emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpen eta egiturazko kausa desagerrarazteko, bai eta horiek iraunarazten dituen normalizazioa desagerrarazteko ere. Hori dela eta, erasoei gure ezezko irmoa ematen diegula adierazi nahi dugu publikoki, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketa besterik ez baitira.
Gizarte honetako gaitz hori desagerrarazteko gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu dugu. Hori dela eta, genero-ikuspegia kontuan hartzen duten politika publikoak garatzen jarraituko dugu eta bestelako erakunde eta administrazioekin, gizarte-eragileekin, emakumeen elkarteekin eta kolektibo feministekin elkarlanean jarraituko dugu.
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak are gehiago zuzentzen jarraituko dugu, berdintasunaren eta sentsibilizazioaren arloko prestakuntza sustatzeko. Beharrezkoak diren baliabide guztiak zuzentzen ditugu herritar guztiei, eta batez ere emakumeei, emakumeen aurkako indarkeriak eragiten duen gizarte-arazoari aurre egiteko ditugun baliabide eta zerbitzu publikoen berri emateko.
Halaber, herritarrak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzera deitzen ditugu. Batez ere, edozein indarkeria edo diskriminazio-adierazpen gaitzesteari dagokionez, eta erakundeek nahiz gizarte-mugimenduek sustatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu.