
- > Castellano
Urtarrilaren 19tik, Balmasedako gazteek asteburuetan egoteko beste lokal bat daukate, Pio Bermejillo kaleko 40. zenbakian. Gaztetxokoak 111 m2 ditu eta 36.000 € inguruko inbertsioa egin behar izan da (Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Sailak zati bat finantzatzeko diru-laguntza eman du).
Zerbitzu hori 12 eta 30 urte bitarteko neska-mutil guztientzat egongo da irekita. Aste barruan gazte-proiektuetarako, tailerretarako, erakusketetarako eta abarrerako erabili ahal izango da. Horretarako, eskaera egin beharko da aurrean dauden Balmazen gazteria-bulegoetan. Ostiraletan, 17:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 17:30etik 21:30era, harrera-zerbitzua egongo da, eta lokala gazte guztientzat irekita egongo da, txoko bat balitz bezalaxe. Ordu-tarte horietan lokala dinamizatzeko jarri diren joko eta elementu guztiak erabili ahal izango dira.
Gaztetxokoa kolore zuri, berde eta gorriarekin apaindu da, eta Balmasedako mendien horma-irudi handi bat jarri da. Espazioa zabaltzeko, lokalaren bigarren solairua eta eskailera kendu dira. Orain egongela bat dauka, kozinatu ahal izateko office txiki batekin (indukzio-plakak, hozkailua, mikrouhin-labea eta sukaldeko tresnak), eta Interneterako sarbidea duten bi ordenagailu eta Play Station 4 bat ere jarri dira, hainbat jokorekin. Lokalaren beste gune batean soinu-dorre bat jarri da, karaokea egiteko eta wii-arekin jolasteko. Diskoteka txiki hori zelai-itxurako alfonbra baten gainean dago. Horrez gain, ping-pongeko mahai bat (tolestu egiten da, lekua uzteko), futbolin bat, arbel zuri bat, erabilera anitzeko mahaitxo gurpildunak, aulkiak eta tailerretarako material didaktikoa gordetzeko armairu bat jarri dira. Bestetik, proiektore bat eta pantaila gisa erabiliko den horma zuri handi bat ditu. Txoko batean mahai-jokoak eta mezuak dituzten kartel txiki batzuk daude. Ispilu handi bat ere badago, askotariko tailerrak egiteko: gorputz-adierazpena, dantza, antzerkia, etab. Amaitzeko, harrera, esekilekua, biltegia botikinarekin eta komunak daude.
Azken batean, askotariko jarduerak egiteko aukera ematen duen espazio ireki eta minimalista bat da. Balio anitzeko lokal honetan bilerak ere egingo dira; besteak beste, Haur Kontseilua bertan biltzea aurreikusten da, Eskola Bidea proiektua lantzeko, baita Adinekoen Kontseilua ere, Euskadi Lagunkoia proiektuaren barnean.
Inaugurazio-ekitaldian, Balmasedako alkate Álvaro Parrok bertaratutako gaztetxo guztiei gogorarazi zien lokal berri hau ondo pasatzeko dela, baina baita ikasteko ere. Ondoren, Blue taldearen ikuskizun magikoaz eta DJ Slim Daze-en musikaz gozatu ahal izan zuten. Lunch berezi bat ere prestatu zen, eta zenbait opari zozkatu ziren: motxilak, jantzi polarrak, zirak, pendriveak eta telefonorako bateriak. Hauek izan dira zorionezko gazteak: Mohamed Abdi, Asel Maíz, Kimetz Fernández, Jon Baranda, Jasone Pereda, Taleb Bacar, Adrian Ortiz, Nerea Orrantia, Alain Llano, Izaro Salazar, Maider Bodo, Pablo Fuente, Maider Zorrilla, June López, Alize Uceta, Aitor Ugarte, Ander González, Marquel Palacio, María Arribalzaga, Ainhize Salamanca, Aimar González, Josu Arechavala, Rayane Herhar eta Ibai Puertas.
Balmasedako gazteen iritzia kontuan hartu da proiektu hau abian jartzeko. Balmazek bilera ugari egin ditu Zubi Zaharra ikastolaren eta Balmaseda BHIren laguntzarekin, eta 400 ideia baino gehiago bildu dira. Gero, horiek guztiak espazio honetan biltzen saiatu da, ahal izan den heinean. Besteak beste, musika-gunea aipa dezakegu, dantza egiteko eta abesteko lekuarekin, baina baita zenbait gazte-ekintza ere, hala nola dagoeneko lehen jarduerak gauzatu dituen boluntariotza taldea. Beste zenbait ideia ere badaude mahai gainean, nahiz eta oraindik ezin izan diren garatu. Adibidez, erabiltzen ez diren gauzak uzteko armairu bat jartzea proposatu da, beste pertsona batzuek hartu eta erabili ahal izan ditzaten, nolabaiteko truke-sistema berri bat sortuz.
Espero dugu Gaztetxoko berria gure gazteen topagune bihurtzea eta hiribildu osoarentzat interesgarriak eta onuragarriak diren proiektuak sor daitezela, gazteak sustatzaile eta protagonista izango dituztenak. Gazteen aisialdirako zentroak irekita jarraitzen du, egon daitezkeen ideia eta iradokizun berriak jasotzeko.