
- > Castellano
Oroitzen dugun data hori 1908an hasi zen, New Yorkeko ehungintza sektoreko emakume langileen greben harira. Oso sektore feminizatua zen eta borrokan ari zen lan-baldintza hobeak lortzeko. 1911ko martxoan 100 emakume langiletik gora hil ziren Triangle Shirtwaist lantegian. 1910ean hasia zen EMAKUME LANGILEAREN EGUNA ospatzen. Hala ere, 1975a arte itxaron behar izan zen, Nazio Batuek martxoaren 8a EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA izenda zezaten. Emakumeen eskubideak eta haien lorpenak erdiesteko egin diren borroka anitzak aldarrikatzeko eguna da; izan ere, eskubide horiek ez ziratekeen lortuko emakume-elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe.
Bide luzea dago oraindik egiteke egiazko berdintasuna erdiesteko. Krisiak eta pandemiak argi utzi dute lortutako aurrerapenek ez zutela irauteko behar besteko garantiarik. Ikusi dugu giza bizitza hauskorra dela eta inguruaren mendeko, eta horri baldintza duin eta justuetan eusteko lan egin behar da. Osasun krisian emakumeek egin dituzte, hein handian, zaintza lanak, bai zerbitzu publikoetan bai eta etxeko eremuan ere. Egitekoen banaketa desorekatuak argi uzten du zaintza sistemaren ahulezia eta sistema horri eusten dioten pertsonen lan-baldintzen prekarietatea. Emakumeek jarraitzen dute zaintza lanen karga handiena hartzen, izan soldatapekoa zein ez-ordaindua. Generoak eragindako egiturazko desberdinkerien gorakada ukatu ezin den errealitatea da. Behar-beharrezkoa da genero ikuspegiak gida dezan egoeraren analisia, desberdinkeriok hazi daitezen ekiditeko eta mende batetik gorako bidean erdietsi diren lorpenak arriskuan ez jartzeko.
Toki-entitateek, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak diren heinean, konpromiso argia erakutsi dute berdintasunarekin. Azken urteotan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legeari erantzunez, Euskal Autonomia Erkidegoko udalak egituraz hornitu dira herritar guztien behar eta eskaerei erantzuteko.
Politika publiko guztietan berdintasuna zeharkako gaia izan dadin lan gehiago egin behar dugu eta beharrezkoa da bideak irekitzea herritarrek erabaki publikoetan modu eraginkorrean parte har dezaten. Horren harira, Balmasedako Udalak Berdintasun Kontseilua sustatuko du, gai horri dagozkion politika publikoak diseinatzeko organo parte-hartzailea izan dadin.
Horregatik guztiagatik, bere eskumenen baitan, honako hau hitzematen du Balmasedako Udalak:
- Baliabide ekonomikoak, teknikoak eta giza baliabideak indartuko dituela tokiko berdintasun-politikak garatzeko.
- Berdintasunaren alde, genero ikuspegia indartuko duela lanean, bai eta Udaleko sailen arteko koordinazioari dagokionean ere.
- Berdintasuneko barne-prestakuntza sustatuko duela administrazioko langileen artean.
- Jarduerak sustatzen jarraituko duela berdintasunaren alde eta emakumeen banakako zein taldeko ahalduntzearen alde. Bereziki azpimarratuko duela zaintzaren balioa eta gizonek zaintza horietan nahita ez izan behar duten erantzunkidetasuna.
- Herritarren sentsibilizazioan sakonduko duela, gizarte-kontzientziazioaren aldeko erakunde-kanpainen bidez. Herritarren inplikazioa eta parte-hartzea sustatuko dituela erabakiak hartzeko, Berdintasun Kontseilua sortuta.
- Berdintasunari dagokionez, aldian-aldian, erakundeen arteko akordioak hobetu eta eguneratuko dituela, bai eta koordinazio sistema eta protokoloak ere.
- Herritarrak animatuko dituela martxoaren 8a dela-eta deituko diren ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera.