
- > Castellano
Maiatzaren 17an ortzadar-bandera ipiniko da udaletxean, Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez. 2019a ez da bandera horrek balkoi nagusia jantziko duen lehen aldia. Eta, era berean, hori ez da aurten antolatuko den kontzientziazio-jarduera bakarra izango. Baina, askotan, sinbolo batzuk bistaratzeak gogorarazten digu oraindik bide luzea dugula ibiltzeko. Arazoak konpontzeko lehen urratsa arazo horietaz jabetzea izaten da beti.
Bifobia eta transfobia bezalako hitzak gutako askoren hiztegiaren parte bihurtu dira azken urteetan. Hala ere, guztiek ideia bera dute atzean: desberdina denarekiko beldurra. Besteen askatasunak beldurra ematen digu eta, bereziki, gizakion aniztasun sexualak. Hala ere, errealitatea burugogorra da: gizakia anitza da, bai pentsatzean, bai sentitzean eta bai jardutean. Alde batetik, hor dago bere xarma eta handitasuna.
Garai batean Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasun mentaltzat hartzen zuen homosexualitatea, eta maiatzaren 17 batean erabaki zen hori aldatu beharra zegoela. Zorionez, gaur egun sexuaren araberako diskriminazioaren kulturak behera egin du nabarmen. Belaunaldi berriek heziketa ez-sexista jasotzen dute, zeinaren bidez genero- eta arraza-berdintasuna azpimarratzen diren. Hedabideek ere aniztasuna naturaltasunez aurkezteko ahaleginak egin dituzte. Urrats horiek funtsezkoak dira desberdintasunei eta aldaketei beldurrik edukiko ez dien gizarte bat eraikitzeko; izan ere, bi elementu horiek bizitzaren parte dira.
Arratsalde honetan, 14 urtetik gorako gazteei gizarte-esanahiak berreraikitzeko tailer batean parte hartzeko gonbita luzatzen zaie. Jarduerari elkarrizketa batekin emango zaio hasiera eta, horren bitartez, edozein adinetako pertsonei gizakion askatasunaren inguruan hausnartzeko aukera emango die.