
- > Castellano
Datorren 2022ko azaroaren 21ean Balmasedako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Kontseiluaren erreglamendua sortuko da. Berdintasunerako Kontseiluaren eraketak udalerriko emakume-elkarteek eta talde feministek elkarrekin lan egiteko aukera ematen du, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde. Horri esker, agintaritza publikoek berdintasunarekiko duten konpromisoa indartzen da, baita parte-hartze publiko eraginkorragoa eta zuzenagoa sustatu ere.
Hemen Kontseilu honen erreglamendua argitaratzen dugu:
1. artikulua. Izaera
– Balmasedako emakumeen eta gizonen berdintasunerako udal‑kontseiluaren oinarria Balmasedako emakumeek udalerriko politika, kultura, ekonomia eta gizarte bizitzaren hainbat alorretan duten parte‑hartzea da, bai eta emakume-elkarteen jarduerak Udalarekin koordinatzea ere.
– Udalak eta emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren alde lan egin nahi duten pertsona, talde edo elkarteek osatuko dute.
– Kontseilua lege-testuetan aitortutako berdintasunerako eskubiderako organo aholku-emailea, informatzailea, ekintzen sustatzailea eta eragilea da.
– Berdintasunaren Kontseilua ez da egongo Udalbatzaren menpe eta autonomia funtzionala izango du.
2. artikulua. Helburuak
Berdintasunerako kontseiluak oinarrizko helburu hauek izango ditu:
– Gizon eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren alde lan egin nahi duten pertsona eta eragile sozialen sarea sortzea.
– Emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea.
– Berdintasunarekin lotutako gaien inguruan hausnarketa egitea, elkarlanerako adostasun puntuak biltzea eta emakumeen eta gizonen arteko aukera‑berdintasuna bultzatzeko ideia berriak sustatzea.
– Balmasedako emakumeen beharrak eta diskriminazio egoerak identifikatzea eta horiei erantzuteko eta gainditzeko berdintasunerako baldintzak sustatzea.
– Emakumeen eskubideak eta interesak defendatzea.
– Udaleko politika eta zerbitzuek emakumeen eta gizonen arteko aukera‑berdintasuna bermatzen dutela zaintzea.
– Emakumeenganako indarkeria mota guztiak ikusgarri egin eta salatzea.
– Berdintasunaren arloari lotuta dagoen eta udalerrian gertatzen den edozein gertakariaren aurrean beharrezko erantzuna detektatu, aztertu eta bideratzea.
3. artikulua. Funtzioak
Aurreko artikuluan zerrendatutako helburuak betetzeko, kontseiluak ondorengo funtzioak izango ditu:
– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea helburu duten udaleko politiketan aholkularitzan aritzea aholkua emateko eta informaziorako organo gisa.
– Emakumeen bizi-kalitatea aukera-berdintasunean hobetzen laguntzen duten arlo guztietan sentsibilizazio eta informazio kanpainak egitea proposatzea.
– Bere ekimenaz edo hala eskatzen zionean, udal jarduera-planetan berdintasun printzipioa betetzeko neurriak sustatzea, udalari iradokizunak egitea; horretarako behar den informazioa jasoko du, azterketak egingo, txostenak burutu edo bestelako baliabideak erabiliko ditu.
– Aukera-berdintasunarekin lotutako gaietan udalaren eta herritarren edo kolektiboen arteko bitartekari lanak egitea, euren eskaerak, proposamenak, salaketak, iritzi ezberdinak jaso eta kudeatzea.
– Urteko berdintasuneko plangintza zehazteko neurri, jarduera, kanpaina eta programak diseinatu eta bideratzen laguntzea.
– Urteko berdintasuneko plangintzaren eta esku hartzearen jarraipena eta ebaluazioa egitea.
4. artikulua. Osaera
Honako hauek izan daitezke Berdintasunerako Kontseiluko partaide:
Berdintasunerako Kontseiluan parte hartuz, berdintasuna sustatzeko jarduerak garatzen laguntzen duen edozein pertsona, talde edo elkarte, emakumeen perspektiba eta eskubideak defendatzeko.
