Gaur Balmasedako Udalean egin den Azaroko Ohiko Osoko Bilkuran, aho batez onartu da tentsioan dauden eremuen definizioari buruzko Erakunde Adierazpena, Balmasedako etxebizitzaren egoera hobetzeko lehen urratsa. Jarraian, Adierazpen osoa argitaratzen dugu:

” Etxebizitzarako sarbidean herritarrek bizi duten zailtasun egoera ezaguna da, bai Euskadi osoan, bai Balmasedako udalerrian. Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, gure udalerrian alokairuen batez besteko prezioa %16,5 igo da 2018 eta 2023 urteen artean, eta Kontsumoko Prezioen Indize metatua epe berean %16,1ekoa izan da.

2023ko maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak, Etxebizitzarako Eskubideari buruzkoak, mekanismoak ezartzen ditu administrazio publikoek “merkatu erresidentzial tentsionatutako eremuak” deklaratu eta etxebizitzarako sarbidea baldintza duin eta eskuragarrietan bermatzeko neurri zehatzak hartzeko. Horretarako, arauak eskatzen du udalerriek azterlan tekniko bat egitea, datu objektiboetan oinarrituta, prezioen bilakaera, eskaera, eskaintza eta biztanleriaren baldintza sozioekonomikoak aztertzeko.

Araudia betetzeko eta Balmasedako etxebizitzaren egoeraren benetako eta zehatz argazkia izateko, Udalak Ikertalde Grupo Consultor S.A. enpresa kontratatu du, etxebizitzaren arloan ibilbide luzea duen entitatea eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarentzat eremu tentsionatuen identifikazioari buruzko txosten ofizialen arduraduna.

Diagnostiko honek, gaur egun martxan dagoenak, honakoak ahalbidetuko ditu:

  • • Etxebizitza merkatuaren egoera aztertzea, bai salmentan bai alokairuan, eta azken urteetako bilakaera.
  • • Balmasedako familiek etxebizitza eskuratzeko egiten duten ahalegin ekonomikoa aztertzea.
  • • Etxebizitza hutsaren eragina identifikatzea eta mobilizatzeko aukerak.
  • • Etxebizitzaren eskaera ebaluatzea, bereziki gazteen eta sarbidean zailtasun gehien dituzten kolektiboen artean.
  • Udaleko Ekintza Plana formulatzea, epe labur eta ertainera proposamen eta neurriak jasoz.

Balmasedako Udalaren Osoko Bilkurak, udal talde guztien adostasunarekin, etxebizitzaren arloan erantzukizunez, zehaztasunez eta adostasunez jarduteko konpromisoa adierazten du, diagnostiko horretatik aterako diren emaitzetan oinarrituta.

Halaber, udal honek beharrezko neurriak baloratzea eta aplikatzea konpromisoa hartzen du, udalerrian etxebizitzarako sarbide justua eta eskuragarria bermatzeko, eta —emaitza teknikoek hala gomendatzen badute— Balmaseda merkatu erresidentzial tentsionatutako eremu gisa deklaratzeko eskaera egitea, 12/2023 Legearen eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ezarritako irizpideen arabera.

Era berean, Udalak konpromisoa hartzen du:

  • • Etxebizitza eskuragarri, publiko eta babestuaren eskaintza sustatuko duten udal politikak bultzatzea.
  • • Etxebizitza hutsak alokairu merkatura bideratzea sustatzea.
  • • Birgaitzea eta hirigintza berroneratzea sustatzea.
  • • Eusko Jaurlaritzarekin eta etxebizitzaren arloan eskumena duten beste erakundeekin lankidetza indartzea.

Adierazpen instituzional honekin, Balmasedako Udalak etxebizitzarako eskubidearekin duen konpromiso irmoa berretsi du, kudeaketa publikoaren gardentasunarekin eta datu objektiboetan oinarritutako erabakiak hartzearekin, herritarren onerako.”