
- > Castellano
Harresi Kulturala Elkartea 2012an sortu zen, lan historiko eta etnografikoa eginez Balmasedako Hiribilduko memoria historikoa berreskuratu eta zabaltzeko asmoz.
Ikerketa- eta zabalpen–lanetan orduak eta orduak eman ondoren (autofinantzatutako liburuak argitaratuz, besteak beste), beste pauso bat eman dute eta beren argitaletxe propioa sortu.
Harresi Argitaletxean argitaratutako lehen liburua azaroaren 24an aurkeztu zuten, Kultur Etxean. “Balmaseda hace 100 años. Crónicas del Semanario del Cadagua” (Balmaseda duela 100 urte. El Cadagua astekariko kronikak) da liburuaren izena eta Jesús Cadenas y Cadenasek 1908etik 1909ra bitartean gure Hiribilduko epaitegiko idazkari zela sustatu zuen aldizkarian dago oinarrituta.
Honako hauek hartu zuten parte aurkezpenean: Txomin Etxebarria, Balmasedako historialaria; Txetxu Txarramendieta, kultura zinegotzia; Juan Tomás Sáez “Pikizu”, elkartearen sortzailea; eta Jesúsen bi birbiloba (gainera, León Feliperen iloba-birbiloba). Izan ere, topaketa hauen bitxitasun bat da, hain zuzen, Jesús Cadenas y Cadenas poetaren koinatua zela, eta berak ekarri zuela gure Hiribildura eta berak prestatu ziola farmazia, hartaz arduratzeko.
Jesús Cadenas Coronadok idatzi du liburua, hots, “El Cadagua” astekariaren sustatzailearen ilobak. Obra honetan, bete-betean sartuko gara XX. mende hasierako balmasedarren bizitzan, zeina kultura eta ekitaldi sozial ugariz beterik baitzegoen. Poesiaz, musikaz eta literaturaz gain, osasuna, jaiotzak, heriotzak, edertasun-lehiaketak eta halako interes sozialeko gaiak ere aurkituko ditugu. Argitalpenak Harresi Kulturalaren artxiboko garai hartako argazkiak ditu, bai eta aurkibide onomastiko bat ere, datuak errazago bilatzeko.
Jarraian, liburuaren aurkezpenean bizi izan zenaren zati bat bildu dugu. Jesús Cadenas y Cadenasen birbiloba Isabelek eta “Pikizuk” argitalpenari buruzko hainbat gauza kontatzen dituzte bertan.