
- > Castellano
Atzo, urriaren 23an, Balmasedako zaindari San Severinoren eguna ospatu genuen, protagonista argi batekin: putxera.
Duela 48 urtetik egiten den bezala, Putxeren Nazioarteko Lehiaketa egin zen. Gure herrikoa halako lehiaketen artean zaharrena da. Alabaina, aurreko urteetan ez bezala, oraingoan berriki sortutako Putxeraren – Treneko Eltzekariaren Kofradia arduratu zen lehiaketa antolatzeaz. Goizean zehar 208 putxera aurkeztu ziren (asteartea izanda!) eta epaimahai ezin hobea izan genuen; kalitateko botoa Zuriñe Garcíak eman zuen, Michelin izar bat duen Galdakaoko Andra Mari jatetxeko chefak, eta La Roca (Bilbo) jatetxeko Jose Mari Agirre aritu zen zuzendari.
Elkartasunerako tartea ere izan genuen; izan ere, izen-emateekin bildutako diru guztia, 1.040 euro, Maialen Aulestiari eman zitzaion. Maialenek 7 urte ditu eta Donohue sindromearen Europako kasu bakarra da. Ohi bezala, AECCk ere diru-bilketa egin zuen, minbiziaren aurkako ikerketaren alde.
Antolatzaileek Ohorezko Kofrade izendatu zituzten Guggenheim Museoa eta Zuriñe García, eta aintzatespena egin zieten Marco eta Kepa Landari, hainbeste urtean zehar Putxeren Lehiaketa antolatzen aritzeagatik.
Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaileei, parte-hartzaileei eta beste urte batez San Severino egun berezia izan zedila ahalbidetu zuten balmasedar guztiei, giro ederra jarriz.