
- > Castellano
Izena: Ainhoa Fernández San Miguel
Adina: 28
Zein da lantzen duzun diziplina zientifikoa? Biologo zelular, molekular eta genetikoa. Zelula Amekin egindako terapietan eta Ingeniaritza Biomedikoan aditua. Medikuntza Birsortzailean eta Ehunen Ingeniaritzan oinarritutako Terapia Zelularra (medikamentuak zelula amekin).
Zertan egiten duzu lan / zer ikertzen duzu? Lanean entsegu klinikoak egiten ditut gantz-ehunetik ateratako zelula ama mesenkimalekin, hainbat patologia tratatzeko. Hori egin ahal izateko, entsegu bakoitzerako medikamentuak dosi egokietan egin behar ditugu. Horretarako, isolatu egin behar dira gantz-ehunetik ateratako zelula amak eta zelula-bankuak eratu behar dira, etorkizunean pazienteei ezarriko zain medikamentu zelularra sortzeko.
Zertarako balio du egiten duzun lanak? Egiten ditudan medikamentu zelularrek, besteak beste, bizkarrezur-muineko lesioak tratatzeko balio dute; horietan lesio akutuak aurrera egitea ekiditen saiatzen gara pertsonaren mugikortasuna mugatzen duen inflamazioa blokeatuz (horrela tratatu ditugun hainbat pazientek traumatismoaren ondorioz galdutako mugikortasunaren zati bat berreskuratu dute). Horrez gain, iktusak tratatzen dira, kaltetutako ehuna eta normalean motorrak diren horren funtzioak berreskuratzeko, baita fistulak ere, kroniko bilakatu diren barneko ultzerak orbaintzeko; eta hezur-hausturak… Halaber, abian jarri dugun azkeneko entsegu klinikoa arnas distresaren sindrome akutua tratatzeko balio duen medikamentua da, hori baita Covid-19aren infekzioak sortutako kalte larriena. Gure tratamenduaren xedea da murriztea ehuna kolapsatzen duen eta kasu gehienetan pazientearen heriotza eragiten duen biriken inflamazioa. Entseguan parte hartzen ari diren paziente boluntarioei esker, egiaztatu ahal izan dugu distresa duten pazienteengan zelula mesenkimalak inokulatzeak oso eragin positiboa duela; izan ere, egonkortu egiten dute pazientearen egoera, eta, kasu askotan, ahalbidetu egiten dute azkar sendatzea eta inokulatu eta astebete igaro baino lehen ZIUtik ateratzea.
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua zientzia?? Orokorrean, zientziak egunerokoan egiten ditugun galderen erantzunak ematen dizkigu, adibidez, zergatik gertatzen diren lurrikarak, beste planeta batzuetan bizitza dagoen edota klima-aldaketaren ondorioak zeintzuk izango diren. Zientziari esker, gure ingurua ezagutu eta hobetu dezakegu, baita gure bizi-kalitatea hobetu ere, egoera berrietara modu eraginkorrean egokitu ahal izateko. Zientzia dugun guztia da, edonon dago; berez, zientzia zu zara. Gainera, uste dut guztiok aintzat hartu behar dugula zientziarik gabe ez genukeela etorkizunik ez orainaldirik izango.
Nola animatuko zenituzke belaunaldi berriak? Bizitzan guztiak du oinarri zientifiko bat, egunerokoan dugun gauza arruntenak ere. Gogoan dituzue pandemian zehar egin dituzuen ogi tona guztiak? Gogoan duzue hegazkinean igo eta erori zitekeela pentsatu zenuten lehenengo aldia? Edo, pentsatu duzue inoiz bihar Balmako kaleetara txalupan irten beharko dugun jakiten laguntzen diguten sateliteetan? Bada, hori ere zientzia da. Zientzian lan egitea etengabeko erronka da, eta, egiten dizun ikerketaren emaitzak direnak direla, jakintza berriak emango dizkizu. Zientzian, edozein ikuspuntu da aberasgarria; horregatik, zientziaren etorkizunean zuen harri-koskorra jartzera animatzen zaituztet. Elkarrizketa honetan eman zaidan aukera baliatuta, azpimarratu nahiko nuke, gure bizitzaren beste arlo askotan bezala, zientzian era gertatzen dela izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Eta, nork daki, baliteke Balmasedako etorkizuneko neska zientzialarietako bat hurrengo Margarita Salas izatea.