
- > Castellano
Urtero, otsailaren 27an ospatzen dugu Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Eguna (SEAD), eta herriaren bandera ikusgai jartzen da udaletxearen fatxadan. Une aproposa dugu haren historia eta oraina gogora ekartzeko. Bestalde, haren kultura hurbilagotik ezagutzeko gonbita egiten dizuegu martxoaren 1ean, Enkarterriko sahararren elkarteak Kultur Etxean antolatu duen kultura-jardunaldian; egun osoan izango da.
Hona hemen historia apur bat
Afrikako Gerra amaitu ondoren, 1860an, Espainiak pixkanaka-pixkanaka lortu zuen Mendebaldeko Sahararen aintzatespena: lehenengo, Saharako kostaldean eta, ondoren, alboko basamortuaren eremu batean. 1957. urtean, Mendebaldeko Sahara dagoeneko bihurtu zen Espainiako beste probintzia bat, Marokok eta Mauritaniak ere erreklamatuagatik. Arbasoen eskakizunak oinarri harturik, Hasan II. erregeak Martxa Berdea antolatu zuen, eta milaka marokoar bidali zituen Sahararantz. Hasieran martxa baketsutzat jo zen, baina, azkenean, gerra ekarri zuen lurraldeko biztanle autoktonoekin. Eremuko desegonkortasuna ikusirik, Espainiak Marokorekin eta Mauritaniarekin izenpetu zituen Madrilgo Akordioak, zeinen bidez hiruko administrazioa adostu zuten aldi baterako. Aurreikusita zegoen indarrean egongo zela sahararrek autodeterminaziorako referenduma egin arte, euren etorkizuna erabaki zezaten 1976ko otsailaren 28tik aurrera. Aitzitik, lurraldeko desegonkortasunaren ondorioz, Espainiak atzera egin zuen bi egun lehenago; eta, 1976ko otsailaren 27an, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zen.
Orduan, Fronte Polisarioko sahararrek, Aljeriak babestuta, gerrari ekin zioten Marokoren eta Mauritaniaren aurka. Mauritaniak uko egin zion erreklamatzen zuen lurraldeari, baina Marokok alde bakarretik anexionatu zuen. Hala, 1979tik geroztik, Marokok kudeatzen du Mendebaldeko Saharako lurraldea. Fronte Polisarioak kontrolpean du lurraldearen % 35, Marokok Sahara Askatzeko Mugimendu Nazionalaren gerrilletatik babesteko eraiki zuen hormaren ekialdean.
Gaur egun
Gerra 1991n amaitu zen, baina milaka saharar errefuxiatu bizi dira basamortuaren baldintza gorrietan Tinduf-eko (Aljeria) kanpamentuetan. Kritika nagusiak Marokoren okupazioaren ingurukoak dira, oztopatzen ari baita gatazka modu baketsuan konpontzea NBEren ebazpenak aplikatuta. Izan ere, erakundeak proposatu du Saharako herriak autodeterminazio-referenduma egitea, hauen artean aukeratu dezan: Marokorekin bat egitea, autonomia edo independentzia.