
- > Castellano
Galicia Lambarri “Txipu”-k León Felipe eta Irene de Lámbarriri buruzko kontakizun historiko hau oparitu digu. Gaur argitaratzen dugu, Balmasedako “Entre Cantones” blogarekin batera, poetaren izena duen plazan bere bustoa inauguratu baino egun bat lehenago. Ekitaldi horrekin amaituko dira idazle garrantzitsu hori balmasedar guztiei ezagutarazteko egin diren urte osoko jarduerak, gure hiribilduan bizi zeneko mendeurrenaren aitzakia baliatuz.
“Lokomotor berri dirdiratsuaren lurruna arratsaldeko laino itxiarekin nahasten eta lausotzen zen. 1916ko ekaina zen, eta Felipe sortzez zamorarrak erabakia zuen bizitza berri eta ohoragarri bat hastea Balmasedan, Bilbotik gertu zegoen Bizkaiko hiribildu eder eta zahar horretan. Trenaren triki-traka erritmikoak eta bidaiaren luzerak lagundu egin zioten bere bizitza buruan errepasatzen, 32 urteko bizitza, kontraesanez betetakoa.
Familia onekoa bazen ere, benetako bokazioa antzerkiaren eta letren munduan zuen, nahiz eta farmazia-ikasketak eginak izan aitari atsegin egiteko. Semearentzako etorkizun egonkor eta onest bat nahi zuen notario bat zuen aita. Hala ere, bihotzak gidatzen zion ipar-orratz biologikoa, ez burmuinak, eta ordurako huts egina zen hainbat botikatan, lapurretak egina, espetxeratua… Gainera, bere larruzko maleta astunetan ere ezkutuko ekipaje hori zeraman, herri berrian inork jakiterik nahi ez zuena. Bizitza berri bat hastekotan zegoen. Familiaren azken aukera aprobetxatu behar zuen; oraingoan, arrebak eta haren senarrak babestuko zuten; etxeko beroaz gain, hiribilduko farmazietako batez arduratzeko aukera eman zioten.
Geltokiaren alboko zubia gurutzatzean, ibai emaritsu eta gardenaren edertasunak liluratuta utzi zuen, eta areago harritu zen zirimiriaren azpian XV. mendeko eliza gotiko bat ikusi orduko. Ura eta harriak. Mugimendua eta gelditasuna. Transhumantzia eta iraunkortasuna. Hainbeste exodoren ondoren… aurkituko al zuen egonkortasuna?
Bizileku berriko bizimoduan sartu zen, baina ez bere klase sozialari eta lanbide-kategoriari zegokion eran. Ez zuen kaferik hartzen, eta ez zuen parte hartzen San Severino plazako tabernan sendagileak, albaitariak eta parrokoak egiten zituzten tertulietan. Hala ere, berehala, herriko antzerki-taldekoekin harremanetan jarri zen, herri xehearekin obra soilak entseatzeko; interes artistikoak zituen jende umila zen. 4.000 biztanle eskas izanagatik ere, bizitza kultural bizia zuen hiribilduak: antzerki talde hori, musika-banda… Gainera, udaletxeko arkupeetan, sortu berri zen artea ezagutzeko aukera izan zuen: zinematografoa.

Irene de Lámbarri
Bi urte zeraman egonkor (marka zen), baina farmazia ez zebilen oso ondo, hainbat arrazoi zirela-eta: batetik, gure protagonista oso bihozbera zen, eta behar zuten guztiei ematen zien sendabidea, dirua izan, edo hau esan… “Ahal izan orduko ordainduko dizut, don Felipe, zazpi seme-alaba izanda…” Gainera, beste obsesio bat erne zitzaion, eta denbora asko ematen zuen horretan: poesia idaztea.
