Balmasedako Udalean gaur egin den ohiko Osoko Bilkuran, talde politiko guztiek baiezko biribila eman diote emakumeenganako indarkeriaren aurka ondoren argitaratzen dugun Adierazpen Instituzionalari:
AZAROAREN 25EKO ADIERAZPENA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA
Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.
KOMUNITATEAK beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeei lagun egin diezaieke, baita enpatia eta gertutasuna adierazi ere. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.
Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi.
Udalok erantzukizun zuzena dugu komunitateak sustatzeko, non auzotarrak, taldeak eta kuadrillak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.
Balmasedaren kasuan, 2025ean, oraingoz, genero-indarkeriarekin lotutako hiru salaketa erregistratu dira, nahiz eta ulertzen dugun erakundeek jakin ez dituzten kasu gehiago egon zitezkeela.
Horregatik, BALMASEDAKO Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:
Hezkuntza-, osasun-, kultura- eta aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak SUSTATZEA, sentsibilizazio-kanpainak eta aliantzak garatuz kuadrillekin, sexuen arteko harreman osasuntsu eta ekitatiboak bultzatzeko, jarrera eta diskurtso matxista eta misoginoak ezabatzeko eta kuadrilletatik eta erakundeetatik ildo horretan sortzen diren ekimenak laguntzeko.
Indarkeria matxistaren kasuak gertatzen direnean herritarrak mobiliza daitezen BULTZATZEA, erasotzaileekiko gaitzespena eta biktimekiko solidariotasuna erakusteko.
Herritarrak ANIMATZEA egun honetan ez ezik urte osoan zehar ere emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera, eta, bereziki, indarkeria- edo diskriminazio-agerraldi oro ukatzera, indarkeria mota hori ukatzen, minimizatzen edo hutsaltzen duten diskurtsoak barne.
Balmasedako herritar guztiak GONBIDATZEA erakundeek zein mugimendu sozialek sustatzen dituzten ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera eta azaroaren 25a, hau da, EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA, dela-eta gauzatuko diren jardueretan parte hartzera.