
- > Castellano
Balmasedako Udalak osoko bilkurara eraman zuen Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta egindako Erakunde Adierazpena, bertan onartzeko:
“Ospakizun honen historia 1908an hasi zen, ehungintzako langileen borrokarekin. Sektore hori, orduan eta orain, feminizatuta eta prekarizatuta zegoen eta dago, zainketekin gertatzen den moduan. Ordutik aurrera, grebak egin ziren New Yorken, lan-baldintza hobeak eskatzeko. Gertaera tragikoena 1911ko martxoan izan zen, egun horretan 100 langile baino gehiago hil ziren Triangle Shirtwaist lantegiko sutean. 1910ean, Kopenhagen bildutako hainbat herrialdetako emakumeek EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzea erabaki zuten. 1975ean, Emakumeen Munduko Lehen Konferentzian, Nazio Batuek martxoaren 8a EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUN gisa ezartzea lortu zen.
Aurrerapenak aurrerapen, lehenik krisi ekonomikoak eta ondoren pandemiak erakutsi dute ez zutela iraunkortasun berme nahikorik. Duela urtebete, Covid-19ak gure gizartea astindu zuen. Dimentsio anitzeko krisia bizi dugu, sistemikoa, lehendik zetozen beste krisi batzuekin lotua, hala nola ekologikoa eta zainketena. Pandemiak agerian uzten du emakumeen kolektiboek eta mugimendu feministak jada adierazi izan duten zerbait: giza bizitza ahula dela eta ingurumenarekiko eta komunitatearekiko mendekotasun handia duela. Ezer ez da garrantzitsuagorik prekarizatu eta muturreraino ahuldu den bizitza baten zaintza baino.
Gaur, emakumeek pandemiaren aurkako borrokan egindako ekarpena eta mundu osoan izan dituen ondorioak aitortu behar dira. Dela zerbitzu publikoetan dela etxean, emakumeak arduratu dira nagusiki osasun- eta gizarte-krisi honetan funtsezko zaintza-lanez. Emakumeen artean ere, banaketa modu desorekatuan eman da, klase sozialaren, arrazalizazioaren eta migrazio-estatusaren arabera. Banaketa desorekatu horrek zaintza-sistemaren ahultasuna agerian utzi du, emakumeek betetzen dituzten funtsezko zerbitzuetan lan-baldintzak eskasak baitira. Berdintasunik ezak areagotu egin dira eta emakumeak, batez ere kolektibo ahulenetakoak, pobretu egin dira zentzu guztietan, zaintza-lanen karga handitu egin da, haien osasuna okertu egin da eta indarkeria jasateko arrisku handiagoa dute. Ezinbestekoa eta premiazkoa da egoeraren azterketan genero-ikuspegia txertatzea, krisi honek berdintasunik ezak are gehiago areagotzea eta emakumeen eskubideen erabileran atzerapen handiagoa eragitea saihesteko.
Zaintza-lan guztiei bidezko balioa emateko eta guztion artean ekitate eta ongizate handiagoa sortuko duen eredu erantzunkideago baterantz aurrera egiteko garaia da. Erakundeok koordinatuta jarraitu behar dugu, eta herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten bideak ireki behar ditugu, batez ere emakumeen hainbat kolektibori eta mugimendu feministari dagokienez. Udalok, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garen aldetik, zainketei eta horiek emateari buruzko politika publikoak sustatzearen buru izan behar dugu, gizonengan eta emakumeengan dauden baldintza eta eragin desberdinak kontuan hartuta.
Horregatik guztiagatik, Balmasedako Udalak, bere eskumenen esparruan, konpromiso hauek hartzen ditu:
● Zainketen gizarte-antolamenduaren ereduari buruzko eztabaida sustatzea, bizitzaren zentraltasunean eta zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioan oinarritutako ikuspegi feministatik.
● Genero-ikuspegitik aztertzea Covid-19aren ondorioak eta kolektibo eta pertsona ahulenen egoera eta beharrak, eta horiei aurre egiteko eta ikuspegi hori zentzu horretan egiten diren jarduketa guztietan txertatzen dela bermatzeko premiazko neurriak abian jartzea.
● Zaintzan laguntzeko tokiko zerbitzuetarako konponbide bideragarriak aztertzea eta artikulatzea, zaintza bidezko baldintzetan egiten saiatuz eta/edo erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat. Zaintzak ematen diren baldintzak duintzeko ekintzak sartzea, direla ordainduak direla ordaindu gabeak. Kolektibo ahulei arreta emateko eredua eta funtzionamendua berrikustea, kolektibo eta pertsona motak zein emandako zerbitzuen funtzionamendua eta edukia zabaltzeko, haien beharrei erantzuteko behar diren baliabideak abian jarriz.
● Udaletako berdintasun-planetan azpimarratzea, berariaz, emakumeen ahalduntzea, zainketen balioa eta gizonek plan horietan duten erantzunkidetasuna.
● Zainketen sare komunitarioei laguntzea eta baliabideak ematea toki-mailan, eta zainketei buruzko herritarren eztabaidaguneak irekitzea, zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak eginez, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta errealitateak ikusaraziz, adibidez, etxeko langileena.
● Langileak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak indartzea eta zaintzea, tokiko berdintasun-politikak garatzeko eta tokiko politika guztietan generoaren zeharkakotasuna garatzeko.
● Emakumeen ahalduntze indibidualerako eta kolektiborako ekintzak sustatzea, elkarte-sarea eta emakume-elkarteen eta kolektibo feministen parte-hartzea indartuz erabakiak hartzeko orduan, bai horien diseinuan, bai horien jarraipenean eta ebaluazioan.”
