
- > Castellano
Balmasedak LIFE GOOD LOCAL ADAPT Europako proiektuan martxoaren 14an eta apirilaren 18an parte hartzeko prozesua hasi du, udalerrian klima-aldaketaren inguruko ezagutza hobetzeko eta, herritarrekin batera, klima-aldaketara egokitzeko irtenbideak proposatzeko.
Proiektuaren lehen fasean, Balmasedako herritarrek klima-aldaketak ekar ditzakeen eraginen inguruan zenbat dakiten ebaluatu eta haien beharrei buruzko informazioa batu nahi izan da.
Parte hartzeko bigarren fase honetan, udalerrian klima-aldaketaren gaineko ezagutza eta sentsibilitatea hobetu ahal izateko ekintzak identifikatzeko eta herritarrekin batera irtenbideak ebaluatzeko ahalegina egingo da.
Azkenik, proiektuak, udalerriko alde zaharreko eraikin berezi batean, egokitzapenerako irtenbide posibleak proposatuko ditu; horiek gauzatzeko, Europako finantzaketa jaso beharko da. Irtenbide horiek Balmasedako herritarren artean adostuko dira, eta, horiek diseinatzeko, ingurumeneko, gizarteko eta ekonomiako onurak baloratu beharko dira.
Klima-aldaketa udalerriek aurrez aurre duten erronka da, eta hari heldu behar diote, ingurumen-eragin garrantzitsuak izan ditzake eta. Besteak beste, gero eta sarriago ikusten diren muturreko gertaerek gora egin dute, hala nola uholdeek, ekaitzek, lehorteek eta bero-boladek.
Udalerri txikietan klima-aldaketara egokitzeko irtenbideak sustatzeko, LIFE GOOD LOCAL ADAPT Europako proiektua sortu da, LIFE+ Europako Batzordeak ingurumenerako duen finantzaketa-tresnaren diru-laguntzari esker.
Factor CO2 da proiektuaren burua, Gaiker, Createlli, Ekinn eta Amurrioko, Balmasedako eta Legazpiko udalekin batera. Helburu nagusia da herritarrak klima-aldaketaren ondorioen eta udalerria klima-aldaketaren ondorioak kontuan hartuta egokitu ahal izateko neurrien inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea.
Honako hauek dira “Good Local Adapt” proiektuaren helburuetako batzuk: irtenbide jasangarriak hartzea, hiru udalerrietan (Balmaseda, Legazpi eta Amurrio) proiektuan parte hartzen duten auzoetan hiriguneak behar bezala egokitzeko; ekimen publikoaren eta ekimen pribatuaren arteko osagarritasuna sustatzea; eta udalerri txiki eta ertainen esku jartzea egokitzapen-irtenbideak lehenesteko metodologiak.
Proiektu horien bidez, berretsi egiten da Balmasedako Udalak jasangarritasunarekin eta klima-aldaketarekin duen konpromisoa.
Proiektua 2017ko irailaren eta 2020ko urriaren bitartean garatuko da, eta bi ikerketa-ildo nagusi jorratuko ditu: uraren kudeaketa hobetzea eta bero-uhartearen efektua murriztea. Helburu horien bitartez, zenbait esperientzia pilotu diseinatuko dira, eta, horretarako, klima-aldaketara egokitzeko irtenbideak proposatuko dira.