
- > Castellano
Balmasedako Udalak, legealdi honen (2019-2023) hasieran, konpromisoa hartu zuen herritarrekin batera bide-garbiketako zerbitzua Udalak zuzenean emandako berezko zerbitzu gisa berreskuratzeko aukera aztertzeko, eta ez kanpoko enpresa batek kontratu bidez emandako zerbitzu gisa.
Herritarren iritzia ezagutzeko, herri-kontsulta hau plantatzen da. Partaidetza- eta hausnarketa-prozesua izango da, eta etorkizunari begira hartuko den erabaki munizipal honi itxura ematen lagunduko dio, herritarren adostasunarekin, egoera ezagutu eta prozesuan parte hartu ondoren.
Galderak
Nola baloratzen duzu kaleak garbitzeko egungo zerbitzua?
Zure ustez, zerbitzua berriz udalekotzeak hobetu egingo luke udalerriaren egungo garbiketa?
Azken batean, ados zaude Udalak garbiketa-zerbitzuaren kudeaketa zuzenari berriro ekitearekin?
Parte hartzeko eskakizunak
Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiek parte hartu ahalko dute:
16 urte bete izana,
Balmasedan erroldatuta egotea
eta identifikazio-txartel ofizial bat erakustea (NANa, gidabaimena, pasaportea, etab.).
Parte hartzeko moduak
* http://udalonink.ibatuz.com/index.php/893286/lang-es
Beste datu batzuk
Kontsulta ez da loteslea.
Pertsona bakoitzeko boto bakarra jasoko da, baldin eta pertsona batek bide bat baino gehiagoren bidez bozkatu badu. Aurrez aurreko bozketak lehentasuna izango du online bozketarekiko, baldin eta bozkatutakoak ez badu bat egiten.
Balmasedako Udalak kontsultaren emaitzak ezagutaraziko ditu 10 eguneko epean, udal erroldaren bidez partaidetza egiaztatu ondoren.
Hitzaldi informatiboa
Martxoaren 9an, hitzaldia izango dugu Kultur Etxean, berriz udalekotzeko sistemak dituen indarguneak eta ahuleziak azaltzeko. Horrez gain, jakin ahalko dugu beste udalerri batzuek nola egin dioten aurre prozesu horri, zein diren munduko joerak gaur egun… Hitzordua 18:00etan.
Zerbitzuaren kronologia
2004ko irailaren erdian, Urlaster Zerbitzuak SL enpresak Balmasedako bide-garbiketa bi urtez egiteko kontratua irabazi zuen, 238.000 € inguruko prezioan (BEZa barne), 250.000 € arteko eskaintzak onartzen zituen agiri baten babespean. Azpikontrata horrek Udalaren jabetzako kale-garbigailua erabili zuen, 10 urtez amortizatu ostean, bai eta lau langile ere (2006ko abuztuan bost izango ziren, beste pertsona bat kontratu zutelako, horrek zekarren 5.000 €-ko gainkostuarekin). 2006ko abenduaren erdian, zerbitzu hori beste bi urtez luzatu zen, ia 256.000 €-ko zenbatekoan.
2009an, Urlaster enpresa berriro ere izan zen zerbitzuaren adjudikazioduna, Lantegi Batuakekin eta Garbialdirekin lehiatu ostean. Kontratua beste 4 urtez egikaritu zen (gehi bi urteko luzapena), eta urteko zenbatekoa 154.000 € baino gehiagokoa izan zen (BEZa barne). Agiriak 160.000 € arteko zenbatekoa onartzen zuen. Enpresak 5 langilerekin jarraitu zuen.
2015eko urrian zerbitzua lizitaziora atera zen berriro. Kasu honetan Urbegi, Distrivisual eta Sifu-Brocoli aurkeztu ziren. Azkenean Urbegi izan zen adjudikazioduna; bi urteko kontratua (eta bi urteko luzpena) sinatu zuen, eta urteko aurrekontua 118.000 € ingurukoa izan zen (BEZa barne). 8 pertsona kontratatu ziren lana egiteko.
Kontratua amaitu ostean, 2019ko urrian, bide-garbiketaren agiria atera zen berriro ere, eta bi enpresek hartu zuten parte: Urbegi eta Ascan. Ascan izan zen adjudikazioduna: 8 langile zituen eta kontratua 2 urtekoa izan zen (urtebeteko bi luzapenekin). Prezioa 166.200 euro urteko baino pixka bat handiagoa izan zen (BEZa barne).
