La Herrera-Malabrigo bide-konexioaren proiektua behin-behinean onartzea beste urrats bat da Balmasedako mugikortasunean eta bizi-kalitatean eragin zuzena izango duen jarduketa baterako.

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako etorkizuneko azpiegiturak aukera emango du udalerria gaur egun zeharkatzen duen trafikoa nabarmen murrizteko, batez ere ibilgailu astunen zirkulazioa. Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, konexio berriak zirkulazioaren zati handi bat Kadaguako korridorera desbideratuko du, eta BI-630 errepideko eguneroko zirkulazioa arinduko du Balmaseda parean.

Proiektuak 1,2 kilometroko lotura berri bat aurreikusten du La Herrera eta Malabrigo artean, Kadagua ibaiaren gaineko biaduktua barne. Jarduerak 44 milioi euroko inbertsioa izango duela aurreikusi da. Trafikoa murrizteak gure udalerriko hainbat eremutan hobekuntzak ekarriko ditu, zirkulazio arinagoa, bide-segurtasun handiagoa eta trafiko astunak hiri-ingurunean duen inpaktua murriztuz.

Proiektua behin-behinean onartu ondoren, jendaurrean ikusgai jartzeko epea ireki da orain. Herritarrek hilabeteko epea izango dute dokumentazioa kontsultatzeko eta alegazioak aurkezteko.

Balmasedako Udalak jarduera horren jarraipen hurbila egiten jarraituko du, hiribilduarentzat eta Enkarterri osoarentzat duen garrantzi estrategikoagatik.