Oroimen honen historia 1908an hasten da, ehungintzako emakumezko langileen borrokaren testuinguruan, lehen eta egun, sektore oso feminizatu eta prekarioa. Urte horretatik aurrera New Yorken grebak egiten hasi ziren lan-baldintza hobeak eskatzeko, eta orduko gertaera tragikoena izango zena gertatu zen: 100 emakume baino gehiago hil ziren Triangle Shirtwaist enpresako nagusiek eragindako sute batean, 1911ko martxoan. 1919an, herrialde ezberdinetako emakumeak elkartu ziren Kopenhagen eta EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzea erabaki zuten. 1975ean, Emakumeen Nazioarteko Lehen Batzarrean, Nazio Batuek martxoaren 8a EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUN izendatzea lortu zen.

Harrezkeroztik lortutako aurrerapenak oso garrantzitsuak dira, baina duela hamarkada bat baino gehiagotik datorren krisiak arriskuan jarri ditu horiek, iraunkortasun eta jasangarritasunaren berme nahikoa ez zutela agerian utziz. Krisiak gizon zein emakumeei eragin zien, baina kalte gehiago egin die azken horiei, genero arteko arraila handituz. Horrek guztiak langabezia eta behin-behinekotasun gehiago ekartzen du, lan-baldintza eta soldata okerragoak, ordaindu gabeko etxeko lanak eta zaintza-lanak, eta lan-munduko erabakietan parte-hartze eskasa izatea. Guzti horrek, halaber, diru-sarrera gutxiago izatea dakar eta, ondorioz, langabezia- eta erretiro-prestazio urriagoak.

Une honetan lanpostuak berreskuratu dira, baina horrek ez du krisiaren aurreko baldintzetara itzultzea esan nahi. Arazoa da, hein handi batean, kalitatezko lana emakumeen presentzia gizonena baino askoz ere urriagoa den sektore ekonomikoetan berreskuratu daitekeela, eta kasu askotan, emakumezkoak baldintza ezegonkorragotan daudenean. Horrek gizarte, lan eta familia arloan eragiten du: tradizioz gizonezkoen lanak izan direnen balorazio handiagoa, emakumezkoen mendekotasun ekonomikoa, gizonezkoen erantzunkidetasun txikiagoa eta arlo publikoetan emakumezkoen presentzia eskasagoa izatea ekartzen du. Horrez gain, areagotzen ari dira bereziki mugimendu feministaren eta orokorrean emakumeen aurkako diskurtsoak, eskuin muturrak sustatzen dituen diskurtsoak, modu arriskutsuan herritarren sektore batzuetan eta administrazio publikoetan sartzen ari direnak.

Azken urteetan, mugimendu sozial eta sindikalek greba egitera deitu ditu emakumeak martxoaren 8an, emakumeen lanaren garrantzia nabarmentzeko, ordaindua izan ala ez. Honenbestez, BALMASEDAKO UDALAK:

KONPROMISOA HARTZEN DU berdintasunerako bidean eginiko udaleko jarduketa estrategiko guztiek genero-ikuspegia izatekoa eta, bereziki, krisi ekonomikorekin batera hasitako testuinguruan ematen ari diren aldaketak kontuan izanda.

BERRESTEN DU bere konpromisoa berdintasuna lortzeko politikak garatzen jarraitzeko, egitura asoziatiboarekin lankidetzan. Zentzu honetan, sozietate zibilak sustatutako ekimen ezberdinei bere laguntza emateko prest dago. Emakumearen Etxea, bere inauguraziotik 15 urte bete direnean, berdintasunaren alde lanean diharduten pertsona eta elkarteei irekita dagoen gunea da.

GONBIT EGITEN DU berdintasunaren aldeko konpromiso indibidual eta kolektiboak hartu eta ekitaldi zein mobilizazio ezberdinetan parte-hartzeko, martxoaren 8an mugimendu feministak deitutako greban esaterako.