
- > Castellano
Pasa den azaroaren 7an aho batez onestutako “Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko Eguna” dela-eta egindako Adierazpen Instituzionala:
Duela 20 urte, Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun” izendatu zuen azaroaren 25a. Egun hori ia bi hamarkada lehenago aukeratu zuten Amerikako mugimendu feministek, 1960an Mirabal ahizpak, Dominikar Errepublikan Trujilloren diktadurari aurre egin ziotenak, erail zituztela gogorarazteko.
Emakumeenganako indarkeria mota oro, banakakoak nahiz kolektiboak, arbuiatzeko eguna da, indarkeria horiek familiaren eremuan, eremu pribatuan, nahiz esparru publikoan gertatu. Ulertu behar dugu genero-indarkeria ez dela soilik emakumeen arazoa; emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik larrienetako bat da, eta giza eskubideen urraketa bat.
Azken urteotan ikusi dugu gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa duela arazo honi buruz eta gero eta gehiago direla emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria ororen aurkako adierazpen publikoak, bereziki gure inguruko udalerrietan, jaien testuinguruan, ematen diren sexu-erasoen aurkakoak. Balmasedan, zehazki, joan den urtean jarraipen handia izan zuten 2016ko San Ferminetan bortxaketa bat egin zuten pertsonen aurkako lehen epaiak eragindako mobilizazioek.
Balmasedan, 2019an, genero-indarkeriaren alorreko 5 salaketa aurkeztu dira; hala ere, badakigu Udalak ezagutzen ez dituen beste indarkeria-kasu batzuk ere egon daitezkeela.
Balmasedako Udalak bere egiten du Emakumeen Mundu Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa.
Urtero bezala, Balmasedako Udalak:
- Berretsi egiten du emakumeenganako indarkeria mota oro suntsitzeko konpromisoa; horretarako, Udalaren eskumenen barruan, martxan jarriko ditu beharrezko bitarteko tekniko, ekonomiko eta politiko guztiak. Besteak beste:
-Bitarteko materialak eta giza bitartekoak jartzea herritarrek eta, bereziki, emakumeek, eskura dauden baliabideei buruzko informazioa izan dezaten. Indarkeria matxistari aurre egiteko zerbitzuaren sarea behar bezala koordinatzen eta ezartzen dela sustatzea (baita biktimen seme-alabei zuzenduriko zerbitzuak ere).
-Neskato, neska gazte eta emakume helduak ahalduntzeko jarduerak egitea, modu jarraituan, besteak beste bikoteari, sexuari eta harreman afektiboei buruz.
– Nerabe eta gazteak prestatu eta sentsibilizatzea, hezkuntza afektibo-sexuala lantzeko, indarkeria matxistaren askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko baimena lantzea eta, oro har, emakume eta gizonen arteko berdintasun-harremanak sustatzea.
- Herritarrak animatzea urtean zehar ere emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, bereziki indarkeria edo bereizkeria mota ororen aurka. Halaber, herritarrak bultzatzea erakundeek nahiz herri-mugimenduek deitutako ekimenetan parte hartzera.
- Udalaren jarduketa-esparruan, Balmasedako herritar guztiei dei egitea Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna den azaroaren 25aren harira udalerrian egingo diren jarduera eta mobilizazioetan parte har dezaten.
- Azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egiten dugu, eta bertan pare hartzeko deia egiten diogu jendarte osoari.