
- > Castellano
Urriaren 28tik azaroaren 4ra San Severino plazan.
Helburu didaktikoa duen erakusketa ibiltaria da. Museoaren bildumako 40 maisulanetan barrena ibilbidea egiteko aukera ematen du, kalitate handiko teknika batekin egindako erreprodukzioen bidez. Teknika horri esker, zehaztasun harrigarria lortzen da xehetasunetan, baita kolorean ere. Gainera, 40 lanetako 24k QR kodea ere badute. Hori horrela, erakusketa ikustera etortzen direnek audio-artxiboak deskarga ditzakete doan beren gailu mugikorretan, obrei buruzko iruzkinak entzuteko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Horrez gain, 6 lanek haurrentzat berariaz diseinatutako kontakizun bat dakarte (5-10 urteko haurrentzat).
La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea proiektuaren helburu nagusia da museoko bilduma hedatzen laguntzea, museoko aretotik kanpo, eta herritarrak artera gerturatzea. Hala, jendeak pinakotekako ondare komun eta aberatsa ezagutu eta horretaz goza dezake, artearen historiako hainbat garaitako eta eskoletako maisu handien obra esanguratsuenen bidez.
Proiektua eta proposamen didaktikoa
“Museo ibiltaria” proiektua pinakotekako Erakusketa Saileko Miriam Alzurik koordinatu du. Horrez gain, iruzkinak ere berak egin ditu, aukeratutako obra bakoitza ulertzea eta gozatzea ahalbidetuko duten irakurketa bisualerako gakoak eskaintzeko asmoz. Bestetik, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzas eta César Ochoak egin dute proposamen didaktikoa. Horren arabera, alde batetik, hezitzaile batek jendeari arreta emango dio, ibilbidean orientatzen laguntzeko eta parte-hartzaileen galderei erantzuteko; eta, bestetik, bisitaldi dinamizatuak eskainiko zaizkie hainbat kolektibori.
Bisitaldi dinamizatuak. Erakusketaren funtsezko osagarri gisa, eskolentzat (batez ere, DBH, Batxilergoa eta LH) bereziki diseinatutako bisitaldi dinamizatuak eskainiko dira, doan. Kolektibo eta elkarte kulturalei ere zuzenduko zaizkie.
Hau izango da bisitaldien ordutegia: astelehenetik igandera 10:00etatik 13:00etara, asteazkenetan izan ezik (15:00etatik 18:00etara izango da).
Hitzaldiak/mahai-inguruak. Berritasun gisa, interesa duten guztiei zuzendutako bi hitzaldi/mahai-inguru egingo dira, museoko bilduma ikuspegi desberdinetatik ezagutarazteko xedearekin. Hau izango da hitzaldietako baten gaia: emakumeen irudia Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman; eta hau bestearena: ibilbide bat Bilboko Arte Ederren Museoko bildumako euskal artean barrena.
- Alicia García Santos
La representación de las mujeres en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao (emakumeen irudia Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman)
Arteak zer rol izan du emakumeei buruzko nahitako eta estereotipatutako irudi bat eskaintzean? Genero-ikuspegitik arteari lotuta dagoen gai hori eta beste batzuk landu eta aztertuko dira, begirada berri eta berritzaile batetik.
- Arantxa Pereda Angulo
Un recorrido por el arte vasco de la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao (ibilbide bat Bilboko Arte Ederren Museoko bildumako euskal artean barrena)
Gure bildumako artistarik berezienak aztertuz, ahalegina egingo dugu modu atsegin eta irisgarrian gerturatzeko XIX. mendearen bigarren erditik gaur arte Euskal Herrian egin diren pintura- eta eskultura-planteamenduetara.