
- > Castellano
Irati Santos Inoriza eta Laura Peña kultura-proiektu bat egin duten bi balmasedar dira eta egitasmo horrek gure herrian eta eskualde osoan sormen-iraultza bat sortuko du ziur. Ekimena Bapore Atelier deitzen da eta bitartekotza egin nahi du, Balmasedatik hasita, Enkarterri osoko herritarren eta egungo sormen-komunitatearen artean. Elkarte horren bidez, egungo artistak eta sortzaileak Kadaguako igarobidera hurbildu nahi dira, Horkasitas Jauregian utzitako eremu batean. Horrela, artistek beren sormen-proiektuak garatzeko eremu ikaragarria izango dute eta Enkarterriko herritarrek artelanen sormen-garapena ikusi ahal izango dute. Horri esker, Horkasitasen lanean egongo diren artistak gure komunitatearekin lotuko ditugu, eta, horrez gain, hitzaldiak, tailerrak eta mintegiak antolatuko dira, herritarrak arte eta sormen garaikidera hurbiltzeko.
Halaber, Bapore Atelierrek sormen garaikidea bultzatu, zaindu eta sustatzen ari diren beste euskal udalerrien pare jarri nahi du Balmaseda; berez, frogatuta dago sormenak gizartearen garapenerako duen garrantzi handia. Izan ere, ez al gara bizi beste batzuek imajinatutako mundu batean?
Bapore Atelier Horkasitas Jauregian irekitzekoa zen pasa den martxoan, baina osasun-alarmaren egoera dela-eta atzeratu behar izan zen. Edonola ere, ekainaren 11n, azkenik, ekimenaren proposamenez gozatzen hasi ahal izan dugu. Gaur egungo egoera dela eta, ezin izan dugu inaugurazio-ekitaldirik egin. Hala ere, aretoa irekita egongo dela ospatu dezakegu; izan ere, oraingoz, abuztuaren 30era arte egongo da zabalik, beharrezko segurtasun-neurri guztiekin.
Proposamen artistikoa
Udaberri eta udara honetarako hautatutako gaia “Horma pintura Bizkaian” da. Hori izango da arte garaikideko piezak sortzeko detonagailu gisa erabiliko dugun ardatza. Aipatutako gaiaren eta Leire Lacunza, Usoa Fullaondo eta Imanol Zubiauzek (egungo artearen hiru harribitxi gazte) osatutako sormen-lanen arteko loturek hurbiltze-dinamika pedagogikoak katalizatuko dituzte sormen-dimentsioaren eta gure eskualdearen komunitatearen artean.
Era berean, Natxo Etxebarria Otañesen atzera begirako erakusketa bat izango dugu. Horretan, aipatutako artistaren munduaren zatitxo bat ikusi ahal izango dugu; Etxebarria oso sustraituta dago Balmaseda jaioterrian, baita gure eskualdeko historia eta ohituretan ere. Erakusketan, margolariak betikotu nahi izan dituen pertsona garrantzitsuak, liluratu zuten paisaiak edo txoko kutunak ikusiko ditugu. Etxebarriak 2. saria jaso zuen ”La mina. Su mundo y su paisaje” lehiaketa nazionalean 1991. urtean eta Balmasedako Kaleko Pintura Lehiaketan saritua izan da sei aldiz. Berak egindako margolanak Alemania edo Kanadako bilduma pribatuetara ere iritsi dira eta bere bihotzeko herria nazioartean ezagutarazi du.
Beste datu batzuk
Ordutegia:
ostegun eta ostiralak, 17:00etatik 20:00etara /
Larunbatak, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara /
Igandeak, 11:00etatik 14:00etara.
Bapore Atelierri buruz gehiago jakiteko, jarraitu Facebooken edo Instagramen. Gainera, egingo diren jarduera berrien informazioa eskainiko da Horkasitas Jauregiaren ate nagusian jarriko diren karteletan.