- > Castellano

Martín Rodríguez Seminario
Kolitza Koruak emango duen hurrengo kontzertuaz hitz egiten digu. “Miserere” kontzertu tradizionala izango da, gure Hiribilduan Aste Santuko ekitaldiei hasiera ematen diona, hain zuzen.
Urtero bezala, Balmasedako Aste Santuko ekitaldi artistiko eta erlijiosoei Martín Rodríguez Seminarioren —ezagutzeko zortea izan genuenontzat eta hari buruz hitz egiten entzun gaituztenontzat, Don Martín— Miserere obrarekin emango diegu hasiera. Iruñean jaio zen 1871an, baina 30 urte zituela San Severino parrokiako organista postua betetzeko gure hiribildura heldu zenetik Balmasedako semetzat hartu genuen. Hirurogei urtez postuan izan zen bitartean sortu zuen obra gehiena, Miserere barne (1904an estreinatu zena); hori dela eta, hiribilduko biztanleok gure egin dugu obra hori, Balmasedako ondare artistikoaren zati zinez garrantzitsu bat baita.
Obra hori osatzen duten hamaika saioak ederki kontrastatuak daude. Bakoitzak bere egitura formala dauka, baina, aldi berean —eta hori oso garrantzitsua da— obraren barruko batasuna mantentzen du. Laburrak dira, baina indartsuak. Martín jauna ez zen melodiak errepikatuz edo idatzitakoaren gainean aldaketak eginez saioak luzatzeko tentaldian erori. Zirraragarriak, kontzentratuak dira, eta ez diote aharrausiari tokirik egiten (nahiz eta entzuten diren lehenengo aldia izan). Ez dago notarik, isiltasunik edo ñabardurarik faltan edo soberan: arte-lan bat da.
Segurtasun osoz esan dezakegu organoa lagun dugula esatea ez dela batere zehatza. Interpretatzen duenarentzat ez da batere erraza (gure kasuan María Jesús Eguía balmasedar maitea) eta ahozko isiltasunen betetzea edo mantentzea soberan gainditzen ditu: une dramatikoen patetismoa indarrez areagotzen du organoak, pasarte erregutzaileak eztitzen ditu eta Pasioaren liturgian murgiltzen gaitu, prozesioetako danborren tarrapatak imitatu eta gogora ekartzen dituenean.
Bigarren zatia Balmasedako Aste Santuko abesti tradizionalek osatzen dute. Hiribilduko biztanleok ADNan daramatzagun artelan txiki eta kutunak dira, amaren sabeletik entzun izan ditugulako.
Fui de Dios Claudio Casciolini (Erroma 1697-1760) musikari barroko italiarraren konposizio bat da. Musikari horrek moteteak konposatzen jarraitu zuen Palestrinako lerro errenazentistari jarraiki, eta bitxi txiki hau utzi zigun, gure hiribilduan dagoeneko tradizionaltzat jotzen duguna.
Ezin dugu zehaztu nor den gure Aste Santuko Stabat mater hunkigarriaren egilea. Martin jaunak harmonizatu zuen, bere zigilu partikularrarekin inprimatu zuen eta Andre Maria doloretakoari semea hil zitzaioneko atsekabea eta nahigabea transmititu zezan lortu zuen.
En el calvario pieza ere Martin jaunak harmonizatu zuen 1958an (zendu baino hiru urte lehenago). Martin jaunak esku dardaratiaz idatzitako jatorrizko partitura oraindik kontserbatzen da, zeinean maisuak “Balmasedako abesti tradizional bat” dela adierazten duen. Hiru ahotsentzako moldatu zuen: lehenengo tipleen eta lehengo tenoreen kargura dauden melodiak, beste ahots bat bigarren tipleentzat eta bigarren tenoreentzat eta baxuek osatutako harmoniak. Geroago, laugarren ahots bat gehitu zitzaion (Martín jaunarena?) eta tipleen esku-hartzea kendu zen, abesbatza misto baten ohiko harmonizazioan (sopranoak, kontraltoak, tenoreak eta baxuak). 60ko mendetik aurrera hala jarraitu zen interpretatzen. Aurten, ordea, Martin jaunaren jatorrizko bertsiora bueltatuko gara: sopranoek, bigarren zatian (“En el Calvario, cruel la escena…”), tipleentzat idatzitako tesitura altuan abesten dute melodia, eta laugarren ahotsa ere mantentzen da. Efektua zirraragarria da.
Gure gurutze-bide bizidunean Pilatosen aurreko epaiketa sartu zen lehen aldiz 1935. urtean. Ziur asko Mojazelaian antzezten ziren eszenak laguntzeko, Martin jaunari eskatu zitzaion bi konposizio egiteko, abesbatzak Pasioan gako diren bi uneetako dramatismoa sendotu zezan: olibondoen ortuan eta adierazitako epaiketan. Orduan, lehen aldiz eta ia-ia azken aldiz, Jesusen otoitza eta Pilatosen aurreko epaiketa interpretatu ziren. Kolitza Korua abesbatzak horietako lehenengoa berreskuratu eta “berrestreinatuko” du aurten. Oso obra bizia da, kristautasunaren une gorenaren larritasuna adierazten duten paisaia aldakorrekin; orduantxe Jesusek zalantza asko ditu gainean etorriko zaiona dakiena jasan ahalko duenari buruz: “Aita, aparta ezazu nigandik kaliza hau”. Harira doazen obra laburrak idazten aditua den Martin jaunaren zigilurik nabarmenarekin idatzi da obra; zaila eta delikatua da, aurrez ikus daitekeen harmoniarik gabekoa eta maisukiro giro drmatikoa sortzen duten paisaia aldakorrekin.
Martín jaunak harmonizatutako La tortolilla tradizionala, konposizio nahiz moldaketa guztietan jartzen zuen emozioarekin. Semea hiltzen ikusten duen amaren ¡Ay de mí! aiene larrigarriak amaiera emango dio bigarren zati horri.
Martin jaunarena ere den Himno de Balmaseda (Balmasedako ereserkia) delakoak kontzertua itxiko du solemnitatearekin. M. de la Torreren poema luze baterako konposatu zuen musika; horrenbestez, Balmasedan, ziur asko, munduko ereserkirik luzeena daukagu. Pianorako idatzi zen; horren zati batean, zortziduna bategatik, teklatua falta zaio organoari. María Jesús andreak, erregistro desberdinak eta pedalierra konbinatuz, bizitza ematen dio, hori partituran adierazita ez badago ere.
Coral Kolitza Korua