Gaur amaituko ditugu Balmasedako zientzialari batzuk ezagutzera emateko elkarrizketak, Emakumearen eta Zientziaren Nazioarteko Egunaren barruan (otsailak 11). Gaur Patricia Gutiérrez San Vicenterekin hitz egin dugu:

– Izena, adina eta zure STEAM jakintzagaia (Science, Technology, Engineering and Mathematics)

Patricia Gutiérrez San Vicente naiz, 37 urte ditut eta STEAM diziplinen barruan teknologiaren adarrean aritzen naiz, Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi nuelako. Gainera, nire bizitza pertsonalean beti lagundu dit jakin-min teknologikoak, bokaziozko gauza bat izanik.

– Zertan egiten duzu lan edo zer ari zara aztertzen gaur egun? Zer onura ditu egiten duzun lanak?

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailerako analista gisa lan egiten dut. Zehazki, Sailean sortzen diren beharrei erantzuten dieten tresna teknologikoak diseinatzen ditut. Nire kasuan, zehazki, softwarean espezializatuta nago, eta ikasleei zein langileei laguntzen dieten aplikazio berriak nahiz web-atariak sortzen ditugu. Hau da, Hezkuntza hartzen dugu bere eremu osoan.

– Zure ikuspuntutik, zergatik dira STEAM jakintzagaiak hain garrantzitsuak?

STEAM arloak uste baino askoz ere zabalagoak dira, eta garrantzitsua da horiek ondo ezagutzea, ulertzen lagun diezaguten. Horrek arriskuak eta akatsak saihestera eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzera garamatza, zientziaren esparrutik teknologiaren esparruraino. Nire kasuan, IA goraldi betean dago orain, baita hezkuntzaren arloan ere, IA tresnen bidez azterketa idatziak automatikoki zuzentzeko aukera inplementatzen ari baita.

– Nola animatuko zenituzke belaunaldi berrietako neskatoak zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta/edo matematikan lan egitera?

STEAM mundu honetan gizonek monopolioa duten ideia, dagoeneko aldatzen ari da. Nire ustez, bilakaera garrantzitsua nabaritu da zientzia-karreretarako sarbidean, eta horietako batzuetan emakumeak dira jada. Beraz, urteetan zehar nire aurreko STEAM emakume horien alde egin den lan guztiak eragina izan du eta bere fruitua ematen ari da. Ohartzen naiz belaunaldi berriek erabat hautsi dutela zientzian emakumearengandik zegoen hesi hori.