
- > Castellano
Izena: Eider Martinez de Arenaza Urquijo
Adina: 36 urte
Zein diziplina zientifiko lantzen duzu? Neurozientziak, biomedikuntza.
Zertan egiten duzu lan / zer ikertzen duzu? Oro har, nire ikerketaren ardatza da pertsona batzuk zahartzearen eta Alzheimer-en gaixotasunaren arrean erresilienteagoak izatea eragiten duten faktore babesleak eta garun-mekanismoak ulertzea. Beste era batera esanda, zergatik zahartzen diren pertsona batzuk beste batzuk baino hobeto ulertzen saiatzen naiz.
Zehazki, bizimodu ezberdinek eta osasun mentalak garunean duten eragina ikertzen dut: adibidez, kirola egitea, osasuntsu jatea, jarduera kognitiboak egitea, estresa, etab.
Ildo horretatik jarraituz, oso adinekoak diren (80 urtetik gorakoak) eta beren trebetasun kognitiboak/mentalak beren adinerako ezin hobeto mantentzen dituzten pertsonen garunak eta bizimoduak ere aztertzen ditut (batzuek urtez askoz gazteagoak diren pertsonekin aldera daitezkeen trebetasunak erakusten dituzte). “SuperAgers” (euskaraz, “SuperAdinekoak”) deituriko pertsona talde horrek arrastoak ematen dizkigu hobeto zahartzeko.
Gaur egun, konfinamenduak osasun mentalean, bizimoduan eta garuneko osasunean dituen ondorioak ere ikertzen ari naiz, eta ikuspegi berezia ematen ari naiz emakumeei eta mendeko pertsonen zaintzaileei.
Zertarako balio du egiten duzunak? Bizi-itxaropena handitu egin da, baina bizi-kalitatearen igoera ez da proportzionala izan. Bizi ditugun urteen kalitatea hobetu behar dugu, osasuntsu bizitzeko. Une honetan, dementziek, Alzheimer-en gaixotasunak barne, eragin suntsitzailea dute gaixotasuna pairatzen duten pertsonengan, familiengan eta, oro har, gizartean. Guztira 50 milioi pertsonei eragiten die, eta urtero 10 milioi kasu berri daude. Zifra horiek okerrera egin dezakete biztanleriaren zahartzearekin.
Gure ikerketak, alde batetik, faktore askok (baita gure bizimoduak ere) eragiten duten gaixotasunaren garapena ulertzeko balio du, eta, horrela, zahartze osasuntsua sustatzeko prebentzio-programak garatzeko. Zahartze osasuntsua sustatzea, halaber, Alzheimerraren eta beste dementzia batzuen aurka borrokatzea da.
Era berean, gaixotasuna garatzeko arrisku handiagoa duten pertsonei berariazko bizimoduetako esku-hartzeak proposatzeko aukera ematen digu, eta, horrela, haren agerpena saihesteko edo atzeratzeko.
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua zientzia? Zientziak pertsonen bizitza, osasuna eta ongizatea, eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, eta gaixotasunak saihesteko eta sendatzeko ezagutzak ematen ditu.
Nola animatuko zenituzke belaunaldi berriak? Zientziari eta ikerketari denbora asko eskaini behar diozu (batzuetan gehiegi), baina aldi berean oso atsegina da. Atsegina da adinekoen bizitza hobetzeko lanean ari den komunitate zientifikoko kide sentitzea. Maila pertsonalean, aukera ematen du gure jakin-mina eta sormena garatzeko, taldean lan egiteko, ideia/irtenbide berrietan pentsatzeko, etab. Hori guztia oso motibagarria da egunerokotasunean.