
- > Castellano
2013tik, errege dekretu baten ondorioz, lokal edo etxebizitza bat alokatu edo saldu nahi badugu, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria egitera behartuta gaude. Dekretu horrek Europa Batasunaren argibideak jarraitzen ditu eta, nolabait, bidea zabaltzen du gero eta energia gutxiago xahutze aldera eta eraginkortasun gehiago lortze aldera, konfort-estandarrak galdu gabe.
Lokalen eta etxebizitzen jabeak, bai higiezin zahar batenak bai estreinako batenak, teknikari bati kontratatu beharko diote ziurtagiria. Dokumentu horretan neurtuko da zenbat energia kontsumitzen den barruan ondo egon gaitezen, hau da, zenbat energia behar dugun neguan beroa izan dezagun, udan fresko egon gaitezen, espazioak ondo argitu ditzagun edota ura modu egokian berotu dezagun. Energia gutxi behar izaten bada edo energia berdea sortzeko gailuak erabiltzen baditugu, teknikariak emaitza ona ziurtatuko du bere agirian. Aldiz, higiezinak energia kopuru handia gastatzen badu konfort egoeran egoteko, emaitza txarra jarriko digu dokumentuan. Beraz, gure etxebizitza alokatu edo erosi nahi duenak beste elementu bat izango du erabaki garrantzi hori gauzatu dezan.
Teknikariek elementu asko neurtuko dituzte. Besteak beste, hormen ezaugarriak, leihoen neurriak, beiren konposizioa, berogailuen kontsumoa, eraikinaren orientazioa, eta abar. Datu guztiak programa informatiko homologatu batean sartuko dituzte eta kalifikazioa emango dute A eta G letren arteko baten bidez. A kalifikazioak esan nahi du gure eraikina oso eraginkorra dela eta ia energia kontsumitu gabe ibiltzen dela. G emaitzak, aldiz, esaten digu higiezinak energia gehiegi gastatzen duela konfort-estandarrak lortzeko.
Dena den, ziurtagiriek ez dute kalifikazioa bakarrik ematen; aitzitik, gomendioak ere eskaintzen dizkigute. Profesionalek agirian energia aurrezte aldera neurri batzuk proposatuko dizkigute; adibidez, hormen isolamendua handituz edota berogailua berrituz. Aholku horien bidez, Europar Batasuneko xedea gauzatuko dugu, zero energiako eraikinak diseinatzen edo zaharrak modu eraginkorrean berreraikitzen.
Iñaki Estefanía