1918ko uda iristear zegoen, eta, bat-batean, bera agertu zen. Ederra, dotorea, gailena, liraina. Begizta batekin lepo lerdenean lotzen zuen zetazko zapi batekin burura finkatzen zuen kapela finaren azpian, ile horia ikus zitekeen, izurtua, eta hazpegi ezin ederragoko aurpegi bat, non begirada sentsualeko begi handiek atentzioa ematen baitzuten. Jaka estuak leun bularrak eta gerria nabarmentzen zizkion, eta aldaka irmoak oinetaraino iristen zitzaion gona ilunaren azpian susma zitezkeen. Eskularruek, botinek eta larruzko poltsak osatzen zuten jantzi aristokratikoa, azal-zatirik txikiena ere erakusten ez zuena. Irene zuen izena, eta uda pasatzera etorria zen hiribildura, María ahizparekin batera, Silvestre osabaren etxera. Gizon horren berezko aiurri txar ezaguna (bere buruaz oso ona zela zioen… “neska-mutikoei tita kenduz”) areagotu egin zen trena iristearekin batera, kalte egin baitzion haren negozioari: herritarrak eta salgaiak Bilbora garraiatzen zituen zaldi-diligentzia zuen.
Bi ahizpak Perutik zetozen. Herrialde hartara emigratu zuen Isidro de Lámbarrik, haien aitak, eta, urte gutxian, dirutza egin zuen. Inguruan ugari zeuden indiano dirudunen klasekoak ziren. Horietako batzuek eraikiak zituzten etxe galantak hiribilduan, eta eskuzabal eta musu-truk, obra publiko garestiak eta garrantzitsuak ordaintzen zituzten.
Felipek Ireneri begia bota zion. Nahiz eta itxuraz itsusia zen eta gaztea baino hamar bat urte zaharragoa, gizon heldu eta ikasiaren xarma zeukan, eta hitz eder, aberats eta arinekoa zen. Gainera, Cyrano de Bergeracek kontatzen duen moduan, maitasun-poema suharrak idazten zizkion, eta bikoteak amodio-istorio sekretu eta kartsu bat hasi zuen.

Isidro de Lámbarri

Silvestre de Lámbarri
Felipe kontuz ibili bazen ere, bere espetxeko iragan iluna hiribilduko solasetan zabaldu zen, eta Silvestrek jakin egin zuen bere iloba (bere ardurapean zegoena) botikari bohemio, herri-antzezlari, txoriburu eta preso-ohi batekin maitasun-kontuetan zebilelako esamesa. Ezin zuen onartu! Harremanaren berri izan zuenean, bila joan zitzaion, eta ia txintik esan gabe, astindu, eta gaztea bakean utz zezan mehatxatu zuen… bien hobe beharrez.
Jipoituta eta kolpatuta zegoela, bizimodua eta bizitokia aldatzea erabaki zuen. Poetatzat zeukan bere buruan, farmazialaritzat baino gehiago, bohemiotzat diruduntzat baino gehiago, errebeldetzat konformistatzat baino gehiago, eta Silvestre erretxinaren zaplaztekoak pizgarri izan ziren urrats arriskatu eta zail hori egiteko. Gainera, Irenek Perura itzuli behar zuen, eta
Maitaleek Balmaseda utzi zuten, nork bere aldetik, eta Bartzelonan topatu zuten elkar. Kontrastea izugarria izan zen: “Gris y adusto pueblo vizcaíno, donde eternamente cae el agua a manta” (Herri bizkaitar gris eta zakarra, euria erruz egiten duena; idatzi zuen Felipek hiribilduaren omenez idatzitako soneto batean) hori hiri argitsu batekin aldatu zuten, eraikinetako eta kaleko erdi aroko harriak Gaudiren modernismoarekin, zein metropolia betetzen ari baitzen arte eder, asimetriko eta apurtzailearekin… Herri txikiko txutxu-mutxuak ere ahaztu zituzten, zer zen mundu guztiaren bizitza kontrolatzea; hiri handi bateko anonimotasunean libre bizi ahal izango ziren.
