Balmasedako Udalak 9,5 milioi euroko aurrekontua onetsi du 2025erako, aurreko urtekoa baino % 3,2 handiagoa dena
Balmasedako Udalak 2025 ekitaldirako aurrekontua onetsi du, guztira 9.546.821 eurokoa; hortaz, aurrekontu onetsi berria aurrekoa baino % 3,2 handiagoa da. Kontuak tokiko berraktibatze ekonomikoa sustatzeko diseinatu dira, eta Bizkaiko lehen hiribilduaren toki-azpiegitura, energia-efizientzia eta jasangarritasuna, eta identitate kulturala hobetzeko zenbait inbertsio gako hartzen dituzte barne.
Jasota dauden inbertsio nabarmenen artean dago Galtzada kirol-eremua egokitu eta osorik birgaitzeko proiektua (390.000 €), azpiegitura berriak eraikitzea ekarriko duena, hala nola igerileku estalia eta ostalaritzako espazioak, baita kanpoko igerilekua birgaitu eta dauden instalazioak hobetzea ere. Gainera, planak jasangarritasuneko neurriak hartu beharko ditu, hala nola eguzki-panelak instalatzea eta energetikoki efizienteak diren materialak erabiltzea.
2025. urterako kontuek pilotalekua osorik konpontzeko beste partida batzuk dituzte kirol-instalazioak modernizatu eta energia-kontsumoa murrizteko 225.000 € esleitu dira; eta Horkasitas eraikina birgaitzeko 160.000 euroko aurrekontua ezarri da, eraikinaren isolamendua hobetu eta berokuntzaren kontsumoa murrizteko. Horretaz gain, alde zaharreko argi publikoak aldatzea onetsi da, 132.000 euroko partidarekin, 480 kale-argi inguru kontsumo txikiko LED argiekin ordezteko, herriaren energia-efizientzia handiagoa izan dadin lagunduz.
Gainera, BFAren bulego zaharra egokituko da, 70.000 euroko partidarekin, udaltzaingo-zerbitzuetarako lan-zentro egoki bihurtzeko; 36.600 € erabiliko dira pasagune adimendunak instalatzeko (2024ko proiektu parte-hartzaileetako proiektu irabazlea); eta 145.000 € erabiliko dira gazteluaren muinoa hobetzen jarraitzeko. Horiek dira, hain zuzen, 2024rako programatuta zeuden inbertsioetako batzuk, guztira 1.200.000 eurokoak, eta 2025era eramango dira. Bestalde, 2022an suteak erretako mendiko basoberritze-proiektuekin jarraituko da (460.000 €), eta azpiegiturak hobetzen, argi publikoak eta udal-eraikinak berritzen jarraituko dugu, soluzio efizienteagoak erabiliz.
Balmasedako alkate Alfonso San Vicentek azpimarratu du aurrekontu berri hau oso garrantzitsua izango dela herriko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko. “Aurrekontu honek, berraktibatze ekonomikoarekin dugun konpromisoa ez ezik, energia-efizientzia eta jasangarritasunarekin, euskararen sustapenarekin, eta Balmasedan bizi diren pertsona guztien ongizatearekin ere duguna islatzen du. Inbertsio bakoitza proposatutako helburuak bete eta zerbitzu efiziente eta jasangarriak eskaintzeko diseinatu da”, adierazi du alkateak. Gainera, nabarmendu du Udalak betetze-maila handia izan duela aurreko ekitaldietan, eta ildo horretatik jarraitzeko asmoa duela. “Harro gaude gure aurreko aurrekontuen % 90 baino gehiago bete izan dugulako, eta aurten ez da salbuespena izango. Ardura eta gardentasuna mantenduz jarraituko dugu lanean, inbertitutako euro guzti-guztiak gure herriarentzako benetako onuretarako erabil daitezen”, adierazi du. Bestalde, mankomunatuta dagoen beste eskumen bat den arren, “gizarte-politikak ezinbestekoak dira edozein toki-erakundetan, kasu honetan, Balmaseda bidezko eta justuagoa eraiki ahal izateko. Hortaz, ezinbestekoa da pertsona, familia edo talde zaurgarriei edo zailtasunak dituztenei baliabideak eskaini ahal izatea, bizitza duina izan dezaten” baieztatu du Balmasedako alkate Alfonso San Vicentek. Hortaz, aurrekontuak 45.000 € ditu gizarte-larrialdietarako laguntzetarako, 30.000 € familien ekonomien laguntzetarako, eta 70.660 € nazioarteko elkarlanerako laguntzetarako.
Horretaz gain, kontuek hezkuntza eta euskararekin lotutako hainbat toki-ekimen ere egiteko dirulaguntza aipagarriak ditu. Izan ere, Udalak 45.000 € erabiliko ditu Zubi Zaharra ikastolarako, eta 17.000 € tokiko IGEetarako, euskarazko hezkuntza sustatzeko. Gainera, euskara sustatzeko 75.000 euroko partida mantenduko da, eta Euskaltegiak Mankomunitateari egindako transferentzia 45.000 eurotik 52.650 eurora arte handitu da. Kirol-arloan, 47.000 € esleituko zaizkio Balmaseda futbol-klubari, 14.000 € Balmasedako Txirrindularitza Elkarteari, 7.500 € saskibaloi-klubari, eta 6.500 € Balmasedako Pelotazale Elkarteari; hala, Udalak toki-kirolarekin duen konpromisoa indartuko da.
Zerga zuzenak izoztea
Diru-sarrerei dagokienez, aurrekontuan aurreikusita dago gehikuntza egongo dela zenbait arlotan. Izan ere, aurreikusita dago zuzeneko zergak 1.615.000 eurora arte helduko direla, % 1,76ko gehikuntzarekin, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan diru-bilketa handiagoa izateagatik. Bestalde, tasek eta beste sarrera batzuek 678.900 euroko aurrekontua dute, % 23,35eko gehikuntza ekarriz, kiroldegiaren eta autokarabanen parkingaren erabileran egondako igoera nabarmenagatik. Gainerako zuzeneko zergak (OHZ, TMIZ, JEZ…) izoztuko dira, 2024 ekitaldi honetarako ordenantza fiskalen aurkezpenean azaldu zen bezala, hiribildua indarberritu eta bertan kontsumoa suspertzeko. Zeharkako zergei dagokienez, 100.000 € biltzea espero da, % 25eko gehikuntza ekarriz, eraikuntzako eta obren jardueran egon den gorakada islatuz.
Transferentzia arruntek % 2,98 gehikuntza izan dute, 6.711.821 eurora arte, Udalkutxaren ekarpen handiagoari esker, eta ondare-sarrerek, bestalde, % 15,05eko gehikuntza izatea aurreikusten dute, 191.100 eurora arte. Bestetik, ondare-ondasunen besterentzean 250.000 euroko aurreikuspena dago; murriztu egin da, 2024ean ez baitira eragiketa horiek egin.