
- > Castellano
Gurutze-bide Bizidunaren antzezpena da Balmasedakoek harro aldarrikatzen duten tradizioa. Urtero pertsona kopuru garrantzitsuak dihardu antzezpenean, antolaketan, paso tradizionalak eramateko orduan, etab. parte hartzen. Nolanahi ere, beren ilusio eta grina guztia jartzen dute.
Antzezpenaren jatorria batzuentzat penitentziazko prozesioetatik dator. Hain zuzen ere, XVI. mendeaz geroztik Kolitza mendira egiten ziren horiek, San Rokeri hiribildua izurriez askatu izana eskertzeko. Dokumentuen arabera, ordea, XVIII. mendekoa da. Nolanahi ere, Jesu Kristoren Pasio eta Heriotzaren antzezpen leial eta dramatikoa da, eta Balmasedako gizonek nahiz emakumeek ahalik eta errealismo handiena eskaintzen diote.
Balmasedako Gurutze-bidearen Elkartea Bera Kurutz antzinako kofradiaren oinordekoa da. Interpreteak hautatzeaz, entseguak eta antzezpenak zuzentzeaz eta erabiltzen diren jantziak eta agertokiak mantentzeaz arduratzen da. Horretarako, Balmasedako udalaren eta beste babesle batzuen lankidetza erabakigarria du, baita Kolitza Abesbatzarena, Musika Bandarena, Babes Zibilarena eta DYArena ere.
Ander Rivero Vélez 2017. urteko Jesus izango da
Ander Rivero Vélez balmasedarra Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziaduna da, eta 29 urte ditu. Aurten, bizitzako unerik zirraragarrienetako bat biziko du. Izan ere, Jesu Kristo izango da hiribilduko Pasio Bizidunean.
Bi izan dira erabaki hori hartzeko arrazoiak: txiki-txikitatik irrikaz parte hartu du prozesioetan eta esperientzia berriak bizitzeko zein etengabe gauzak egiteko gogoak ditu. Anderren iritziz bizitza “entretenigarria izan eta une paregabez beteta egon behar da noizbait zure biografia idatziko badute”. Hori dela eta, marketinaren alorrean lan egiteaz gain, ahal duen guztian parte hartzen saiatzen da, eta proiektu guztietan ahalik eta gogorren lan egiten. Hala egingo du oraingoan ere, ez dugu zalantzarik, nahiz eta aurreko egunetako urduritasuna eta ikusmina izan.
Zenbait datu historiko
1770. urtea: Pasoekin prozesioak egiten zirela agertzen da. Baliteke penitenteak ateratzea, Santanderreko apezpikuaren idazkia baitago eta hala dio: “Carlos III.a erregearen aginduz, penitenteak, diziplina-hartzaileak, paladunak, etab. Parte hartzea debekatuta dago”, horietan izandako abusu eta gatazken ondorioz.
1859. urtea: Lehenengoz “fariseu” izenekoek agertzen dira. Balmasedan hala deritze soldadu erromatarrei.
1884. urtea: Lehenengoz jesus harrapatzearen prozesioa eta Zirinearra lehenengoz ospatzen da.
1905. urtea: Magdalenaren eta Hiru marien lehen berriak ageri ziren.
1935. urtea: Pilatoren aurreko epaiketa lehenegoz antzezten da.
1955. urtea: Lapurrek Kristori lagun egin zioten Gurutze-bidean.
1957. urtea: Pertsonaia ugari gehitu zitzaizkion Gurutze-bideari; garrantzitsuenak Andre Maria, tunika luzedunak eta Sanedrineko guardia izan ziren.
1963. urtea: San Severino plazan lehenengoz gurutziltzaketa antzezten da.
1976. urtea: Judasen urkamendua gehitu zen.
1981. urtea: Kristoren zigorraldia sartu zen.
1984. urtea: ostegun Santu gauean lehenengoz Azken Afaria antzezten da eta Baratzeko Otoitza ostiral goizetik ostegun gauera pasako da.
2006. urtea: Apaiz Nagusien aurreko Epaiketa eta Kontzilioa eransten dira Ostegun Santu gauean.
2015. urtea: Invencible Compañía Farisaica izenekoa eratu zenetik 150. urteurrena.
Balmasedako Aste Santuaren egitaraua ezagutu nahi baduzu sakatu hemen.