
- > Castellano
Balmasedan uler daiteke Aste Santua misererea entzuten hasi gabe? Ezinezkoa! Gure funtsaren, gure emozioaren, gure idiosinkrasiaren… oso zati garrantzitsua faltako litzaiguke. Martín Rodríguez Seminario jaunaren misererea Zubi Zaharra edo San Severinoko parrokia bezain balmasedarra eta artistikoa da; hain zuzen, Martin jauna azken horretan izan zen organo-jotzailea 60 urtez (1901-1961). 1904an edo 1905ean estreinatu zen eta zalantza hori argitzeko Coral Kolitza de Balmaseda. Tradición de un pueblo que canta liburuko zatitxoa hartuko dugu (26. or.); bertan, liburuaren idazle Donato Rodríguezek (abesbatzako kidea) bere ikerketaren emaitza erakusten du: “Lana 1904ko Aste Santuan San Severinoko parrokian aurkeztu izana da sinesgarriena. Beste bertsio batek dio 1905ean estreinatu zela Gasteizko katedralean. Agian bi berriak uztartu daitezke, egileak testu berberarekin bi konposaketa idatzi zituela aintzat hartzen badugu, bata “erraza” hiru ahotsekoa eta organoarekin, eta bestea bost ahots mistokoa eta orkestrarekin (organoarekin akonpainamendua egiteko ere moldatu zen). Baliteke, bertsioetako bat Balmasedan estreinatu izana, eta bestea, Gasteizen”. Bi bertsioak “lozorroan” egon ziren hainbat bosturtekoz, eta 4 ahots mistotarako (5 zati batzuetan) eta orkestra edo organoarekin akonpainamendua egiteko idatzitakoa berreskuratu egin zen, eta Kolitza Abesbatzaren errepertorioan gehitu (urte luzez zuzendari izandako Tomás Negroren ekimenez) 70eko hamarkadan. Ordutik, ezinbestekoa da Balmasedako Aste Santuan. Konposizio hunkigarria eta polita da, eta erraza dirudien arren, atzetik musika garapen aberats eta anitza dago, inspirazio- eta lan-momentu onenean musikari bikain batek soilik lor zezakeena.
Julio Lanuzak, abesbatzaren egungo zuzendariak eta Martín jaunaren musikaren miresle handiak, honako hau diosku: “Maisulan hau osatzen duten hamaika aleak bikain egiaztatuta daude, bakoitzak bere egitura formala du, baina aldi berean –eta hau zaila da– unitatea obraren barruan mantendu zuen. Laburrak baina biziak dira. Martín jauna ez zen beharrik gabe melodiak errepikatuz luzatzeko edo idatzitakoan bariazioak egiteko tentazioan erori. Hunkigarriak, kontzentratuak dira, ez dute aharrausi egiteko aukerarik ematen (lehenengo aldiz entzuten badira ere). Organoak akonpainamendua egiten duela esatea ez da oso zehatza, izan ere, bere papera, interpretatzen duenarentzat oso zaila izanik (azken hamarkadetan María Jesús Eguía balmasedarra) ahots isiluneak mantentzetik edo betetzetik askoz harago doa: momentu dramatikoen patetismoa modu indartsuan areagotzen du, pasarte erregutzaileak gozatu egiten ditu eta Pasioaren liturgian murgiltzen gaitu prozesio danborren arrada imitatu eta gogoratzen digunean. Ez dago nota, isilune edo ñabardurarik faltan, ezta soberan ere. Maisulana!”.

Eta zer esan dezakegu gure Aste Santuko abesti tradizional zoragarriei buruz. Hiribilduko herritarrek gure DNAn daramatzagun obra txiki eta intimoak dira, gure amen sabeletan geundenetik entzun ditugunak baitira. Ezinezkoa egiten zaigu Martín jaunak hiribilduko prozesio desfileei eta parrokiako erlijio ekitaldiei egindako ekarpen guztia laburtzea: bandak jotzen dituen piezak, abesbatzako musika organoaren akonpainamenduarekin edo akonpainamendu gabe… Garrantzitsuenak aipatuko ditugu:
Ezin dugu zehaztu nor den Stabatmater hunkigarriaren egilea. Martín jaunak harmonizatu egin zuen, bere zigilua jarri zion eta Semearen heriotzagatik Andre Maria doloretakoaren larrialdia eta tristura transmititzea lortu zuen.
En el calvario Martín jaunak 1958an (hil baino hiru urte lehenago) harmonizatu zuen. Eskuz idatzitako (ordurako dardartia) partitura originala gordetzen da, non maisuak “Balmasedako kantu tradizionala” dela egiaztatzen duen.
La tortolilla kantuak Semea hiltzen ikusten duen Amaren “¡Ay de mí!” arrangura estuarekin hunkitzen gaitu.
1935ean lehenengoz gure Gurutze-bide Bizidunean, Pilatoren aurreko epaiketa gehitu zen. Ziurrenik Mojazelain egiten ziren eszenak laguntzeko, Martín jaunari bi konposizio eskatu zitzaizkion abesbatzak momenturik dramatikoenak indartu zitzan. Orduan, lehenengoz eta ia azkenengoz, Oración de Jesús eta Juicio ante Pilatos interpretatu ziren. Kolitza Abesbatzak 2017an lehenengoa berreskuratu eta berriro estreinatu zuen. Interpretatzeko obra zaila da, oso sutsua, une horretan Jesusek zalantzan jartzen baitu ea etorriko zaiona jasan ahal izango duen ala ez: “Aita, baldin posible bada, iragan bedi enegandik kaliza hori”. Martín jaunaren zigilurik ohikoenarekin idatzita dago, pieza laburrak baina muina dutenak; zaila eta delikatua, aurreikusi ezin daitezkeen harmoniekin (tentsio handia sortzen duten akorde disonanteak erabiltzen ditu) eta giro hunkigarrian eta maisutasunez murgiltzen gaituzten pasarte modulatuekin.
Neurri handiago edo txikiagoan bere zigilua Ya murió, Letrilla de la Pasión (Mira ingrato pecador), eta Vía Crucis (A tu Redentor Divino mírale todo llagado…) lanetan inprimatu zuen. Hiru harribitxi horiek a capella interpretatzen dira Ostiral Santuko goizean Pasioaren irudikapenean, eta arratsaldean, José Moreno Láiz balmasedarraren organoaren akonpainamenduarekin San Severinoko parrokian.
Gure hiribilduari hainbeste arte, emozio, maitasun, kategoria, dedikazio… emateagatik, Martín jauna, MAISU, eskerrik asko!
I. Galicia Lambarri “Txipu”
Oharra: Konpositoreak Udal Bandak Balmasedako Aste Santuan jotzeko idatzi zuen musika gaur egun ez da prozesio-desfileetan interpretatzen.