Mediterraneora espero zitekeen albisterik onenarekin batera iritsi ziren: Gerra Handia bukatua zegoen, azaroaren 11tik. Bartzelona munduko kultura hiriburua bihurtua zen bidegabekeria horrek iraun zuen lau urte, hiru hilabete eta hamabost egunean. Lurralde neutralean zegoenez, errelebua hartu zien Parisi, Moskuri, Londresi, eta munduko gatazka horretan nahasita zeuden hiri handi guztiei. Oligarkia katalanaren dirutza izugarriek (gerrak lagundu eta handituak) eta mundu osoko artistak bonbardaketarik gabeko hiri batera erbesteratu izanak ekarri zuen asko ugaritzea arte-galeriak, zinema-aretoak, antzokiak eta kabaretak, eraikin berri publiko eta pribatuak, hiri-altzariak (farolak, bankuak, kioskoak…), parkeak, saltokiak…. eta onenak, modernoenak eta berritzaileenak izateko lehiatzen ziren. Irenek eta Felipek Rambletan barrena beren maitasuna erakusten zuten, elkarri lotuta, fruta erosten zuten Boqueria merkatuan (egin berria zegoen burdinazko teilatuarekin, hain modan zegoena urte horietan), eta Irene beti ateratzen zen dendariren batek oparitzen zion lore batekin. Gainera, Liceoko Antzoki Handian, Tito Schipa entzuteko aukera izan zuten, Masseneten “Werter” opera interpretatzen. Obra horretan, protagonista gazteak bere buruaz beste egiten du azkenean, ezinezko maitasun batengatik. Saminez egin zuten negar, zeren, nahiz eta Irenek “galdua” zuen Limara itzultzeko barkua, bereizi egin beharko zuten, eta ez zuten elkar berriro ikusiko.
Egun gutxi batzuk geroago, Pazifikora Panamako kanalean barrena eraman behar zuten trasatlantikoaren ondoan —lau urte lehenago inauguratu zuten—, bere inizialak brodatuta zituen harizko musuzapi batekin lehortu zituen malkoak. Agurtzean, kutunari utzi zion musuzapia, bostehun pezetarekin batera; dirutza handia zen hori, bizirik iraun zezan eta lehen poesiak argitara zitzan.
Bereiztea saihetsezina, mingarria eta atzera-bueltarik gabekoa zen. Itsasontzia urrundu eta itsasertza ikusten ez zenean, perutar ederrari begiak lehortzeko balio izan zioten mila aldiz irakurritako maitasun-poemez suhartutako orriek, eta horrek ahazten lagunduko ziolakoan, Mediterraneoko ur sakonetan bukatu zuten.
1920an, poetak lehen liburua argitaratu zuen: “Versos y oraciones de caminante”, León Felipe sinatuta. Ondoren, gehiago argitaratu zituen, gero eta bortitzagoak, konprometituagoak. Urteak pasatu ziren, gerrak, Mexikoko erbestea. Han egonkortu zen, unibertsitate-irakasle, eta “exodoaren eta negarraren poeta” bihurtu zen. Berta Gamboarekin ezkondu zen.
Bitartean, Perun, Irene familiako bizitza baketsura itzuli zen, eta errusiar jatorriko arkitekto batekin ezkondu zen, Vladimir Mosserrekin.

León Felipe
1946an, León Felipek, jada ezagun zela, bira bat hasi zuen Latinoamerikan; bere poemak irakurtzen zituen. Perun, maitale-ohiek elkar ikusi zuten berriro. Urteak pasatu izanaren eta biak ezkondu izanaren ondorioz (bide batez, ez zuten ondorengorik), 28 urte aurretik bizi izandakoarekin ikustekorik gutxi izan zuen. Bartzelona buruan zuten, ez, ordea, bihotzetan. Felipek utzitako dirua itzuli nahi izan zion Ireneri, baina ez zuen onartu. Nahiago zuen oroitzapen eder, filantropiko eta ezkutukoa gorde, transakzio ekonomiko arruntik gabe. Baina hark zorra kitatu behar zuen. Buruzaletasunak ez zion uzten zorrik edukitzen hainbeste maite izan zuen eta hainbeste lagundu zion inorekin. Bien kontrako asmoek bat egin zuten, poetak mila dolar “eman” baitzizkion Irenek zuzentzen zuen Dama Gupidatsuen Elkarteari.
Balmasedan idatzitako poemei dagokienez… Irenek bere malkoen eta Mediterraneoaren gazian ondoratu zituenez, León Felipek hiribilduaren omenenezko sonetoa besterik ez zuen gorde; azken ahapaldian “la austera estirpe de los rudos vascos” (euskaldun zakarren leinu soila) dio; Silvestre de Lámbarriri buruz ari ote zen?
I. Galicia Lambarri “Txipu”, Balmasedan, 2018ko abenduaren 15ean