
- > Castellano
Balmasedako Udalak “Argentinako kereila” delakoarekin bat egitea erabaki du, Gerra Zibila hasi zenetik diktadura frankistaren amaierara bitartean Espainian egin ziren genozidio-delituak eta gizadiaren aurkakoak ikertzeko. Horretarako, lehenik eta behin biktimen eta haien senitartekoen lekukotzak jasoko ditu, baita auzi horren inguruko datuak eman ditzaketen bertako historialarienak ere. Modu horretan, prozedura judizialetarako frogak bilduko dira.
Urtarrilaren 17an, Álvaro Parrok, Balmasedako alkateak, lekukotzak biltzeko biktimentzako arreta-zerbitzua aurkeztu zuen, Josu Ibargutxi Goldatuko bozeramailearekin (Francoren Diktadura garaiko Euskal Preso eta Errepresaliatuen Elkartea) eta Angélica Padilla Bakeolako kidearekin (Bizikidetzaren, Gatazkaren eta Giza Eskubideen inguruan lan egiten duen zentroa) batera. Zerbitzu berri hori urtarrilaren 24tik martxoaren 7ra bitartean emango da, asteazkenean, Emakumearen Etxean, 16:00etatik 19:00etara. Aurkezpenean, zerbitzuaz gain, hizpide izan zituzten kereila bera, kereilarekin bat egin duten beste udalerri batzuen esperientzia, eta Euskadiko eta Estatuko egungo egoera. Hitzaldi benetan interesgarria izan zen, eta gure iraganaren etapa ilunenetako bati buruz gehiago ikasteko bide eman zigun.