Gainera, entitate horien kide ez diren edo ordezkapenik ez duten pertsonek parte hartu ahalko dute, banan-banan.
A- Talde edo elkarteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
– Legez eratuta egotea eta dagozkion erregistroetan izena emanda egotea.
– Estatutuak Balmasedan helbideratuta izatea eta/edo jarduera udalerriaren arloan garatzea.
– Irabazi-asmorik ez edukitzea, eta bere barruko egitura eta funtzionamendurako erregimena demokratikoak izatea, indarrean dagoen legediaren arabera.
Pertsona juridiko bakoitzak ordezkari bat izendatuko du, eta horrek hitza eta botoa izango ditu.
Entitate horiek eskabidea igorri beharko diote Berdintasunerako Kontseiluari. Integrazio eskaerak kontseiluak onartuko ditu, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean.
B- Irabazi-asmorik gabe jardun eta berdintasunaren aldeko jarduerak garatzen dituzten pertsona fisikoek gaiaren gaineko interes egonkorra dutela adierazi beharko dute.
Pertsona fisikoek beren buruaren ordezkari izango dira kontseiluan, eta hitza eta botoa izango dute.
Honako datu hauek eman beharko dituzte:
– izena eta bi abizenak
– helbidea
– deialdietarako harremanetarako zenbakia
– Berdintasunerako Kontseiluan parte hartzera bultzatu dituen arrazoien azalpena
– gaiarekiko interes egonkorra, irabazi-asmorik ez izatea eta kontseiluan ordezkaritza duen elkarte baten kide ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena.
C- Alkatearen edo zinegotzigoaren ordezkaria; hitza eta botoa izango ditu, eta Kontseiluko presidentea izango da.
D- Berdintasuneko teknikariak, edo bere ordez Udalak erabakitzen duen horrek hitza izango du, baina ez botoa, eta Kontseiluaren idazkaria izango da.
E- Kontseiluan Udalean ordezkaria duten alderdi politikoak parte hartu ahalko dute, eta ahotsa izango dute baina botorik ez.
F- Balmasedako Berdintasunerako Kontseiluan genero berdintasunaren arloan frogatutako balioa duten aditu eta pertsonek parte hartu dezakete, gai zehatz eta espezifikoetan aztertzen eta aholkatzen aritzeko.
Gehiengoak eskatuz gero parte hartu ahalko dute.
Haien parte-hartzea aldizkakoa edo aldi baterakoa izango da. Horretarako, parte-hartze denbora mugatuko dute, eta ez dute botorik izango.
Berdintasunerako Kontseiluan ordezkari izateak ez du inolako ordainsaririk ekarriko.
Berdintasunerako Kontseiluan parte hartzeak erregelamendua onartu, norberaren talde edo elkarteari horren edukia jakinarazi eta bileretan adostutako konpromisoak betetzea ekartzen du.
5. artikulua. Kontseiluko organoak
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako kontseiluak organo hauek izango ditu:
- Lehendakaritza
Kontseiluaren lehendakaritzak ondorengo funtzioak beteko ditu:
– Kontseiluaren ordezkaria izatea udalerrian.
– Kontseiluaren bileren deialdiak egin eta gidatu.
– Kontseiluak proposatutako partaideen altak eta bajak jakinaraztea.
– Kontseiluaren proposamenak aurkeztea eta defendatzea dagokion batzorde politikoan
– Kontseiluaren proposamenen garapenaren berri ematea dagokion batzorde politikoan.
- Idazkaritza
Kontseiluaren idazkariak funtzio hauek beteko ditu:
– Bileretarako deialdiak prestatu eta bidaltzea.
– Bileretarako aktak egitea.
– Bileretan gaiak aztertzeko eta erabakiak hartzeko behar den dokumentazioa eta informazioa bidaltzea.
– Eztabaidak gidatu eta bideratzea.