Udalak, bere eskumenen barne, Ascas Servicios Urbanos SL enpresaren bidez zeharka ematen duen zerbitzu publikoaren kontratua 2023ko azaroaren 19an amaituko da, eta luzapenak dagoeneko agortu egin dira.
Legez, Udalak zerbitzua eman behar du, eta jarduera horren ekimena bere gain hartu dezake, hau da, modu zuzenean kudea dezake. Araudiaren arabera, udalaren eskumenekoak diren zerbitzu publikoak ahalik eta modu jasangarri eta eraginkorrenean kudeatu behar dira. Gainera, kudeaketa berriak zenbait irizpide ekonomikori erantzun behar die: zorra eta defizita ez areagotzea, hornitzaileei ordaintzeko epea errespetatzea eta aurrekontua ahalik eta orekatuena izatea. Aldi berean, zerbitzuak herritarrentzat egokia eta kalitatezkoa izan behar du.
Zerbitzua emateko modua aldatzeko jarraitu beharreko prozesua
Berriro udalekotu diren zerbitzuen beste adibide batzuk
Munduko beste komunitate batzuk ere aurretik operadore pribatuek kudeatzen zituzten oinarrizko zerbitzuak berreskuratzen ari dira; bestela esanda, kudeaketa‑forma horrek, hizkera arruntean, berriro udalekotu direla esan nahi du. Zenbait arrazoi daude joera hori gero eta gehiago hedatzeko: sektore pribatuaren gehiegizko praktikekin edo laneko arauen ez‑betetzearekin amaitzea, ekonomiaren eta tokiko baliabideen kontrola berreskuratzeko nahia, pertsonei zerbitzu jasangarria emateko nahia, edo ingurumenaren edo trantsizio energetikoaren aldeko asmo handiko estrategiak praktikan jartzeko asmoa.
Azken urteotan uste da 835 kasutan baino gehiagotan berriro udalekotu direla zerbitzuak, eta horrek erakusten du zuzeneko kudeaketa gero eta ohikoagoa dela hiri txikietan zein hiriburu handietan. Eredu eta inplikazio‑maila desberdinak dauden arren, izendatzaile komuna azpimarra daiteke: zerbitzu publiko eraginkorrak, demokratikoak eta jasangarriak berreskuratu edo sortu daitezke.
Adibide zehatzak
Oslon (Norvegia), esaterako, Udalak hondakinak jasotzeko zerbitzuaren kontrol publikoa berreskuratu zuen 2017an, 20 urtez pribatizatuta egon ostean. Herritarrek zerbitzu txarren kontra kexu izateaz gain, agerikoa izan zen azpikontratatutako enpresak ematen zuen zerbitzuen kostu txikia, lan‑baldintzen kontura zela.
2015ean, Delhin (India), hautatu berri zen Aam Aadmi alderdiak osasun‑zerbitzu eskuragarria emateko prozesuari ekin zion 1.000 komunitate‑klinikarekin baino gehiagorekin, eta arreta publikoa hautatu zuen oinarrizko osasun‑arretarako sistema‑unibertsala lortzeko biderik eraginkorrena zelakoan.
Hain urrutira joan gabe, Bartzelonan, azken urteotan, orain arte azpikontratatuta zeuden zerbitzuak berriro udalekotzeko politika zabala abiarazi dute eta zerbitzu publiko berriak sortu dituzte. Esaterako, zerbitzu hauek ematen dituzten orain: genero indarkeria prebenitzeko zerbitzua, hiru haurtzaindegi berri, hileta‑zerbitzuen enpresa munizipal berria, elektrizitate‑hornitzaile publiko berria (dagoeneko zegoen enpresa munizipal batetik abiatuta), etab.
Bereziki interesgarria da Huescaren kasua; izan ere, kale‑garbiketako kudeaketa publikoa berreskuratu baitu. 2013 eta 2017 artean, zerbitzu hori enpresa pribatu baten esku egon zen. Aurreko gobernu taldeak hala eskatuta, 2021ean zuzeneko kudeaketa lortu zuten, hala egiteko konpromisokoa hartu baitzuen. Aurretik, helegite judizial baten ondorioz, prozesua geldirik egon zen hiru urtez, Aragoiko Auzitegi Nagusiak erabakia baliozkotu zuen arte. Horrela, Udaleko osoko bilkurak enkomiendari buruzko oniritzia eman zion Huescako 1. taldearen Partzuergoari (Grhusa enpresa publikoa horren menpe dago). Horri esker, langileen gutxieneko soldata, gutxi gorabehera, zerbitzua pribatizatu zenaren bikoitza izatea bermatu zen. Halaber, aurrezki nabarmena izan da udaleko diru‑kutxarako (urteko 2,75 milioi izatetik, 2,5 milioi izatera.)
