
- > Castellano
Balmasedako Udalak osoko bilkurara eraman zuen Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta eginiko Erakunde Adierazpena, bertan onartzeko:
“Ospakizun honen historia 1908an hasi zen, New Yorken ehungintzako emakumezko langileek hasi zuten borrokarekin. Sektore hori beti izan da feminizatua eta prekarizatua (etxeko zerbitzuan edo mendekotasuna duten pertsonen zaintzan gertatzen den moduan). Urte horretatik aurrera, grebak antolatzen hasi ziren emakumeen lan-baldintzetan hobekuntzak eskatzeko. Gertakari tragikoena 1911ko martxoan gertatu zen, 100 emakume baino gehiago hil zirenean lantegi bateko sutean. 1910. urtean, hainbat herrialdetako emakumeek, Kopenhagen bilduta, EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzea erabaki zuten. Askoz geroago, 1975ean, Emakumeen Mundu Mailako Lehen Konferentziak lortu zuen Nazio Batuek martxoaren 8a EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA izendatzea.
Azken hamarkadako aldaketek, krisi ekonomikoaren testuinguruan, arriskuan jarri dituzte joan den mendean berdintasun-arloan lortu ziren aurrerapenak. Krisiaren ondorioz genero-arrakala handitu da. Emaitza honako hau izan da: langabezia eta behin-behinekotasun handiagoak, enplegu- eta soldata-baldintza kaskarragoak, ordaindu gabeko etxeko lan eta zaintza-lanak eta parte-hartze txikia lan-arloko erabakiak hartzerakoan. Horrek emakumeen mendekotasun ekonomiko handiagoa dakar.
Nahiz eta azken urteetan berreskuratze bat hauteman den enplegu-kopuru osoari dagokionez, genero-arrakalak bere horretan dirau. Urtearen hasierako datuen arabera, EAEn langabeen % 56,2 emakumezkoak dira, eta % 43,8, gizonezkoak. Kalitatezko enplegua azkarrago berreskuratzen da emakumezkoek gizonezkoek baino presentzia txikiagoa duten sektoreetan, baita emakumeek baldintza prekarioagoak dituztenetan ere. Alde horretatik, esanguratsua da Gabonetan egon zen enplegu-igoeraren ostean, 2020. urtearen hasieran lanik gabe gelditu diren pertsonen % 90 emakumeak izatea. Horrez gain, ezin dugu ahaztu Balmasedan langabezian dauden pertsonen ehunekoa gure inguruko batezbestekoa baino askoz handiagoa dela.
Horrekin batera, azken urteetan berdintasunaren arloko aurrerapenei uko egiten dieten eta mugimendu feministari erasotzen dioten diskurtsoen gorakada ikusten ari gara. Izan ere, gora egin du eskuin muturraren ordezkaritza instituzionalak.
Bestalde, BALMASEDAKO UDALAK, bere eskumenen arloan:
KONPROMISOA hartzen du genero-ikuspegia berdintasuna lortzeko udal-jarduketa estrategiko guztien parte izateko ahaleginak egiteko.
BERRETSI egiten du elkarteekin batera berdintasun-politikak garatzeko lan egiten jarraitzeko konpromisoa, gizarte zibilak sustatutako ekimenak babestuz. Gogorarazi du Emakumeen Etxea, duela 16 urte inauguratu zena, berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona edo kolektibo guztientzako espazio irekia dela.
GONBIDAPENA egiten die herritarrei berdintasunaren aldeko konpromiso indibidual eta kolektiboak hartzeko urte osoan, baita erakundeek eta gizarte-mugimenduek martxoaren 8aren harira iragarritako ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeko ere.”