– Kontseiluaren proposamenak aurkeztu eta defendatzea dagokion batzorde politikoan, gaiak edo egoerak hala eskatzen duenean.
- Batzarra
Batzarra Berdintasunerako Kontseiluaren organo gorena da, eta honako hauek osatzen dute: lehendakaria; talde, elkarte eta banakoen ordezkari guztiak; eta aukera-berdintasuneko teknikaria, aldi berean idazkaria izango dena.
Elkarte, federazio eta gainerako entitateek gehienez ordezkari bakarra izango dute batzarrean, eta Berdintasunerako Kontseiluaren idazkaritzan izendatuko dute ordezkari titularra eta ordezkoa. Aukeratutako ordezkariak dagozkion estatutuek ezartzen duten prozedurak jarraituz izendatu beharko dira.
Honako hauek dira batzarraren eskuduntzak:
– Berdintasunerako Kontseiluaren jarduera-ildo nagusiak ezartzea.
– Jarduera egitaraua eta horren kudeaketari dagokion memoria ebaluatzea eta onartzea, hala badagokio.
– Kontseiluaren barne-arautegia eta funtzionamendurako gainerako arauak eta aldaketak onartzea.
– Udaleko sail ezberdinei beharrezkotzat jotzen diren proposamenak egitea Balmasedako emakumeen interesak defendatzeko eta sustatzeko. Egin beharreko jarduera guztietan diziplina anitzeko izaera bultzatuko da.
– Kontseiluari jakinarazten zaizkion salaketa diskriminatzaileak batu eta bideratzea dagokion organoen aurrean, beti ere, berdintasun-printzipioaren aurkakoak badira edo iraingarriak badira emakumeentzat.
– Erakunde berriak sartzeko eskariak onartzea, bai eta barruan daudenak kanporatzea ere, erregelamenduko arauak hausteagatik.
– Bileretan parte‑hartze aktiboa izatea.
– Bileretan hartutako konpromisoak betetzea.
– Norberaren elkarteko kideei kontseiluaren bileretan jorratutako edukien berri ematea.
– Kontseiluaren araudia ontzat hartzea eta betetzea.
6. artikulua. Kontseiluan sartzea
– Laugarren artikuluan aipatutako elkarte, talde eta norbanakoek kontseiluan sartzea eskatzeko lehendakariari zuzendutako eskaera orria bete beharko dute.
– Kontseiluan parte hartu nahi duenak edozein momentutan egin dezake sartzeko eskaera.
– Datuak aldatuz gero, kontseiluko idazkaritzari jakinarazi beharko zaio.
7. artikulua. Kontseiluaren funtzionamendua
– Kontseiluaren ohiko bilerak hiru hilean behin egingo dira, eta ez ohikoak lehendakariak edo kideen herenak horrela eskatzen duenean.
– Lehendakaritzak deialdiak idatziz egingo ditu; ohiko bileren kasuan zazpi egun lehenago eta ezohiko kasuan bi egun lehenago.
– Kontseilua eratuta egoteko beharrezkoa izango da kideen erdiak +1 bertaratzea.
– Lehentasunez erabakiak aho batez hartuko dira, eta, hori ezinezkoa izanez gero, bertaratutakoen gehiengo soilez.
Berdinketa egonez gero, lehendakariak kalitateko botoa izango du.
– Bilkura bakoitzaren akta egingo da, eta bertan jasoko dira bilkurara bertaratutakoen izenak, hasierako ordua, bukaerakoa, erabakitako gaiak eta, kasuan kasu, bozketen emaitzak.
– Lan batzordeak sortu ahal izango dira, kideen gehiengoaren iritziz gaiak aztertzeko komenigarria den kasuetan. Behin sortzen direnean funtzionamendua eta kideak zehaztuko dira.
8. artikulua. Arautegi subsidiarioa
Erregelamenduan aurreikusi ez den orotarako, indarrean dagoen eta aplikagarria den legedia aplikatuko da.