
- > Castellano
Aurten, Santa Klara monumentu-multzoaren 350. urteurrena da. Ospatzeko, San Roque Hotel Komentuak asmo handiko egitaraua prestatu du, kultura- eta gastronomia-jarduerekin 2017. urte osorako. Besteak beste, jarduera hauek antolatu ditu urteurrenaren harira: tokiko museotarako bisitak dohainik, mikrokontakizun-lehiaketa, hitzaldiak, antzerki erako afariak, Wedding Planner topaketa eta argitasun-jokoak; gainera, hilabete oso bat eskainiko die putxerei.
Hasierako balioei eutsi dien eraikin berezia*
Santa Klara monumentu-multzoan, San Roque hotela ez ezik, komentu-eliza eta hari itsatsitako prezeptoria ere badaude. Hotelak 21 logela ditu, zeinak, antzina, klausurako mojen gelaxkak izan ziren.
Komentu-multzoa Juan de la Piedra jaun balmasedarraren legatuari esker sortu zen. Panaman bizi zen, eta bere alabetako baten nahia betetzeko bultzatu zuen moja-klausura hori bere sorterrian, erlijio-ordena horretan botoak egin nahi baitzituen. Monumentu-multzoak ia ez du aldaketa nabarmenik izan 350 urte hauetan.
Lehenengo sei ama fundatzaileak −horien artean zegoen geroago abadesa bihurtuko zen Jacinta de la Puente andrea− San Miguel komentutik abiatu ziren −ibilbidea San Martin komentuan hasi beharrean (Tobalina harana, Burgos)− 1666ko urriaren 28an. Balmasedarako bidaia hainbat etapatan egin zuten, eta gaua igaro zuten Nofuentes, Medina de Pomar eta Villasana de Mena udalerrietan. Azkenean, Enkarterriko hiribildura iritsi ziren urriaren 31n.
Komentua 1666ko azaroaren 3an inauguratu zuten, Domu Santuko eta Arimen Eguneko ospakizunak amaitu ostean. Balmasedako komentua sortu zuten sei amei batu zitzaizkien hamar nobizia eta María de Zumalabe andrea, zeinak, erlijioan sartu aurretik, Balmasedako eskola txiki bat zuzendu zuen. Bertan, neska txiroei erakusten zien nola irakurri, eta irakasten zizken kristau-ikasbidea eta oinarrizko irakasgaiak. Haren izena jarri zaio gaur egungo udal-haurreskolari. Nobiziek abitua jantzi zuten San Severino parrokian, eta zeremonia zuzendu zuen Enrique de Peralta y Cárdenas Burgoseko artzapezpikuak, bera ere Balmasedan sortua. Amaitutakoan, hamasei lekaimeak komentu berrira sartu ziren eta klaratarren lehenengo komunitatea sortu zuten gure hiribilduan.
Moja klaratarrek Balmasedan jarraitu zuten 1984ra arte. Urte horretan, Loiuko (Bizkaia) komentu berrira lekualdatu ziren, egun hotela den eraikinaren egoera zela eta. Komentua eta prezeptoria (komentuko ortuaren alboan) partikular bati saldu zitzaizkion, lizentzia egokiak zirela bide, hots, diozesiarra zein Egoitza Santuarena; eliza, aldiz, Bilboko Apezpikutegiari laga zitzaion.
XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan, komentuaren eraikina osorik zaharberritu zuten, eta gaur egungo hotel-gune bihurtu zuten. Prezeptoria zaharra egokitu zuten bizitegi-erabilera izan zezan, eta elizan Balmasedako Pasio Bizidunari eskainitako museoa jarri zuten. Antzinako ortuaren zati bat utzi zen eraiki barik; gainerako lurzoruan etxebizitzak egin zituzten.
*Ricardo Santamarina Puenteren testua (Mendizabal eta Gómez Prietoren testuetan oinarrituta)