
- > Castellano
Balmasedan egingo da Euskal Herriko lehenengo Cittaslow Azoka ekainaren 1ean eta 2an, kultura, tradizioa eta identitatea erakutsiz. Ostiralean, hilak 1, bertaratuko direnak Hiribildua ezagutzeko aukera izango dute bisita gidatu bati esker, eta, besteak beste, Marabaos taldearen zuzenezko emanaldia bizitzeko aukera izango dute Maiken Brewery artisau-garagardotegian.
Ekainaren 2an, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Cittaslow azoka egingo da San Juan plazan. 13:00etan Mungiako Izenaduba Basoaren kalejira izango dugu (euskal mitologiako pertsonaien desfilea). 13:30ean Palseko arroza eta Bubióngo gozoki tipikoak dastatzeko aukera izango da, eta, azkenik, 19:30ean Begurreko “cremat” edari tipikoa banatuko da.
Udalerrien erakusketa San Juan plazan egongo da eta bat etorriko da Cittaslowren Estatuko Koordinazio Batzordearen batzarrarekin. Azken hori larunbat goizean izango da, eta bertan egongo dira espainiar estatuko Cittaslow udalerrietako alkate eta zinegotziak. “Cittaslow bizi-kalitatearen marka indartu nahi dugu”, gogorarazi du Cittaslow Bizi Kalitatearen aldeko Udalerrien Sareko presidente eta nazioarteko presidenteorde Joan Loureirok.
Balmasedako alkate Álvaro Parroren hitzetan: “Udalerrien Sarearen erronka nagusietako bat da Cittaslow proiektua sustatzea hiri-proiektu gisa, eta, horren barruan, bizi-kalitatea eta tradizioekiko, identitatearekiko eta balioekiko maitasuna sendotzea zeharkako hainbat esparrutan, hala nola hezkuntzan, ingurumenean eta gizarte-aurrerabidean”.
Espainiar estatuko Cittaslow sarea
Espainiar estatuko Cittaslow sarea 2003an sortu zen, Palafrugell-en ekimenez. Hasiera-hasieratik, Palafrugell, Pals eta Begur lanean hasi ziren mugimendura atxikitzeko, bizi-filosofia horrekiko interesa erakutsi zuten espainiar estatuko beste udalerri batzuekin batera. Azkenik, 2008an, Mungia, Lekeitio, Rubielos de Mora, Begur eta Palsek Slow udalerrien ziurtagiri ofiziala jaso zuten. Hala, Cittaslow elkartea-Espainiar Estatuko Bizi Kalitatearen aldeko Udalerrien Sarea sortu zen. Aipatutako udalerriez gain, sarean sartu dira Begues, Morella eta Balmaseda. Cittaslow mugimendua Italian jarri zen abian, 1999an, egungo bizi-erritmo frenetikoari aurre egiteko asmoz. Hiri lasaien eta ongi bizitzearen alde egiten du, eta estresaren kontra borrokatzen. Bada, urte gutxitan mugimendua 5 kontinenteetara zabaldu da. Aurreikusita dago ekainean Granadako Alpujarrako Bubión udalerria eta Tenerifeko La Orotava hiribildua sarean sartzea.