
- > Castellano
Ezin zara Balmasedako hiribildura etorri gabe gelditu haur txikiak baldin badituzu: besteak beste, gure bideetakoren batetik paseatu eta naturaz goza dezakezu, eta estatu osoko haur-parkerik onenetako bat dugu. Hain zuzen ere, Santa Klara parkeak Zilarrezko Zabua saria irabazi duen 10.000 biztanletik beherako herrien kategorian; parke hau, udalerriaren erdi-erdian, Bizkaiko lehen hiribilduaren historia luzea gogorarazten diguten egiturez beteta dago. Nabarmentzekoak dira Erdi Aroko gaztelua, 9 metrokoa, zeinak Alonsotegiko eta Enkarterriko 10 udalerrietako armarriak baititu, eta tirolina, 20 bat metrokoa, parkeko erakargarri nagusietako bat. Parkean daude, halaber, herensuge-formako rokodromoa, non jolasak eta txirristak baitaude, Balmasedan trenak izan zuen garrantzia gogora ekartzen digun lokomotorra, hondar-lekua, etxetxoak, malgukiak… Duela gutxi, gainera, zabu egokitu bat jarri da, gurpil-aulkian ibiltzen diren umeek ere plan berezi honetaz gozatu ahal izan dezaten.
Baina parke hau ez da, inondik ere, hiribilduko bakarra. Udalerri osoan banatuta, beste bost parke daude gure kale eta plazetako giro biziaz gozatzeko. Beraz, haurrekin ondo pasatzeko plan dibertigarri eta original bat nahi baldin baduzu, Balmaseda duzu leku aproposa.
Jarraian argitaratu ditugu egun hauetan haur-parkeak garbitzeko eta eguneratzeko egin diren lanak. Santa Klara parkearen zati bat berriz erein da, eta, ezohiko udaberri hau dela eta, lurrak normala baino denbora gehiago behar du lehortzeko. Horregatik, belar hasiberria babesten duen hesia mantendu behar dugu (parkearen zati bati baino ez dio eragiten). Barkatu eragozpenak