
- > Castellano
Peña de Fondo Cantabria elkarteko korrikalari Diego Cuadrado izan zen garaile absolutua Balmaseda-Zalla-Balmaseda probaren aurtengo edizioko gizonezkoen kategorian. Gainera, probako marka hautsi ere egin zuen. Emakumezkoen kategorian, Orcajo Trail taldeko Bego Usabiaga atleta izan zen garaile.
Kategoria absolutuan, 500 korrikalari inguruk hartu zuten parte atletismo herrikoiaren goizeko proba bikain honetan. Hain zuzen, atletek 14 kilometroko zirkuitu ederra egin zuten. Proba Kon Challege ekimenaren barnean sartzen da, 2017. urtean zehar egin diren beste hiru lasterketarekin batera.
Hasiera-hasieratik Diego Cuadradok erritmo bizia ezarri zuen lasterketaren buruan, eta ibilbidearen erdialdetik aurrera bakarrik geratu zen, gainerakoekiko distantzia gero eta handiagoarekin. Helmugara alde handiarekin iritsi zen, 46:11ko denbora bikainean, probaren marka absolutua hautsiz. Harekin batera izan ziren gizonezkoen podiumean Raul Gandara (Evotec) eta Koldo Ayesta.
Emakumezkoen kategorian, Bego Usabiaga (Orcajo Trail) izan zen irabazlea. Hasieratik urrundu zen lehiakideengandik eta 57:19ko denbora bikainarekin amaitu zuen proba. Bigarrena Isabel Sixto (Kukurrustu) izan zen eta hirugarrena Ana Ureta. Aipatzekoa da Jesus Angel García Bragado ibiltari olinpikoak ere parte hartu zuela.
Proba hau hobetzen ari da urtez urte; giro itzela egoten da eta markak hausten ari da, ez kronometroari dagokionez bakarrik, baita parte-hartzeari dagokionez ere.
Horrez gain, 300 haurrek ere parte hartu zuten haientzako lasterketan, Balmasedan kirol-giroa zabalduz goiz osoan.