
- > Castellano
Balmaseda bete-betean sartu da Haurren Hirien Sarean. Francesco Tonucci pentsalari, psikopedagogo eta marrazkilari italiarraren ideietan dago oinarrituta, eta helburua da haurrei rol protagonista bat ematea hiri-ingurunean, kalean. Begirada haur baten garaierara jaisten badugu, gizartea osatzen duten pertsonak guztia aintzat hartu ahal izango ditugu.
Eskola Bidea
Pentsamendu-lerro honen bidez, beldurrik gabeko haur-hezkuntza lortu nahi da, eta aurrepausoak eman dira gure hiribilduan landuko diren bi proiektuetan. Horietako bat da Eskola Bidea; haurrei laguntzean datza, eskolara ikaskideekin batera oinez edo bizikletaz joan daitezen. Beti egin den bezala, baina orain kontziente izanda jarduera erraz honek dakartzan onurez.
Ez da huskeria horrela eguneroko jarduera fisikoa bultzatzen dela, gero eta gehiago ikus daitekeen haurren obesitatearen arrazoi nagusietako bat sedentarismoa den mundu honetan. Mugikortasun iraunkor baten aldeko sentsibilizazioa ere nabarmena da ibilbide horretan. Autoak protagonista izateari utziko dio, eta hiri-eremua pertsonei utzi. Adingabeek egunero egingo dituzten ibilbideen inguruan lan egiteak aukera ematen du inguruaren segurtasuna handitzeko ekintzak egiteko eta hiri-diseinuko arazoak antzemateko. Hori herritar guztientzat da onuragarria. Protagonistez beraiez gain, bide horretan merkatariak, gurasoak, irakasleak eta abar aurkituko ditugu, baita herritarrak ere, denen arteak gizarte-sare kolaboratibo bat sortzen baitute, kooperazioan, laguntzan eta elkartasunean oinarritutakoa. Udalerria, hala, pertsonen arteko gizabidezko balio hoberenen topagune eta trukatzeko gune bihurtuko da.
Eta, zalantzarik gabe, onurarik handiena haurren autonomia izango da, eta horrek eragin oso ona izango du haien heldutasunean, izaera, sormena eta giza gaitasunak garatzen lagunduko baitie.
Zehazki, Balmasedan, plana 2018/2019 ikasturterako jarri nahi da martxan. Egina dago aldez aurreko diagnostikoa, Balmasedako BHIko ikasleen laguntzarekin, eta erabakita daude Mendia HLHIra eta Zubi Zaharra ikastolara iristeko bideak. Zenbatu da zenbat haur joaten diren autoz eskolara eta zenbat oinez, seinaleztapenari dagozkion arazoak identifikatu dira (ikusgarritasuna, oztopoak, etab.) eta elkargune posibleak erabaki dira. Datorren ikasturtearen hasieran, proba pilotu bat egingo da boluntarioekin, seinaleak berrituko dira Eskola Bidea adierazteko, eta bereizgarriak banatuko zaizkie gaztetxoei eta saltoki lagunkoiei, haietan eskatu ahal izango baitute laguntza txikiek, behar izatekotan.
Haurren Kontseilua
Sarearen beste ardatzetako bat Haurren Kontseilua da. Horren bidez, txikiak bultzatu nahi dira udal-bizitzan parte hartzera, aukera izan dezaten beren ahotsaz baliatzeko. Joan den ekainaren 18an egin zen batzar horren proba pilotua. Horretarako, Mendia HLHI eta Zubi Zaharra ikastolako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleen artean zozketaz hautatutako ikasleek Gaztetxokora jo zuten proiektuaren helburuen eta esanahiaren berri izateko, eta datorren ikasturterako ideiak emateko. Galdetu zitzaien ea haien arabera zein diren hiribilduko beharrizan handienak, eta ea zer gustatuko litzaiekeen aldatzea, hobetzea edo sortzea.
Bilera oso emankorra eta parte-hartzailea izan zen, eta bertaratu ziren haurrak pozik eta harro egon ziren aukeratuak izan zirelako. Gainera, interesa erakutsi zuten bilerak aurreikusitakoa baino lehen hasteko.
2018/2019 ikasturtean, gaztetxo horiek ideia bat aukeratu, eta egia bihurtzeko lan egingo dute urte osoan. Informazioa lortzeaz, behar den teknikariekin hitz egiteaz, aurrekontuak bilatzeaz eta konparatzeaz, bideragarritasuna ezagutzeaz, bete beharreko helburuez eta abar arduratuko dira: guztiaz arduratuko dira.
Ikasturtearen bukaeran, egindako lana aurkeztuko dute osoko bilkuren aretoan, eta aintzat hartuko da etorkizunerako. Egungo alkateak, Álvaro Parrok, konpromisoa hartu du proiektua egia bihurtzeko, egingarria bada.
Honekin, haurren –biharko helduen– balioak, ardura eta autonomia sustatu nahi dira. Aniztasuna aprobetxatu eta abantailatzat hartu behar dugu, aberastasun gisa ulertu eta ez oztopo gisa. Modu horretan askoz ere azkarrago egingo dugu aurrera.