
- > Castellano
CLI eta EH Bildu alderdiek balio politiko eta sozialekin lotutako zeharkako ardatzetan oinarritutako legealdi-akordio bat sinatu dute Balmaseda emankor, justu eta solidarioagoa lortzeko. Akordioak sail guztiei eragiten die, eta honako hauek jorratzen ditu: herritarren parte-hartzea, justizia soziala eta elkartasuna, balmasedar guztien arteko berdintasuna, feminismoa tresna gisa erabilita, klima-larrialdiaren aurrean ekologismoa eta euskalduntzea.
Lehen lehentasuna herritarren parte-hartzea bermatzeko beharrezko aldaketak egitea izango da. Besteak beste, UEOa aldatuko da, herritarren parte hartzeari buruzko erregelamendu bat onetsiko da, aurrekontuaren ehuneko bat ideia parte-hartzaileetara bideratuko da, herritarrei proiektu handiekin lotutako kontsultak egingo zaizkie eta asebetetzeari eta etengabeko hobekuntzari buruzko galdetegiak egingo dira jaietarako eta gainerako sailetarako.
Horiez gain, beste ekimen batzuen alde ere egin nahi da, hala nola enplegu-eskaintza publikoen deialdia, udal-plantillaren behin-behinekotasun egoerarekin amaitzeko, lortutako lanpostu-zerrenda behin betiko plantilla organikora egokituz. Horrekin batera, neurri hauek ere aurreikusi dira: kirol-tarifak izoztea edo jaistea, alkatearen agenda iragartzea, hornitzaileen kontratazioaren gardentasuna, zerbitzu publiko pribatizatuak apurka Udalari bueltatzea eta Mankomunitatearen eta udal-zerbitzuen berrikuntza eskatzea.
Halaber, euskarari buruzko ordenantza berri bat prestatuko da, eta hizkuntza horretako komunikazio-politika sustatuko da, hizkuntzak kirolaren arloan duen erakargarritasuna landuz. Euskara-ikasketen doakotasuna sustatuko da, eta prestakuntza-moduluak eta lanbide-heziketa publikoa eskatuko dira. Ikastetxeekin ere lankidetzan aritu nahi da, berdintasunean heziz eta izaera tekniko eta zientifikoko unibertsitate- eta lanbide-prestakuntza sustatuz. Neurriak hartuko dira eskolako jantokietan eta bestelako instalazio publikoetan tokiko elikagaiak emateko, eta ikasketa-gela liburutegi zaharraren eraikinera lekualdatuko da.
Dagoeneko ari dira HAPO parte-hartzailea lantzen, eta, gainera, parke estaliak sortu, auzoz auzoko beharrak ebaluatu, puntu beltzak ezabatu, hiri-baratzeak ipini, lur komunalen ordenantza aldatu, mendia birpopulatu eta erabilerak zabaldu, auzolana arautzeko udal-erregelamendu bat sortu, Foru plaza berrordenatu, tokiko hirigintza-araudia berriro ebaluatu, tokiko ingurumen-araudia eta parte-hartzearen garapena baloratu, aldaketa klimatikoaren aurkako plan bat sortu, bizikletan ibiltzeko bideak finkatu, museorainoko bidegorri bat sortu eta Irisgarritasun Plana berritu nahi dute.
Gizarte-ekintzarekin lotutako gaiei dagokienez, mendekotasunaren balorazioan esku hartu, jantoki sozial-ostatu baten beharrak ebaluatu, Berdintasun Plana eta eraso matxisten aurkako Udal Protokoloa berritu, gazteak jokoaren aurka prestatu, botiloiaren ordenantza aldatu, migratzaileak jasotzeko plana berritu, Elikagaien Bankua eraberritu, taxi sozial bat ipintzea aztertu eta GLLen partida beharretarako egokitu nahi dute.
Kultura, jaiak eta berrikuntza eta eraldaketa digitalari dagokionez, jaien ordenantza aldatuko da, jai- eta txosna-batzorde irekiaren alde egingo da, B plan bat sortuko da baldintza meteorologiko kaskarretarako, zientziarekiko sentsibilizazioa sustatuko da, elkarte guztientzako bilerak dinamizatuko dira, gure historia eta ondarea zabalduko dira, Gazteluko Muinoan ikerketa bat egingo da, haurrentzako liburutegia sortuko da, euskarazko zinema eta ekitaldi gastronomiko eta kulturalak bultzatuko dira, Horkasitas jauregian edukien eta funtzio anitzeko erabileraren plan bat sortuko da, zinema- eta antzerki-zikloak eskainiko dira gai ez-komertzialak jorratzeko, herritarren partaidetzarako udal-webgune berria eta kanal digitalak sortuko dira eta Balmasedako kultura eta historia kontsultatzeko botak sortuko dira.
Kirolari eta gazteriari dagokionez, kiroletako udal-eskola, kirol- eta kultura-instalazioetarako txartel bakarra eta alokairuei eta Gaubusari buruzko gazteen plan bat sortu nahi dira; bestalde, gazteen plana egiteko gazteria-batzordea ere eratu nahi da. Horrez gain, txikiparkaren instalazioak eta zerbitzuak zabaldu nahi dira eta kiroldegia, igerilekuak eta pilotalekua birmodelatu nahi dira.
Azkenik, ekonomia-sustapen, enplegu eta merkataritzaren arloan elementu eragile modura honako neurri hauek hartu nahi dituzte: tokiko enplegu-plan bat dinamizatzea, enpleguaren aldeko tokiko mahaia sortzea, enpresa-ekimenak bultzatzea, banaketa-modu berriak erabiliz tokiko produktuen kontsumoa sustatzea, tokiko salmentarako plataforma bat eratzea, elkarwork-aren espazioa handitzea, enplegagarritasuna eragiteko etengabeko prestakuntza eskaintzea eta NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuetan oinarrituta, larrialdi klimatikoari erantzuteko plan bat egitea, karbonorik gabeko ekonomiarekin, baliabideak aurreztea, elikadura-burujabetza eta herritarren ekonomia hartuta garapen ekonomiko eta sozialaren ardatz moduan.
Batzorde batek ekintza horiek eta gainerakoak jarraitu eta baloratuko ditu, nahiz eta puntu horietako batzuk ezingo diren guztiz amaitu legealdi honetan.