
- > Castellano
2018ko martxoaren 1eko Udalbatzan aho batez onestu zen erakunde adierazpen hau:
Emakumeen nazioarteko egunaren aldarrikapena oso feminizatutako eta prekarizatutako ehungintza-sektoreko langileen borrokarekin hasi zen, orduan eta orain lan-baldintza hobeak eskatzeko. Gertakari tragikoena 1911ko martxoan gertatu zen New Yorkeko ehungintza-fabrika batean: nagusiek sute bat eragin eta 146 emakume hil ziren. 1975ean Mexikon egindako Emakumeen Lehenengo Mundu Konferentzian lortu zen Nazio Batuek martxoaren 8a munduan EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUN gisa izendatzea onartzea. Emakume langileek beren lan-baldintzak hobetzeko eta emakume guztientzako sufragio unibertsala eskatzeko aldarrikapenen erantzun gisa jaio zen egun hori. Horrenbestez, martxoaren 8a ospatzeak emakumeen historia aitortzea dakar, sakrifizioz eta iraunkortasunez beteriko historia.
Lortutako aurrerapenak garrantzitsuak dira eta hobekuntza-tarte handiago dago oraindik; izan ere, emakumeentzako berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeke dago oraindik. Krisi ekonomikoak azaleratu du lortutako aurrerapenak ahuldu egin direla gizon eta emakumeentzat, baina nabarmen emakumeen kalterako. Genero-arrakala ikus daiteke langabezia-tasa handiagoan, aldi baterako kontratuetan eta lan- eta soldata-baldintza okerragoetan. Ondorioz, diru-sarrera txikiagoak dituzte, eta, beraz, langabezia eta erretiroko prestazio txikiagoak.
Etxeko lanak eta zaintzak ia-ia bakarrik emakumeei esleitzeak ordainsaririk gabe eta eginiko ekarpen sozial eta ekonomikoaren aitortza eskasak, sare publikoan baliabide sozio-komunitarioen eskasiak, enpresetako kontziliazio-neurrien aurrerapen motelak eta gizonek erantzunkidetasuna geldoki hartzeak areagotu egiten dute genero-desberdinkeria, eta hori da genero-indarkeriaren abiapuntua.
Horregatik guztiagatik, Balmasedako udalak
1.- Adierazten du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana eta Emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izateko Plana garatzen jarraitzeko asmoa duela. Halaber, beharrezkoa den aurrekontu-partida esleituko du horretarako, osoko bilkuran onartutako ekintzak zuzen garatzeko.
2.- Babestu egingo du Emakumeen Greba Orokorra, eta emakumeen elkarteek martxoaren 8an deituko dituzten manifestazio eta jardueren berri emango du.
3.- Herritarrak gonbidatuko ditu banakako eta taldeko konpromisoak hartzera berdintasunaren alde eta aktiboki parte hartzera martxoaren 8 honetan deitutako ekintzetan, guztiok baitugu asko irabazteko.