
- > Castellano
Joan den abuztuaren 2an Iruñean Don Martín Rodríguez Seminarioren jaiotzaren 150. urteurrena bete zen, eta 2021ean Balmasedara etorri izanaren 120. urteurrena ere ospatzen da, 1901eko udaberrian oposizio bidez udaleko organo-jotzailearen plaza lortu ondoren. Azkenik, irailaren 20an gure herrian 90 urterekin hil zela 60 urte beteko dira.
Badirudi, garai hartan Balmasedako organo-jotzailearen plaza oso ondo ordainduta zegoela (1.000 pezeta urtean), nahiz eta denbora aurrera joan ahala kopuru hori ez zen behar bezala eguneratu eta Don Martinek zailtasun ekonomikoak izan zituen. Udalari soldata igotzeko eskatu behar izan zion eta musika-eskola partikularrak eman behar izan zituen, batez ere piano-eskolak.
Balmasedako Catalina Ostolaza San Vicenterekin ezkondu zen, bi seme eta hainbat biloba izan zituzten. Bere bilobetako baten bat, gehienbat nagusiena, María Teresa, ohiko bisitaria zen bere aitonaren lanekin egindako kontzertuetan.
Don Martínek, Balmasedara heldu bezain laster, bere musikari-maila altua erakutsi zuen. Hamabost urte zituenean, Iruñako Eslava Kasinoko piano-jotzailea ordezkatu zuen, eta handik gutxira musika-irakasle joan zen Carrión de los Condes jesuiten eskolara, eta gero Gijónera. Halaber, Beasainen organo-jotzaile lanetan aritu zen eta Balmasedan erlijio-musikarekin parrokiako korua zuzendu zuen igande eta jaiegunetako meza nagusirako, uztaileko Karmengo eta abuztuko San Roke zaindariaren jaietarako.
Bere Misa cantada en La Bemol konposizioa 1905, 1908 eta 1909an interpretatu zen. Bere Misa cantada Mater Inmaculata lana, berriz,1908ko azaroaren 22an interpretatu zen Santa Zezilia egunean.

Hala ere, Don Martín Aste Santurako musikan nabarmendu zen gehien Miserere a cuatro voces lanarekin, eta udal-bandarako obrekin, esaterako Marcha Fúnebre, Marchas 1, 2 y 3 eta Fantasía Sinfónica, 1909ko Pazko-iganderako.
1901ean, heldu zen urtean, Don Martínek Balmasedako ereserkia konposatu zuen hiru ahotsetan eta pianoarekin, eta Udalari haren jabetza absolutua eman zion 250 pezetaren truke. Jatorrizko eskuizkribua Udal Artxiboan dago eta horren 500 ale inprimatu ziren; horietatik 497 salgai jarri ziren, bakoitza 2 pezetatan.
Letra Don Manuel de la Torre y Eguíak idatzi zuen, Félix de la Torre arkitektoaren anaiak, zeinak zentsura-arazoak izan zituen Primo de Riveraren diktaduran, eta letran aldaketak egin behar izan zituen. Gu musika-bertsioan entzutera ohituta gaude, bai organoarekin bai orkestra sinfonikoarekin, baita haren lehenengo notak ere San Juan elizako dorreko erlojuan laurdenak, erdiak eta ordu osoak jotzen direnean, 2005eko San Severino jaiak zirela-eta Antonio de Franciscoren erlojutegiak horretarako beharrezko lanak egin zituenetik.
Don Martínek organo-jotzaile gisa zuen ospea oso ezaguna zen, eta hori dela eta, 1962an Artziniegako Arteko Gure Amaren organo berria inauguratzera gonbidatu zuen. 1931n Sopuertako Mercadilloko parrokiako organoa inauguratu zuen eta 1957an gauza bera egin zuen Arangurengo parrokiako organo berriarekin.
Musika sakroaz gain, Don Martínek musika laikoa ere landu zuen. Hala harmonizatu zuen gure Avecilla famatua, jatorriz Balmasedakoa ez den bals bat, baina gure abestia balitz legez hartzen dugu. 1908an, gure udal-banda Eibarreko Banda Lehiaketara aurkeztu zen eta askatasunez aukeratzeko obra Don Martínen Fantasía Sinfónica izan zen; bere mailan bigarren saria erdietsi zuen beste banda ospetsu batzuen aurrean.
Don Martínen nabarmentzeko beste alderdi bat Luís Iruarrizaga aita eta antzeko dizipulu aipagarriekin egindako lana da; azken hori 1904an 13 urte zituela iritsi zen Balmasedako apaiztegi klaretarrera. Don Martínek harmonia-eskolak eman zizkion eta bere musika-dohainak sustatu zituen; konpositore, zuzendari, organo-jotzaile eta abeslari handia izan zen, baina karrera hori Madrilen zapuztu zen, 37 urte bete baino apur bat lehenago hil baitzen.
Beste ikasle aipagarri bat José Luís Urteaga Iturrioz izan zen, Ordiziakoa, Beasain ondokoa, non Don Martín organo-jotzailea izan zen. Gure herrian plaza atera zuenean, Urteaga berarekin etorri zen. Hemen, Baldomera Loidi Puy ezagutu zuen, berarekin ezkondu zen eta 1914an jaio zen Balmasedan haien semea, Ramón Urteaga Loidi. Konpositore eta organo-jotzaile nabarmendua izan zen eta oroitzapenezko plaka bat dauka jarrita jaio zen eraikinean, Hedegile kalearen eta Markes Legardaren plazaren arteko kantoiaren sarreran.
Jesús Guridi musikari ospetsua ere, Bilbon egon zen bitartean, batzuetan bizikletaz hurbiltzen zen Balmasedara Don Martínekin musika-kontuei buruz galdetzeko eta jarduteko. Biak ia adin berekoak ziren, Guridi bost urte nagusiagoa zen, eta biak 1961ean hil ziren; hortaz, aurten bi musikari bikain horien desagerpenaren 60. urteurrena da.
Idazki honen xedea da, besteak beste, pertsona ospetsu horren hiru urteurrenen aitortza egitea eta Donato Rodríguez San Migueli esker ona adieraztea, bere 2005eko 50 Aniversario de la Coral Kolitza de Balmaseda obra datu-iturri estimagarria izan baita.
Datorren Udalberriaken Don Martínen hil osteko ibilbidea azalduko dut, eta gaur gaurkoz nola jarraitzen duen bizirik gure artean, Aste Santuan zein beste gertakari sozial batzuetan, bere musikaren bidez. Gainera, grabaketa-euskarri modernoetan urte luzez iraungo du.
Miguel Ángel Álvarez Fuentes