
- > Castellano
Otsailaren amaieran Zabalgarbi enpresako, BalmasedActivako eta Putxeraren Kofradiako zuzendaritzek eginiko bilkuran, langabezian dauden pertsonen elkartearen Nekazaritza Soziala proiekturako onuragarria den akordio bat itxi zuten. Zabalgarbik 15.000 euro jartzeko konpromisoa hartu du datozen hiru urteetan, hots, “La Rotura” izeneko proiektua indartzeko fasearen aldian. Modu horretan, % 100ean ordainduta geratuko da babarrunen produkziorako behar den inbertsioa eta ahabien produkzioaren zati bat. Horrez gain, Zabalgarbik lankidetzan jarraitzeko interesa erakutsi du; izan ere, elkarteak landareen hazitokiak egiteko duen aukera aztertuko du, eskura dituen bero-instalazioak aprobetxatuz. Bestalde, enpresak, Balmasedan langabezia-egoeran dauden pertsonak lan-munduan txertatzea bultzatzeko, etorkizunean elkartearekin lankidetzan jarraitzeko beste formula batzuk aztertzeko ardura hartu du.
Bi erakundeak antzeko ideietan oinarritzen dira, biek baitute ekonomia zirkularra ardatz. Zabalgarbik hondakinen tratamendurako irtenbide integral bat lantzen du, energiari balioa emateko teknologia berritzaileak erabiliz. “La Rotura” aldiz, nekazaritza sozialeko proiektu bat da, irtenbide berritzailea eman nahi diona gure bailarako erronka ekonomiko eta sozial izugarri bati: langabeziari.
Beste alde batetik, Putxeraren Kofradiak “La Rotura” elkarteari bi motatako babarrunak (Gernikakoak eta Tolosakoak) landatzeko laguntza eskatu dio, modu horretan bi erakundeentzako sinergia onuragarriak sorraraziz. Batetik, lanbide gehiago sortzen lagunduko du eta, bestetik, gure hiribilduko kultura gastronomikoaren ezaugarri den produktu bat landatuko da. Hasiera batean laborantza 6.000 m2-koa izango da, 7.952 babarrun-landarerekin, eta horietatik 800 kiloko uzta jasotzea espero da. Laborantza mota honen ezaugarri garrantzitsua da eskuzko laborantzaren teknika erabiltzen dela, eta horrela pertsona gehiago behar dira uzta bildu eta aletzeko. Babarrunen produkziorako inbertsioa guztira 10.000 eurokoa izango da eta ahabiena, berriz, 40.000 eurokoa.