
- > Castellano
Kultura sailak zientziaren aldeko apustua egin du berriro ere. Datorren otsailaren 15ean (larunbata), dibulgazio zientifikoaz gozatzeko aukera izango dugu Balmasedan.
Oraingoan, formatu laburreko hitzaldiak izateaz gain (aurrekoan bezala), berritasun moduan “El Enigma Agustina” proiektatuko dugu, Andaluziako Astrofisika Institutuak (IAA-CSIC) ekoiztutako film‑dokumentala. Agustina Ruiz Dupont XIX. mendearen amaieran jaiotako zientzialaria izan zen, zeina Espainian herriz herri ibili baitzen gai zientifikoak azalduz abesti herrikoien bidez, letrak egokituz ahalik eta publiko zabalenari mezu zientifiko konplexuak helarazteko, zientzia, dibulgazioa eta kopla konbinatuta. Agustinak zientzia herri txikietara eraman zuen; hortaz, Balmasedan ezin hobe aurkituko du bere tokia. “El Enigma Agustina” izan da 2019ko Prismas saria irabazi duen proiektua, eta Espainiako zientziaren dibulgazioan entzutetsuena da. Hainbat zinema-jaialditan proiektatu dute, eta arrakasta handia izan du. Londres edo Kolonbia bezalako tokietan ere estreinatu da. Beraz, maila handiko dibulgazioa izango dugu Balmasedan.
Film-dokumentala aurkezteko, Natalia Ruiz Zelmanovitch dibulgatzaile zientifikoa eta filmeko protagonista (@bynzelman) eta Manuel Gonzalez astrofisikari, gidoilari eta ekoizlea (@Manolux4444) izango ditugu gurekin, Enigma Agustina ideiaren jatorrizko sortzaileak.
Filmaren proiekzioaz gain, Guillermo Peris (@waltzing piglet) Jaume I Unibertsitateko irakaslearen “La genética NO se regala” hitzaldia entzungo dugu, genetikako aditua baita. Horrez gain, Susana Escudero (@suescudero) Canal Sur kateko Radioscopia (El Radioscopio) dibulgazio zientifikoko saioaren zuzendariak (hiru Prisma sariren irabazlea) ere hitzaldia emango du: “Morir no es el fin”.
Hau izango da jardunaldiaren eskema:
- 18:30 “La genética NO se regala”, Guillermo Perisekin.
- 18:50 “Morir no es el fin”, Susana Escuderorekin.
- 19:10 Film-dokumentalaren testuinguruari buruzko azalpenak eta mahai-ingurua.
5-10 minutuko atsedenaldia
- 19:30 – 21:00 “El Enigma Agustina” filmaren proiekzioa.
Jardunaldia doakoa izango da eta publiko guztiei zuzenduta dago. Guztiok zaudete gonbidatuta.
Zientzia da gizarte moduan aurrera egiten laguntzen diguna: hobeak egiten gaitu. Baina zientzia ez da bakarrik egiten. Kultura sailetik, Balmasedara jardunaldi zientifikoak ekartzen jarraituko dugu.