
- > Castellano
Gaur, azaroak 25, urtero bezala, gure egutegietan morez markatutako eguna dugu. Edozein egunetan (guztion begietan), beste kolore bat baino ez dena, gaur kolore garrantzitsuena bihurtzen da, emakumeen kolorea izateaz gain, hauen kontrako indarkeriaren adierazle nagusi bezala jarduten duelako, egoera hau salatzen laguntzen diguna, hain zuzen.
Edozein indarkeria mota bezala, emakumeenganako indarkeria ere, emakume eta gizonen eskubideen kontrako bortxaketa higuingarria baino ez da, baina, tamalez, gizartean zabalik jarraitzen duen kontua da, gure eskubideak zuzen-zuzenean hautsiz. XXI. mendean harrigarria gerta dakigukeen arren, egoera hau kulturan, gizartean, lanean, etxean edota kalean aurki dezakegu. Bidegabekeria honek gizarteak berdintasunean aurrera egitea eragozten du, dena hankaz gora jarriz, eta guzion ongizate eta elkarbizitza biziki kaltetuz. Dena den, egoera hau ez da geratzeko etorri, eta, kosta ahala kosta, hau behin betiko ezabatzea lortuko dugu.
Gazteok ezin dugu eskubideen kontrako bortxaketa den hau onartu, hori dela eta, honen kontra biziki agertzeko beharra daukagu. GUZTION ARDURA DELAKO. Emakumeak bigarren mailako herritar izateari uzten diotenean lortuko dugu berdintasuna, pobreziaren eta langabeziaren tasetako buru izateari uzten diotenean, soldaten parekotasuna lortzen denean, kontsumoa areagotzeko irudi bezala erabiltzeari uko egiten zaionean.
Hori dela eta, etorkizuneko parte garen Balmaseda BHIko ikasleok, manifestu honen bitartez, egoera jasanezin honen aurka gaudela adierazi nahi dugu. Halaber, gizarte honetako ekintza ez moralak salatu eta bereziki, pertsona GUZTIEN berdintasuna aldarrikatzera bultzatu nahi zaituztegu.
Aldi berean, honetaz arduratzen diren erakundeei neurri gehiago eskatu nahi dizkiegu, indarkeria mota hau jasaten duten emakumeek laguntza gehiago jaso dezaten eta hauen segurtasuna eta beraien familiena bermatzeko asmoz.
Amaitu baino lehen, aurten, haien bikotekideen esku hil diren 40 emakumeak gogoratuko ditugu, guztiok batera egoera honi aurre egingo diogula zin ginez.
Hau guztia adierazi ondoren, urteko egun guztietan baina, bereziki, gaurko egunean argi eta ozen errepikatu behar dugu:
GENERO INDARKERIAREN KONTRA, TOLERANTZIARIK EZ!