Bestalde, gugandik oso gertu dagoen udalerrian, Elorrion, berriro udalekotzeko saiakera ere arrakastatsua izan da, baina kasu honetan kudeaketa mistoarekin. 2018ko urrian, osoko bilkurak aldaketa erabaki zuen, eta horri esker, Udala (eta ez enpresa pribatu bat) hasi zen udal kiroldegiari buruzko erabakiak hartzen. Hala, 2019ko urtarrilaz geroztik, kiroldegiaren eta udako igerilekuen kudeaketa guztiz pribatizatutako zerbitzua izatetik zerbitzua emateko eredu berri batera pasa zen, non Udala instalazioak kudeatzen dituen arduradun berria den, langileez arduratzen den kanpoko laguntzarekin.
Lehenengo ereduaren arabera, Udalak enpresa pribatu bati eskatzen zion kudeaketa egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, horren truke, 275.000 € baino gehiagoko kanona ordaintzen zion instalazioak kudeatzeagatik. Hortik aurrera, enpresak bere gain hartzen zituen instalazioetan sortutako kostu guztiak eta sortutako diru-sarrera guztiekin geratzen zen (sarrerak eta abonuak).
Egoera hori bi urtez aztertu ostean, eta gastua handitzeko aukera eta zerbitzuen hobekuntza aintzat hartuta, beste kudeaketa‑mota baten alde egiteko erabakia hartu zen. Eredu berri horren bidez, Udala da kirol instalazioen eguneroko kudeaketaren arduraduna, eta, horrela, erabiltzaileei zerbitzu hobea eman nahi zaie.
Erabiltzailea ez kaltetzeko eta egunerokoan alderik nabaritu gabe jardueretan jarraitasuna izateko, aldaketak pixkanaka txertatu ziren. Abian jarri eta ikuspegi berria finkatu ostean, Elorrioko Udala lanean egon da zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.
Indarguneak eta ahuleziak
Hori horrela, berriro udalekotzea uste dena baino ohikoagoa da, eta funtzionatzen du. Austeritatearen aurka lagungarria izan daiteke, baita trantsizio energetikoko eta demokrazia energetikoko estrategiak hobetzeko ere. Oro har, zerbitzuen kontrola berriro hartzea merkeagoa da, eta, azken finean, zerbitzu publiko hobeak eta demokratikoagoak bultzatzen dira. Zuzeneko kudeaketaren bidez, aukera dago jabetza publikoko egitura berritzaileak, dibertsifikatuak eta demokratikoak sortzeko, eta hirien eta herritar taldeen arteko sareak eratzen dira, berriro udalekotzearen alde egiten dutenak.
Hala ere, berriro udalekotzea ez da erabaki erraza, eta ez da konponbiderik egokiena kasu guztietan, pribatizazioarekin gertatzen den moduan. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Administrazio eta Lan Zuzenbideko doktore Julia Ortega Bernardok eta María de Sande Pérez-Bedmarrek “El debate sobre la remunicipalización de los servicios públicos: aspectos jurídicos, administrativos y laborales” izeneko ikerketan ondorioztatzen dutenaren arabera, zerbitzu publiko bat emateko enpresa-gaitasuna zabaltzeak (merkatua daukaten edo erraz sortzeko aukera duten tokietan) abantailak izan ditzake, zalantzarik gabe. Beste edozein administrazio-egintza bezalaxe, berriro udalekotzea kasu bakoitzari aplikatu ahal zaizkion baldintza juridikoak betez gauzatu daiteke. Posiblea da, adibidez, berriro udalekotzen diren zenbait zerbitzuk ez gainditzea eraginkortasunaren, jasangarritasunaren eta errentagarritasun ekonomikoaren test zorrotza zenbait erantzukizunei eta betebeharrei dagokionez.
Hortaz, erabaki horrek eztabaida garrantzitsua dakar toki-korporazio bakoitzean, publikoa edo tokikoa denera itzultzeari dagokionez. Balmasedako Udalak, hain zuzen ere, eztabaida hori herritarrei helarazi nahi die.