
- > Castellano
Ertzaintzak emandako aholkuak segurtasuna indartzeko etxebizitza, bidaia eta opor-lekuetan.
Ertzaintzak gomendatu du oporretan zehar segurtasuna handitzea, udan lapurreta gehiago egon ez dadin. Horretarako, hainbat aholku eta gomendio praktiko eman ditu egun, aste edo hilabeteetan zehar hutsik geratzen diren etxebizitzen segurtasuna indartzeko. Halaber, udatiarren segurtasunerako aholkuak ere eman ditu bidaietan aintzat har ditzaten (errepiderako, geltoki eta aireportuetarako gomendioak) baita opor-lekuetarako ere (hotel, hondartza eta abarretarako aholkuak).
Etxebizitzetan egon daitezkeen lapurretak saihestea
Oporretan goazenean eta gure etxebizitza hutsik uzten dugunean lapurretarik ez gertatzeko gomendioen artean, honako hauek daude:
– Atea beti giltzarekin itxi, plastikozko txartel batekin, erradiografia batekin edo antzeko elementuren bat erabilita sar ez daitezen.
– Ez< esan publikoki zein datatan goazen oporretara.
– Etxean norbait dagoelako itxurak egin (norbaitek gutunak hartzea, telefono-finkoa mugikorrera desbideratzea eta erantzungailu automatikoa deskonektatzea, pertsiana batzuk erdi-irekirik uztea edo etxetresna elektriko edo lanpararen bat tenporizadore batera konektatzea aldizka piztu daitezen).
– Balio handiko objektuak babespean eta identifikaturik izan (ez utzi bitxiak edo balio handiko objektuak etxean, eduki horien guztien argazkia eta idatzita izan objektu bakoitzaren marka, modeloa eta serie-zenbakia. Horrela, inork lapurtzen baditu identifikatu ahal izateko).
– Etxera itzultzean lapurreta egon dela ikusten baduzu, ez zaitez etxean sartu Ertzaintza iritsi arte. Edonola ere, etxean nahitaez sartu behar baduzu, ez ukitu lapurrek manipulatutako objektuak.
Prebentzioa bidaian zehar
Bidaia antolatu ondoren, hainbat oinarrizko gomendio hartu behar dituzu kontuan, bai geltoki eta aireportuetan, bai errepidean:
– Bereizita eraman dirua eta dokumentazio pertsonala.
– Ez eraman diru-kopuru handirik.
– Hartu diru-kopuru zehatz bat eta gorde toki seguru batean, larrialdiren bat gertatzekotan dirurik gabe ez geratzeko.
– Aireportu eta geltokietan, izan beti bistara zure gauzak eta fakturatzen ari zarenean, jarri arreta zure inguruan dauden pertsonengan. Ez egin inori bere gauzak, opariak edo paketeak garraiatzeko mesedea eta ez fakturatu beste pertsona batzuen ekipajea.
– Errepidean, ez egin atsedenik jenderik gabeko eremuetan. Ibilgailuetan ez utzi bistara balio handiko objekturik. Tentuz jokatu beste gidari batzuek ibilgailua gelditzeko egiten dituzten seinaleekin eta gelditzen bazara, arreta handiz jokatu.
Prebentzioa opor lekuetan
– Aparkatu ibilgailua hotel edo apartamentuaren ondoan, jendea igarotzen den lekuetan bada, hobeto.
– Zaindu zure gauzak eta utzi balio handiko objektuak hoteleko kutxa gogorrean.
– Hondartza, igerileku edo aisialdirako eremuetan, zaindu zure gauzak eta ez utzi ezezagunei.
– Arreta handia jarri pertsona asko pilatzen diren eremuetan, ebasketak egon baitaitezke.