
- > Castellano
1999an, Nazio Batuek azaroaren 25a “EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUN” gisa hartu zuten. Data hori ia hamarkada bi lehenago aukeratu zuen Amerikako mugimendu feministak, 1960an Mirabal ahizpen erailketa gogoratzeko, zeinak Dominikar Errepublikako Trujilloren diktaduraren aurkariak ziren. Emakumeen aurkako edozein indarkeria motari errefusa erakusteko eguna da, indarkeria banakakoa zein kolektiboa izan; esparru pribatuan, familian edo etxean, zein espazio publikoan gertatu. Emakumeen aurkako indarkeria ez da soilik emakumeen arazoa; emakume eta gizonen arteko desberdinkeriaren adierazpenik larriena da, eta giza eskubideak urratzen ditu. Gure inguruan arazo honen gaineko gizarte‑kontzientziazioa gero eta handiagoa da, baita emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria mota guztien gaitzespena ere.
Azken bi urteak COVID-19aren pandemiak markatuta egon dira. Orain gainditzen ari garen egoera horren ondorioek (itxialdiak, mugitzeko murrizketak eta harremanak mugatzeko beharra) agerian utzi dute indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen muturreko zaurgarritasuna. Egoera horren aurrean lanean jarraitu behar dugu emakume horien isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna ekiditeko baldintzak sortzeko; horretarako, indarkeria matxistaren aurkako borrokak lehentasun politikoa izan behar du, batez ere udaletan, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak baitira. Balmasedan, aurten, genero-indarkeriagatik hamahiru (13) salaketa erregistratu dira. Hala ere, badakigu, egungo egoeran, gure erakundeetara iritsi ez diren kasu gehiago egon litezkeela.
Horregatik guztiagatik, aurreko urteetan bezala, BALMASEDAKO UDALAK:
BERRETSI egiten du emakumeenganako indarkeriaren adierazpen guztiak, horiek sorrarazten dituzten egiturazko arrazoiak eta betikotzen dituen normalizazioa errotik kentzeko konpromisoa; horretarako, bere eskumenen esparruan beharrezko baliabide tekniko, ekonomiko eta politiko guztiak abian jarriko ditu.
KONPROMISOA HARTZEN DU COVID-19aren krisiak indarkeria matxistetan eduki ahal izan duen eragina aztertzeko eta horri aurre egiteko beharrezkoak diren ekintzak identifikatzeko. Horretarako, erakunde, emakumeen elkarte, feministen kolektibo eta beste gizarte-eragile guztiekin koordinatuta arituko da.
EZ DU MURRIZKETARIK EGINGO berdintasun-aurrekontuetan eta berdintasun‑programak mantendu eta finkatzeko beharrezkoak diren partidak areagotuko ditu. Halaber, beharrezko baliabideak bideratuko ditu herritarrek, eta batez ere emakumeek, indarkeria matxistaren aurkako borrokara zuzendutako baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa izan dezaten.
HERRITARRAK ANIMATZEN DITU urtean zehar ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonalak eta taldekoak hartzera, batez ere indarkeria edo bereizkeriaren edozein adierazpenen errefusari dagokionez, eta, egungo egoerak ahalbidetzen duen heinean, erakundeek eta gizarte-mugimenduek deitzen dituzten ekimenetan parte hartzera.