
- > Castellano
Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, Zinegoak, Balmasedara iritsiko da martxoaren 6an, 2018ko edizioan aurkeztutako film laburren sorta batekin. Ekitaldia Klaret Antzokian egingo da, 19:00etan. Zinegoak jaialdiak 15 urte ditu jada, eta zinema eta kultura baliatzen ditu gizartea eraldatzeko tresna gisa eta, batik bat, gure gizartea osatzen duen aniztasuna ikusarazteko bitarteko gisa. Jarraian bere zuzendariaren, Pau G. Guillénen, aurkezpena erreproduzitzen dugu:
Ongi etorri berriro Zinegoakera!
Aurtengo 15. edizio honetan aurreko urteetan baino aldaketa gehiago izango ditugu. Oraingoan nobedade nagusiek ez dute loturarik programazio edo edukiarekin, ez eta jaialdiaren iraupen edo formatuarekin ere. Barne aldaketak izan dira, guztiz beharrezkoak urratsak ematen jarraitu nahi badugu.
Iazko Amaiera Ekitaldian aipatu genuen bezalaxe, Hegoak Elkarteak lekukoa utzi dio Zinegoak Elkarteari, eta, aurrerantzean, elkarte horrek antolatuko du jaialdia. Barne-lan horrek lan karga handia sortu du urte osoan, eta energia asko utzi behar izan dugu bidean, baina esfortzua merezi izan du eta, agindu genuen moduan, Zinegoakek ibilbide berria hasiko du ilusio eraberrituarekin.
Jaialdiaren ezaugarririk garrantzitsuenak bere horretan jarraituko du. Gure konpromisoa zinema eta kulturarekin, gizartea eraldatzeko tresna modura eta gure gizartearen aniztasuna ezagutarazteko asmoz. Maitasunen aniztasuna, gure identitatea adierazteko aniztasuna, gure sentimenduak, gorputzak, jatorriak, gure sexualitate eta plazeren aniztasuna… Izan ere, pertsona guztiok oso ezaugarri ezberdinak ditugu, eta Zinegoakek IZATEKO harrotasuna aldarrikatzen du.
Edizio honetan istorio handiak izango ditugu. Istorio ba- tzuekin harrituko zarete, beste batzuekin arrotzak zaizkizuen errealitateak ezagutuko dituzue. Istorio batzuek guztiz harrapatuko zaituztete eta, horri esker, gure nortasunaren parte den aniztasuna sakonago ezagutu ahal izango duzue. Baina seguru gaude: lan gehienekin hunkituko zarete. Katalogo honetan buru-belarri murgiltzea gomendatzen dizuegu. Ziur gaude hitzaldi, dokumental edo pelikula interesgarriren bat topatuko duzuela. Hala izatekotan, ez izan zalantzarik eta etorri jaialdiaz gozatzera.
Orain hilabete eta erdiko jarduerak izango dituzue eskura: 3, 2, 1… Zinegoak!, sail ofizialak, topaguneak, hitzaldiak, kontzertuak, antzerkia… eta proiekzioak Euskal Herri osoko 40 udalerri baino gehiagotan.
Jaialdia amaitu ostean, jarduerak antolatzen jarraituko dugu urte osoan, baina urratsak emateko, zuen babesa ezinbestekoa izango da. Orain, bide berri honen hasieran, inoiz baino beharrezkoagoak zarete, Zinegoakek hazten jarraitzea nahi dugu, eta publikoaren interesa oso presente izan nahi dugu. Zinegoakek kide berriak izatea nahi dugu, eta, horregatik, elkarteko kide egitera animatu nahi zaituztegu.
Zinegoak bezalako proiektu batek indarrak batu behar ditu eta, horretarako, une oro ideiak, lidergoak, ilusioak eta begiradak berriztu beharko ditu. Orain da zeregin horri heltzeko momentua.
Amaitzeko, urtero helarazten diguzuen maitasuna eskertu behar dizuegu. Edizioz edizio, gero eta handiagoa da adierazten diguzuen harrera, errespetua eta interesa. Hori da, zalantzarik gabe, gure motibazio nagusia.
Aurreko urteetan bezala, espero dugu aurten egindako lana zuen gustokoa izatea.
Pau G. Guillén – Zinegoak Festibalaren zuzendaria